euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Gratien Ernaut, artzain urepeldarra: «1949. urteko uztailaren 29a. Egun ederra. Dirua irabazi behar zen...»

27/09/2007

Gratien Ernaut urepeldarra zazpi urtez izan zen artzain Ameriketan (argazkia Xan Aire)
Gratien Ernaut urepeldarra zazpi urtez izan zen artzain Ameriketan (argazkia Xan Aire)

PUBLICIDAD

Ez da bizibide erraza izan Ameriketara artzain joan ziren euskaldunena. Denborak, batzuetan, une gaiztoak ahantzi arazi eta une goxoak ekar arazten dizkigu memoriora. Gazi-gozoak tarteko, badira ongi pasatu ziren ixtorio eta kasuak eta badira Ameriketan geldituz edo berriz ere Euskal Herrira etorriz euren pasarte amerikanua nekez gogoratu nahi dutenak. Eta bitarte horretan galdu direnak. Guztia Ameriketako euskal esperientzia honen parte. Xan Airek, bera ere Ameriketaratutako frango dituen familiakoa, emana du argitara Gratien Ernaut urepeldarrari eginiko elkarrizketa hau Berria egunkarian.
Sukalde xokoan egin du ongietorria Biperrenea etxeko nagusiak, Gratien Ernautek. Zigarroa poliki piztu eta hitz egiten hasi da. Euskal Herriko artzain anitzek bezala, Urepele sorterritik ilusioarekin joan zen Amerikara, baina oroitzapen on gutirekin sartu etxera, zazpi urte berantago.

-Urepeletik joan zinen egunaz oroitzen zara?

1949. urteko uztailaren 29a. Egun ederra. Dirua irabazi behar zen… Hemengo etxeetan jende anitz bazen, ez zen denendako lanik. Gu bost haurride ginen, ni bigarrena. Antton Kandidak, nire lagunak, egun batez erran zidan Ameriketara joan nahi zuela. Eta ni ere asmo berarekin nenbilen…

-Zer gogorekin joan zineten?

Kontent! Lanera, dirua irabazteko segurtasunarekin. Gainera, osabak pagatu zidan bidaia. Hark bizia Mexiko Berriko estatuan egina zuen, arrantxo baten arduraduna zen han. 2.000 ardi zituen, eta 1.500 behi. Urepeleko etxalde handienak 20 behi zituen… Gehienetan zazpi zortzi buru ziren. Bizitzeko manerarik ez zen. Eta mutikoak 18 urte inguruetan,joaten ziren.

-Mexiko Berrira iristean, zein inpresio izan zenuen?

Inpresio ona… Lekuko handitasunak harriturik, kristoren ilusioa pizturik. Ibar osoak pertsona batenak ziren, ikaragarrizko etxaldeak ziren. Kamioiak denetan. Ibarrak desertua iduri zuen, baina euria egin orduko belarra sortzen zen… 40 zentimetroko belarra ! Mirakulua iduritzen zitzaidan. Lanean hasi ginen, 13 orduz egunero, baina baldintza onetan. Arrantxoak behar ziren tresnak zituen, baita zaldiak ere, denak baziren. Diruarekin nahiko zuhur haatik. 100 dolarreko hilabete saria nuen, eta azkenean 250 dolar irabazten nituen.

-Baina gero, arrantxo hori utzi zenuen… Zergatik?

Pentsaketetan hasia nintzen, beste bazterrak ikusi nahi nituen… Eta Kalifornian diru gehiago irabazten omen zen. Baina gau bateko gertakariak dena erabaki zuen. Ohera joan berriak ginen osaba eta biok. Bat-batean, tipo handi bat nire gainean nuen, labana batekin mehatxatzen ninduen. Sukaldera eramanarazi ninduen, eta han osaba ikusi nuen, beste gizon batek pistolarekin atxikitzen zuela. Dirua nahi zuten. Osabari txeke gotor bat eginarazi zioten, 1.500 dolarrekoa. Gero, kanpora eramanazi genituzten, eta batek erran zuen hil beharko gintuztela, ez salatuak izateko. Osabari keinu bat egin, eta bakoitza gure aldetik korrika ihes egin genuen. Ez dakit nondik etorri zitzaidan burura armadan ikasitako teknika, sigi-saga korrika egiteko teknika. Horrek salbatu ninduen, bala batek harri bat zartatu zuen nire ondoan. Hamar kilometroz ihes egin nuen, auzoko arrantxora, osabaren familiakoak. Haiekin berriz joan ginen tiroketak izan ziren lekura. Eta osaba han aurkitu nuen, lurrean, bala bat bizkarrean... Eta bestea buruan.

-Hortik joan behar izan zenuen gero...

Bai... Kaliforniara joan nintzen. 8 hilabetez han egon nintzen, artzain. Aspertzen nintzen, ez genuen deus egitekorik. Akordeoi bat erosi nuen. Gero berriz Mexiko Berrira... Baina oroitzapen latzak nituen han, eta Montanara joateko erran zidaten. Auto bat erosi eta abiatu nintzen. Montanan hiru hilabetez 1.500 ardi zaindu. Bakarrik. Ikaragarrizko hotza. Ez dakit nolaz bizi atera naizen handik. Jatekoa helikoptero batek ekartzen zidan. Lan guziak eskuz egin behar. Gazte nintzen, eta beharrik. Baina MexikoBerrira itzuli nintzen, eta Urepeleko bidea hartu, autoz, kasik jakin gabe nora joaten nintzen. Eta 1956ko azaroan, Urepelera iritsi. Zazpi urte eta hiru hilabete berantago.

-Gogotik...

Bai, oroitzapen on gutirekin. Egia erran, oroitzapen txarrik baizik ez dut nire Amerikako biziaz.

-Berriz itzuli zara ibili zinen lekuetara?

Ez, aukerak izan ditut behin baino gehiagotan. Baina ez naiz joan. Ez nintzen joaten ahal. Gehiegi sufritu dut han. Diru pixka bat irabazia nuen, baina miseria han ezagutua. Montanako mendian bizitzeak ez du balio! Eta bakardadea ere bazen. Euskaldun guti gurutzatu ditut hainbeste urtez. Nirekin batean joana zen laguna ere itzuli zen, urte bat berantago.

-Artzainen omenaldira joanen zara?

Ez. Emazteak erraten dit bestei plazer egin behar dela batzuetan, joan behar dudala omenaldira. Baina ez dut sufritu nahi.

(2007-09-26an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia