euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Hizkuntza gutxituei buruz eztabaidatuko dute Frantziako Legebiltzarrean Maiatzaren 7an, historian lehen aldikotz

05/05/2008

Gutuna helarazi diote Sarkozyri Euskal Herriko eta eskualdeetako hizkuntzetako ordezkariek heldu den asteko asteazkenean egingo den bilkuraren harira. Ikus beherago agiriaren testua (arg. DailyBanter)
Gutuna helarazi diote Sarkozyri Euskal Herriko eta eskualdeetako hizkuntzetako ordezkariek heldu den asteko asteazkenean egingo den bilkuraren harira. Ikus beherago agiriaren testua (arg. DailyBanter)

PUBLICIDAD

Zaila da Frantzian gauzak mugi araztea euskara eta euskal kulturari batere ez duten gutxieneko babes ofiziala emateko. Hala ere, emeki eta pixkanaka urrats batzuk ari dira ematen, eta oraingoan badirudi gaia Pariseko Legebiltzarrera ekarria izango dela heldu den asteazkenean, maiatzaren 7an. Hizkuntza Gutxituen Euroagiria berrestearena dantzan da berriz ere. Garrantzitsua izan daitekeen Legebiltzarreko saio honen harira, agiri bat plazaratu dute Euskal Herriko eta Frantziako eskualdeetako hizkuntzetako elkarte ordezkariek. Eneko Bidegainek idatzi du artikulua Berria egunkarian.
Ate nagusitik. Orain arte ez bezala, hizkuntza gutxituen eztabaida Frantziako Legebiltzarreko gai ordenean ezarri dute. «Orain arte leiho txikitik sartzen zen, eta leihotik ateratzen», azaldu du Jakes Bortairu Euskal Konfederazioko kideak. Maiatzaren 7an, Frantziako diputatuek eztabaida ukanen dute hizkuntza gutxituen inguruan, hizkuntza gutxituen euroagiria berresteari begira.

Lehen ere aipatu izan dituzte hizkuntza gutxituak Frantziako Legebiltzarrean. Azkenik, iazko urte bukaeran, Konstituzioaren erreformari buruzko eztabaida baten barnean. Diputatu batzuk (gehienetan Bretainiakoak) ahalegindu ohi dira hizkuntza gutxituen onarpenari buruzko emendakinak aurkezten, beste eztabaida batzuez baliatuz. Aldi oro, guztiz baztertuak izaten dira eskaera horiek.

François Fillon Frantziako lehen ministroak baztertu zuen, azkenik, hizkuntza gutxituen aldeko neurri bat onartzea. Haatik, horri buruzko eztabaida bat antolatuko zuela hitz eman zuen. Eztabaida hori da maiatzaren 7rako iragarri dutena. Nicolas Sarkozy Frantziako lehendakariak --hauteskunde kanpainan-- erran zuen ez zela euroagiria berrestearen alde, baina hizkuntza gutxituen «egoera behin betiko segurtatzeko» gisako lege bat egitea hobeki ikusten zuela. Lege horrek hizkuntza gutxituei «ezagupen juridikoa» emanen lieke.

Maiatzaren 7an ez dute lege proiektu bati buruz eztabaidatuko, eta ez dute deus erabakiko. Txosten egile bat izendatuko dute eta lan talde bat sortuko. Euroagiria hartu behar lukete oinarri gisa.

Marc Le Fur Bretainiako diputatu (UMP) eta Asanblea Nazionaleko lehendakariordeak hartu behar luke hitza. Azken lau urteetan hiru aldiz ekarri du hizkuntza gutxituen gaia Legebiltzarrera. Frantziako Konstituzioari gehitzeko emendakin bat aurkeztu zuen, hizkuntza gutxituak onartuak izan zitezen.

«Eztabaida historikoa da», dio Le Furrek. «Eskualde hizkuntzak dituzten tokietako diputatu anitz bada, eta gaurtik mobilizatuak dira gai horren inguruan. Maiatzaren 7an han izateko gonbita egiten diet», dio bere blogean.

Euskal diputatuei deia

Beren burua ez dute hainbeste agertu, ordea, Ipar Euskal Herriko diputatuek, hala nola Daniel Poulou eta Jean Grenetek. Euskal Konfederazioak diputatu horiengana joateko xedea dauka. «Espero dugu han izanen direla, eztabaidan parte hartuko dutela eta fermuki ariko direla beren herritarren alde, herri hizkuntzak babesteko», azpimarratu du Jakes Bortairuk.

Korsikako, Bretainiako, Alsaziako, Ipar Kataluniako, Okzitaniako eta Reunion uharteko beste elkarte batzuekin elkartu da Euskal Konfederazioa. Beren hizkuntzen ofizialtasuna lortzeko, elkarrekin zer egin dezaketen aztertzeko bildu ziren, martxoaren 26an, Parisen. François Fillon lehen ministroak iragarri duen eztabaidaz baliatuz, erakunde horiek guztiek gutun bat igorri diote Nicolas Sarkozyri. Gutun horri gehitu dioten azalpenean oroitarazten diote zer erran zuen hauteskunde kanpaina denboran. Maiatzaren 7ko eztabaida ez dadin «biharamunik gabea» izan galdegin diote. «Guk nahi ditugun legeak guztiz obragarriak dira, eta Frantziak nazioarteko engaiamenduak beteko lituzke».


AGIRIA: ESKUALDE HIZKUNTZEN LEGEZKO ESTATUTU BATEN ALDE

Anem Oc (Okzitania), Bretainiako Kultura Kontseilua (Bretainia), Alsaziako eta Moselleeko Kultura eta Elebitasun (Alsazia), La Federació (Katalunia), Lofis, Tikouti, Creole Hizkuntzako Irakasleen Elkartea (Reunion Uhartea), Parlemu Corsu (Korsika) eta Euskal Konfederazioak (Euskal Herria) ohar hau egin dute publiko, Frantziako Asanbladak proposatutako eztabaidaren harira. Gutuna Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari igorriko diote:

Kultur eta hizkuntz aniztasunaren zaintzea gizadiaren erronka nagusietariko bat da. Aldeko politika publikorik garatzen ez denez eta legezko estatuturik ez dutenez, gure hizkuntzak ez dira beren biziraupena segurtatuko luketen baldintzetan transmititzen eta garatzen.

Badu hogeita hamar urte baino gehiago nazioarteko eta Europako erakundeek (Europako Parlamentua, Europako Kontseilua, Europako segurtasun eta kooperazioari buruzko Konferentziak, Nazio Batuak, UNESCO) hizkuntzek gizadiaren ondarean duten garrantzia etengabe azpimarratzen dutela eta Estatuak neurri egokiak hartzera bultzatzen dituztela hizkuntzen defentsa eta garapena segurtatzeko, eskualde hizkuntzen edo hizkuntza gutituen kasuan bereziki.

Hala eta guztiz ere, Frantzia, «Giza Eskubideen Herria», aspaldidanik ari da frantsesa ez den bere lurraldean present diren hizkuntzen kontrako hizkuntza politika eramaten. Gaur egun ere, Eskualde eta Hizkuntza Gutituen Aldeko Europako Karta (1992koa) ez du berretsi nahi, Konstituzioaren 2. artikuluaren irakurketa berezia egiten du eskualde hizkuntzen eta hizkuntza gutituen kontra egiteko, hastapeneko helburutik horrela aldenduz.

Nazioarteko eta Europako testuekin bat eginez pentsatzen dugu:

-Gizakien arteko harremanetarako baliatzen diren heinean, hizkuntza guziak maila berean kokatzen direla

-Hizkuntza guziek balio berdina dutela, hizkuntza horien hiztunek dignitate berdina duten bezalaxe

-Hizkuntza guziek, berez, garatzeko gaitasun berdina badutela

-Hiztun guziak berdintasunez tratatu behar direla eta bakoitzak bere hizkuntza eskuratu eta transmititu, erabili eta garatzeko eskubidea duela, arlo pribatuan zein publikoan

Printzipio horiek kontuan harturik, gure hizkuntzen aldeko legezko antolaketa juridikoa aldarrikatzen dugu baita ere hizkuntza politika ausart eta eraginkorren ezartzea gure lurraldeetan, lortu beharreko helburuak finkatzen dituztenak eta berauek garatzeko beharrezkoak diren giza eta diru baliabideak ukanen dituztenak. Instituzio bakoitzak doazkion eginkizunak bete behar baditu ere (herriek, Herri Elkargoek, Eskualdeek), Estatuari doakio legedia egokitzea (Konstituzioa aldatzea, lege berezia ezartzea, eskualde hizkuntzari koofizialtasun estatutua ematea lurralde batek hala eskatzen baldin badu...).

Aldarrikapen horiek guziek helburu bakarra dute: gure hizkuntzak biziaraztea eta erabili nahi dituztenei horretarako parada ematea.

2008: Hizkuntzen Nazioarteko Urtea!


(2008-04-22an Berria-n argitara emana)


Lotura interesgarriak

Euskararen Erakunde Publikoa (EEP)
Euskararen Erakunde Publikoa-Office Public de la langue basque

Euskara Iparraldean: Berreskuratzeko politika ala hiltzearen kudeatzea
Emilio Lopez Adan 'Beltza'ren artikulua Bagera.net webgunean

Frantziak gomendioak betetzen ez dituela salatu du Kontseiluak
Erabili.com webgunean argitara emana

Euskara Iparraldean gaia Argiaren Larrun-en
Erramun Baxok, Itxaro Borda, Beltza eta Mixel Oronos solaskide

Iparraldean garatzen ari den hizkuntz politika publikoaren proiektuaz
Jean-Baptiste Battittu Coyos gipuzkoaeuskara.net-en


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia