euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Hizkuntza Politika Nafarroan: PSN eta CDN, jarrerak berriz aztertzeko prest; Chiviteren taldeak «eztabaida sakona» egingo du, eta Allirena D eredua zabaltzearen alde dago (Berria-n)

18/02/2005

PUBLICIDAD

Alberto Barandiaran/Iruñea. Nafarroako hizkuntza politika aztertzeko batzordea martxoaren 15a arte atzeratzea eskatu du PSNk, Carlos Cristobalek aurkeztu duen txostena Zuzendaritza Batzordean eta Erregio Batzordean aztertu arte.

Fernando Puras PSNko talde parlamentarioaren bozeramaileak atzo adierazi zuenez, gaiari «denbora» eskaini nahi dio zuzendaritzak, «aldian aldiko adierazpenak gora behera», eta barne eztabaida bultzatu nahi du. «Alderdian, aspaldian, ez dugu eztabaida orokorrik izan hizkuntza politikaz, eta orain egokia dela iruditzen zaigu», esan zuen Purasek. «Gaiak eskatzen duen seriotasunez eta sakontasunez egin nahi dugu gainera».

Carlos Cristobal parlamentarioaren proposamenaren oinarria, D eredua Iruñerrira Noain eta Elortzibar eta hiri nagusietara zabaltzea da, eta administrazioen dekretua moldatu edo aldatzea. Dena, Euskararen Legea aldatu gabe. Ez dago adostasunik, hala ere, Purasek argitu baitzuen Cristobalena «txostenetako bat» dela. «Kontuan hartuko dugu, baina badira beste lan batzuk, eta debatea elikatu nahi dugu».

CDN ere aldaketak onartzeko prest omen dago. Juan Cruz Allik zuzentzen duen alderdiaren jarrera erabakigarria izango da txosten bateraturen bat lortzeko, eta Carlos Perez Nievasek argitu nahi izan du oinarria hauteskunde programa izango dela, «eta ez UPNrekin dugun gobernu programa».«Adostasuna bilatzeko prest gaude, eta aldaketak nahi ditugu», esan zuen Parlamentuan. «Ez gaude ados administrazioetan euskararen erabilera arautzen duen dekretuarekin, eta, Iruñerrian gutxienez, hizkuntz eremuak aldatu behar direla uste dugu. Hori bai, abertzaleek hamar nahi badute, akaso bat edo birekin konformatu beharko dute».

(2005-02-18an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia