euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Hizkuntzaren arloa, Euskararen Erakunde Publiko (EEP) sortu berriari utzi dio EKEk; Erramun Baxokek lehendakaritza utzi du, Mikel Erramouspe, lehendakari berria (Berria-n)

13/03/2005

PUBLICIDAD

Nora Arbelbide/Donapaleu. Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) sortu berria dela, bere eginkizunak zehazteko, Euskal Kultura Erakundearekin (EKE) hitzarmena izenpetu zuten atzo goizean Donapaleun, EKEren biltzar nagusiaren karietara. Max Brisson EEPko lehendakaria, Erramun Baxok EKEko lehendakaria edo Suprefeta zein beste hainbat ordezkari han zirelarik egin zen ekitaldia.

EEP sortu aitzin euskalgintza mailako lan publikoa EKEk zuen eramaten. Orain erakunde berria hor dagoela, hizkuntza arloa hark du kudeatuko. Hitzarmenean agertzen den bezala, hemendik aitzina EEPren gain izanen da «gizartean euskara aitzinarazteko politikaren ardatz nagusiak finkatzea eta urraspide eraginkorrak zehaztea». Hala ere, azpimarratzen du katea ezin dela eten; «ezinbesteko da EKEk euskalgintzaren eremuan josi harremanen jarraipena segurtatzea, bidean diren ekintzak gelditzeko arriskurik ez hartzeko».

Aurrekontua ez da oraino finkatua

Aurrekontu zehatzik ez zuten argira eman atzo. Alabaina, EKEren baitan euskalgintzaz arduratzen den lanpostu bat badago. Baliteke arriskuan izatea, nahiz eta Pantxoa Etxegoin EKEko zuzendariak zionez postua atxikitzeko borrokatuko diren. Baliteke beste zeregin batzuei begira arrantolatzea. Beste zenbait elementu ere ez dira oraino arras erabakiak.

Itzulpengintzaren arloan, adibidez. Dirudienez, Etxegoinek erranik momentukotz sail hori EKEren esku izanen da. EEPk itzulpengintza zerbitzu oso baten osatzeko asmoa badu geroan, oraino gogoeta fasean dago. Hemendik laster bilkura bat badute justuki, horretaz guztiaz mintzatzeko. Ororen buru atzo hitzarmena izenpetze formal bat besterik ez zen izan.

Baina izan ere beste aipagairik bilkuran. Erramun Baxoken azkena izan baitzen lehendakari bezala. EKEren sortzaileetariko bat dela, 1990ean sortu zenetik kontseiluan aritu da, eta 10 urtez lehendakari kargua bete du. Hemendik aitzina aholkulari gisa segituko du.

Lehendakari Berria: «Alde bat kultura arloan ariko gara»

EKEren lehendakaritza 10 urtez Erramun Baxokek bete ondoren, Mikel Erramuzperi utzi zion atzo bere lekua. Horrek Baxokek urratu alorren «jarraipena» eginen zuela azaldu zuen. Halere, bide berriak hartzekoak ditu, euskalgintza ez baita gehiago haien esku izanen. «Alde bat kultura arloan ariko gara: kultura barneratuz eta aldi berean irekiz, kalitateari buruz joanez». Erramuzpe bereziki ezagun da Baigorriko ibarrean euskal kulturaren alde egin lanagatik.

(2005-03-13an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia