euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Gure Irratiak 40.000 euro faltan ditu Uztaritzen plantatzeko; Irratiak Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) eta Eusko Jaurlaritzaren engaiamendu epela nabarmendu du (Berria-n)

06/01/2006

PUBLICIDAD

Aitor Renteria/Baiona. Gure Irratiak duela urtebete abiatu zuen kanpaina estudioak Uztaritzen (Lapurdi) plantatu ahal izateko. 185.000 euro behar zituen xedea abiarazteko. Oraindik 40.000 euro falta zaio aurrekontu hori betetzeko. Agus Hernan Gure Irratiko zuzendariak azaldu duenez, martxo hondarrean bukatuko dira lanak eta udaberrian hasi nahi dute Uztaritzetik emititzen.

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) 50.000 euro eman ditu xedea laguntzeko, Udalbidek 56.000 euro, Lapurdiko Herriko Etxeek 10.000 euro eta entzuleek 15.000 euro. Oraindik Lapurdiko Herriko Etxe guztien itzulia bukatu behar du Gure irratiak eta bertze 5.000 euro lortzea espero du. Lapurdiko bi herrik ez dute onartu laguntza ematea, Arrangoitzek eta Baionak. «Baionesek ez lukete ulertuko dirua ematea Uztaritzen plantatuko den egitasmo bat laguntzeko», adierazi du Jean Grenet Baionako auzapezak. Falta zaion kopurua lortzeko herritarrengana jo beharko du Gure Irratiak. Kari horretara hainbat ekimen burutuko ditu martxoa bitartean: urtarrilaren 14an kontzertua eginen du Baionan, Kuraia, Sorkun eta 717 taldeekin. Enpresengana ere joko du. Zuberoan ere kantaldi bat antolatu dute Lapurdiko xedeari laguntza emateko.

Laguntza ugari

Dagoeneko 400 enpresarekin sartu da harremanetan Gure Irratia. Artistek ere laguntza eskaini diote Gure Irratiari eta erakusketa bat antolatzeko xedea daukate. Bertan saldu artelanetatiko dirua Uztaritzeko xedea bultzatzeko baliatuko dute. Azkenik, Gure Irratiak kanpaina berezia antolatu du Lapurdiko irratiei begira. Irratiak Bidean izeneko argitalpen bat ekoitzi nahi du eta bertan bilduko dira elkarteen jarduerak.

«Menturaz konfiantza handiegiarekin abiatu gara, baina engaiamendu handiagoa espero genuen Eusko Jaurlaritzaren partetik», dio Hernanek. Euskararen aldeko hainbat egitasmotan laguntza handiagoak eman dituela ekarri du gogora. «Ikusita zein den euskararen egoera Lapurdin eta jakinez irratiaren aldeko parioa estrategikoa dela Iparraldean, Eusko Jaurlaritzaren laguntza handiagoa izanen zela espero genuen». EEPren partetik ere laguntza erabakigarriagoa espero zuen Gure Irratiak. «Irratiaren xedea estrategikoa da ondoko 20 urteoi begira, anitz direlako euskararekiko harreman bakarra Gure Irratiaren bidez duten herritarrak». EEPk hizkuntza politika publikoaren gidaritza hartuta, funtsezko engaiamendua hartuko zuela espero zuen Gure Irratiak eta ez da horrela izan.

«Euskararen geroa jokoan dago eta argi ikus daiteke hori urteotan egin dituzten inkestetan. Orduan, zergatik egiten zaigu hain zaila eragileoi Botere Publikoen laguntza eskuratzea?», galdetu du Hernanek. Lasterketa luze bateko azken 100 metroak betetzeko xedea du irratiaren kanpainako txanpa honek. Botere Publikoek engaiamendu handiagoa hartu bitartean, herritarrena baitaezkoa da euskararen geroa bermatzeko da eta Hernanek eskerrak eman dizkie euskaltzaleei.

(Berria-k 2006-01-06an argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia