euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Guraso zuberotarren seme Pariseko Diasporan sortu zen Jon Mirande idazlea hil zela 34 beteko dira gaur

28/12/2005

Jon Mirande, Parisen hezi eta bizi izan zen euskal idazle heterodoxo eta berritzailea (Bidegileak arg.)
Jon Mirande, Parisen hezi eta bizi izan zen euskal idazle heterodoxo eta berritzailea (Bidegileak arg.)

PUBLICIDAD

Jon Mirande, Parisera emigratu zuten guraso zuberotarren semea, euskal literaturak eman duen idazle berezienetako bat da. Bizi osoa Parisen eman bazuen ere euskara ikasi eta bere lana hizkuntza honetan burutzea erabaki zuen. Ameriketako Diasporarekin harreman estua izan zuen, eta Andima Ibiñagabeitia lagunaren eskutik Guatemalan argitaratzen zen Euzko-Gogoa aldizkarian kolaboratu zuen, pentsaera, estilo eta gai berritzaile eta probokatiboak jorratuz.
Jon Mirande 1925ean jaio zen Parisen, gurasoak jatorriz zuberotarrak bazituen ere. Bere aita, Jean Mirande, Garindainekoa zen eta ama, Marie Ayphasorho, Sohütakoa. Biak Frantziako hiriburura joan ziren lan bila eta han jaio ziren Marie, lehen alaba, eta Jon semea. Bigarren Mundu gerra bukatu ondoren Mirande Frantziako Finantza Ministerioan hasi zen lanean, itzulpenak eta bestelakoak burutzen. Lan honek ez zuen asetzen Mirande gaztea, 'Paris-Beuret' poeman ikusi daitekeenez, eta hizkuntzak eta literatura jorratzeari ekin zion.

Euskara ikasteko grina sortu zitzaion, Euskal Herriari buruz lortzen zituen liburu guztiak bildu eta irakurriz. Euskara ikastea lortu eta bere sorkuntza lanak hizkuntza honetan egiteko erabakia hartu zuen. Berak euskaldunberritzat hartu zuen beti bere burua.

Andima Ibiñagabeitia idazle elantxobetarrarekin harreman estuak izan zituen, eta bere eraginez Edgar Allan Poe, Per Denez, F. Nietzsche eta F. García Lorca bezalako idazleen lanak itzuli zituen. Miranderen artikulu asko Jokin Zaitegik Guatemalan zuzentzen zuen Euzko-Gogoa eta Gernikan argitaratu zituen. Bere artikulu eta lanek hautsak harrotu zituzten euskal abertzaletasun ortodoxoaren munduan, Miranderen jarrera heterodoxo eta gai probokatzaileak medio.

Haur besoetakoa eleberri polemikoa

1958an Venezuelara joana zen Ibiñagabeitiak Irrintzi aldizkaria sortu zuen Caracasen, eta bertan ere Mirandek parte hartu zuen. Hurrengo urtean, 1959an, bukatu zuen Mirandek Haur besoetakoa eleberria, Vladimir Nabokoven Lolitarekin konparatua izan dena. Halere nobelak ez zuen editorerik lortu, garaiko intolerantziaren lekuko.

Txomin Peillenekin batera 1962an Igela, euskaldun heterodoxoen errebista sortzen du, sei ale plazaratu zituztelarik. Azkenik, Lur Argitaletxeak 1970ean argitaratu zuen Haur besoetakoa, Gabriel Arestiren aurkezpen kritiko batekin. Liburuak arrakasta izan zuen eta ondoren edizio ugari ezagutuko zituen. Baina Mirandek ez zuen arrakasta honetaz gozatzeko asti askorik izan, eritasun psikiko luze baten ondoren hil baitzen --bere buruaz beste egin zuen ote zuen susmoa ere bada-- 1972ko abenduaren 28an.


Lotura interesgarriak

Literaturaren Zubitegia
zubitegia.armiarma.com

Jon Mirande Bidegileak bilduman
Lourdes Otaegiren eskutik

Jon Mirande irakurtzeko gida
Koldo Mitxelena liburutegiak egina

Andima Ibiñagabeitia, Euzko-Gogoa aldizkariaren sustatzaile
Euskalkultura.comen argitaratua 2005eko urtarrilaren 26ean


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia