euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Hizkuntza eskubideen bermea eskatu dio Euskal Herrian Euskarazko (EHE) ordezkaritza batek Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteari (Berria-n)

16/02/2006

PUBLICIDAD

Aitor Renteria/Baiona. Euskal Herrian Euskaraz taldeko ordezkaritza batek haur guztien hizkuntza eskubideak berma ditzan eskatu dio gutunez Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteari. Ikasketak osoki euskaraz egiteko jartzen dituen oztopak ken ditzan eskatu dio EHEk Frantziako administrazioari. Eskaria eskolak euskaldundu behar du kanpainaren karietara egin du EHEk.

Gaur egun ikasleen %20,7k ez dute euskararik ikasgaietan, %24,6k euskara ikasgai soiltzat daukate, %16,7k oren kopuru bera dute euskaraz eta erdaraz eta %38k euskaraz jasotzen du eskola. Lapurdin kopuruak larriagoak dira: %78,1 erdara hutsez ari dira, %8,8k euskara ikasgai gisa daukate, % 9,2k kopuru bera euskaraz eta erderaz eta soilik ikasleen %4k jasotzen dituzte klase guztiak euskaraz.

EEPk hizkuntza politikaren erantzunkizuna du Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Estatua EEPren ordezkaria denez, koherentzia falta izugarria deritzo EHEk EEPri. «Ele ederrak dituzte baina ekintzetan egiazko aurpegia erakusten du Frantziak» dio Yves Matxikote EHEko eledunak.

Haur bat Seaskatik ateratzeko agindua eman zuen epailearen jarrera ez dela salbuespen nabarmendu du Matxikotek, usu errepikatzen den irizpide adierazgarria baizik.

(2006-02-16an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia