Berlin, Alemania. 82 urte beteko dira ostiral honetan hegazkin naziek Gernika bonbardatu eta birrindu zutenetik. Eguna bereziki oroitua da Gernikan eta Euskal Herrian, eta mundu osoan ere asko izango dira oroitzapen ekitaldietan bat egingo duten euskal etxeak. Hitzordu berezienetako bat, urtero, Berlinen 'Gernika' euskal etxekoek egiten dutena da, aurten are bereziago "Himmelstausch" edo "Zeru-trukaketa" prestatu baitute: Apirilaren 26an, Berlingo zeruetara Gernikako zeru puska bat igoko dute, eta geroago, irailaren 21ean, Bakearen Nazioarteko Egunean, Berlingo zerua Gernikara.
Proiektua Friburgoko Michael Klant artistarena da, Berlingo Euskal Etxea laguntzaile, eta Gernikako zeru pusketa baten 100 m² inguruko margolana zabalduko du hegazkin batek isats gisa eramana Berlingo zeruan. Klanten familiak lotura izan zuen 1937an Espainiako Gerra Zibilarekin eta artistak aurten Gernikan ateratako argazki bat abiapuntu Berlingo artista talde bat eta gernikar talde bat elkartu zituen beharrean: Damaris Pan, pintura irakaslea EHU-n; Maik Sinz, Berlingo Deutsche Oper-ko pintura tailerren zuzendaria; Simone Hennig artista eta Maitane Azurmendi eta Angela Lopez, Gernikako Lobak elkartekoak, sorkuntza proiektuak sustatzen dituen 1937ko biktimen loben belaunaldikoak.
Berlinen garrantzi historikoa duten lekuen gainetik egingo da hegaldia. Han Grande abiazio eskolako Thomas Hennig pilotua irudiaren banner edo pankartarekin aireratuko da Berlin-Gatow aireportutik, gaur egun itxita dagoen eta nazional-sozialismoaren garaian zinez aktibo eta garrantzitsu izan zen aireportutik. Izan ere, propio zabalduko da "Zeru-trukaketa“ proiektu honetarako.
Robin 400 hegazkin historikoak eramango du Gernikako zeruaren irudia eta besteak beste Spanische Allee etorbidearen gainetik egingo du hegan (urte haietan, Kondor Legioa ohoratzeko desfilearen karietara honela deitua) eta hiriaren gaineko ordu t'erdiko hegaldia egingo du berriz Gatow-ra itzuli aurretik. Lurra hartu aurretik pankarta askatuko du, honek erortzean forma ikusgarriak hartuko dituela, beheranzko mugimendu dinamikoa eta lainoen mugaz gaindiko motiboaren bidez, airetik egindako balizko suntsiketen alternatiba bat irudikatuz.
Irailaren 21ean, Nazio Batuen Bakearen Nazioarteko Egunean, ekitaldiaren bigarren atalari ekingo zaio: Berlingo zeru lainotu baten hegaldia Gernika gainera eramango du, Gernika Gogoratuz eta Lobak elkarteak ere partaide izango dituen proiektuan.
XEHETASUNAK
-Noiz: 2019ko apirilaren 26a, ostirala
-Ordua: 15:00etatik 17:00etara
-Non: Historia Militarraren Museoa, Am Flugplatz Gatow 33, 14089 Berlin
Bisitariei Berlin-Gatow aireportuan egingo zaie ongi etorria. Pankartaren aireratze eta lur hartzearen arteko tartean Museoan bisita gidatua egiteko aukera egongo da.
Eguraldia dela eta atzeratu beharko balitz, ekitaldia ondoko egunetan egingo da ekitaldia:
-Larunbata, 2019.04.27, 10:00etatik 12:00etara
-Ostirala, 2019.05.10, 15:00etatik 17:00etara
-Larunbata, 2019.05.11, 10:00etatik 12:00etara.
Informazio gehiago
-Webguneak: www.michaelklant.de, Projects • www.himmelstausch.de
-Instagram: #himmelstausch Kulturmanagement formixx, Hans-J. Schwarzer
-Emaila: info@formixx.de
-Tel: 0761-559260 eta 0171-3382036
Himmelstausch / Zeru-trukaketa – Gernika eta Berlinerako proiektua
Zerua zeharkatzen duten hodeiak dira naturak gizakiari eskain dakiokeen ikuskizun adierazkor eta aldakorrena. Hodeiek ikuslearen fantasia kilika dezakete, bedeinkapena zein zoritxarra ohartaraz dezaketen bezala. Beraien errepresentazioak tradizio zaharra dauka artearen historian. Hasieran, eredu jainkotiarrak irudikatzen zituzten, 1802tik aurrera, gaur egun arte dirauen sailkapen zientifikoen arabera izendatzen dira: Cirrus, Cumulus, Nimbus eta Stratus.
Alderdi estetiko, metafisiko eta metereologikoak alde batera utzirik ere, hodeien iruditeriak dimentsio politiko bat ere badauka: hodeiak askatasunaren eredu dira, forma eta molde unibertsalen jabe, nazioek ezarritako mugez gain dabiltzanak. Baina, XX. mendetik aurrera, zerutik ez datorzkigu bakarrik naturaren arriskuak, mehatxu militarrak ere bai. 1937ko apirilaren 26an, Espainiako Gerra Zibilaren (1936-1939) erdian, Condor Legio alemaniarraren bonbek armada italiarraren laguntzaz Gernika hiri euskalduna suntsitu zuten. Eraso haren oroimenak bizirik dirau arteari esker: Pablo Picassok 1937ko Pariseko Erakusketa Unibertsalerako margotu zuen “Guernica” artelanak erakutsi bezala.
Espainiako Gerra Zibilean, Franco general eskuindarrak bultzatutako estatu kolpeak demokratikoki hautatutako Errepublika deuseztu zuen, arma eta teknika militar berriak probatu zituzten alemaniar eta italiarren laguntza militarrarekin. Ondorengo II Mundu Gerran (1939-1945) teknika horiek berrerabili zituzten, beste hiri asko zerutik suntsituz, besteak beste Berlin, Alemaniako hiriburua, 1933tik faxisten esku zegoena.
Himmelstausch / Zeru-trukaketa proiektuak Berlin eta Gernikako zeruak artistikoki elkar lotzeko asmoa du. Berlinen hegazkin bati lotutako pankarta baten bidez, Gernikako zerua erakutsiko da. Gernikan, era berean, Berlingo zerua agertuko da. Inbasio artistiko bat izango da hau, memoria bultzatzeko bake-mezu bat, jendea berradiskidetzeko ekintza bat, gatazka nazionalak berragertzen ari diren garai honetan inoiz baino garrantzitsuagoa baizaigu.
Irudiak nazioarteko artista talde batek egingo ditu, lekuan lekuko argazkietan oinarritutako margoak sortuz. Beraien elkarlanak sinbolizatuko du bi hirien arteko lotura. Hegazkinek tiratutako pankartak lurreratu aurretik bota behar direnez, ekintza ez da bakarrik mugazgain doazen hodeien bidez irudikatuko, baita ere zerua zeharkatzen duen pankartak irudikatutako bake-mezu bezala, suntsiketaren kontra-eredu poetiko bezala uler daitekeena