euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Goi mailako olioa ematen duten olibondo lursailak daude Euskal Herrian; olio nafarra Andaluziako onenen pareko

18/12/2004

Olibondo hosto eta adarskak
Olibondo hosto eta adarskak

PUBLICIDAD

Goi mailako olioa ematen duten olibondo lursailak daude Euskal Herrian, bereziki Nafarroan eta neurri apalagoan Arabako Errioxan. Poliki-poliki gorantz doan sektorea da. Olibaren uzta azken urteotan 4 milioi kilotik gora dabil. Kopuru horrek oliotan 1.350.000 litro ematen ditu. Euskal Herriko olibondo eta olioari buruzko erreportaia, joan den asteko Argia aldizkariak argitara emandako erreportaia honetan.
Gure artean, ziur asko, egongo da Euskal Herrian --Nafarroan eta Arabako Errioxan, esaterako-- olibondoz landatutako lursailak ere badaudela eta olioa ekoizten dela ez dakienik. Goi mailako olioa daukagu, gainera; marka andaluziar onenen parekoa. Euskal lurraldeei dagokienez, Nafarroan dauka oliba sektoreak garrantzirik handiena, eta sektore hori hazten ari da, gainera, etengabe eta modu ikusgarrian. Azken urteotako uztetan Hego Euskal Herrian lau milioi kilotik gora oliba jaso dira eta horiekin 1.350.000 litro olio inguru egin dira, gehiena Nafarroan. Jadanik 1929. urtean Nafarroako olioak lortu zuen Sevillako Mundu Erakusketan, Andaluzian bertan, olio onenaren saria. Eta antzekoa gertatu zen 40 eta 50eko hamarkadetan. Aldian behin Espainiako Estatuko hainbat lekutan egiten diren olio dastaprobetan, olio nafarrak lortzen ditu puntuaziorik onenak.

Lizarraldea eta Erribera, eskualde ekoizle nagusiak

Bi dira Nafarroako eskualde oliba-olio ekoizlerik bikainenak: Lizarraldea eta Erribera. Bien artean 4.660 hektareako azalera eta milioitik gorako olibondo kopurua dauzkate. Erdiak baino gehiago, 550.000 olibondo, Arroitzeko Mendia izeneko olibak xehatzeko errotako bazkideenak dira. Mendiak biltzen ditu Lizarraldeko eta Tafallaldeko nahiz Zangozaldeko beste zenbait herritako ekoizleak. Beste 487.000 olibondo daude Erriberako herrietan: Ablitasko olibak xehatzeko erroten inguruan 70.000 olibondo daude, Cascanten beste 67.000, eta Cintruenigoko errota berriaren inguruan beste 350.000.

Nabarmendu beharrekoa da Nafarroako oliba ekoizpena gorantz doala azken urteotan. Horren erakusgarri dira azken urteetan ugaritzen ari diren olibondoz landatutako lursail berriak. Lizarraldean jadanik badaude lau eta bost urteko 250.000 olibondo eta Erriberan adin bereko beste 160.000 daude. Adituek diotenez, olibondoak landatu eta handik hiru urtera hasten dira oliba bat edo beste ematen, eta bost urte betetzen dituztenerako, bost eta zazpi kilo artean eman ohi dute. Gainera, behin landatuta bizitza osorako irauten duten zuhaitzak dira. Arroitzetik gertu sail landatu esperimentala dago Olioaren Kudeaketarako Institutu Teknikoaren (ITGA) kontrolpean. Bertan, hamar kilo oliba ere ematen dituzten bost urteko olibondoak lortu dituzte.

Oliba nafarren batez besteko etekina bikaina da, eta Espainiako Estatuko beste zenbait eskualdetan harrituta gelditzen dira. Jatorri ezezaguna duen Arroitzeko oliba autoktonoa da etekin onenak ematen dituena. Hau da, kilo gutxiagorekin olio litro kopuru bera lortzen da. Arroitzeko azken uzten batez besteko etekina % 25ekoa izan da. Alegia, lau kilo olibarekin litro bat olio lortzen da. Azken uztetan hiru milioi kilo oliba inguru jaso zirenez, %25eko etekin hori oso errentagarria izan zen ezbairik gabe.

2001eko urtarrilean bukatu zen 2000ko uzta 99koa baino apalagoa izan zen. Erdialdean 2,5 milioi kilo oliba bildu ziren, baina aurreko uztan, 300.000 kilo gehiago lortu ziren. Uzta hori eho ondoren, 750.000 litro baino pixka bat gehiago olio atera zen. Erribera aldean, 99ko uzta 3,5 milioi kilo olibakoa izan zen, baina 2000koa askoz okerragoa etorri zen, eta 1,4 milioi kilo besterik ez ziren lortu. Kalitatez, ordea, bikaina izan zen, lortutako olioak 0,1 graduko azidotasuna izan baitzuen.

Nafarroako oliba ekoizpenaren zati handiena olioa lortzeko erabiltzen da. Alabaina, Erriberan eta Ablitas inguruan jateko olibak ere biltzen dituzte. Oliorik preziatuena Arroitzeko Olioa da, lehenengo olioa ûbirjina delakoaû eta gradu batetik beherako azidotasunekoa izateagatik aparteko kalitatea daukana. Olio hori bi markekin merkaturatzen da: Mendia da bata eta Villa de las Musas bestea. Aurrenekoa bost litroko txanbiletan saltzen da, litroko hiru edo lau euroko prezioan. Bigarrena, Villa de las Musas, litro erdiko botiletan aurki dezakegu, hiru euro baino zertxobait gehiagon.

Lizarraldeko ekoizpen ia osoa autokontsumorako erabiltzen da, Mendia errotako 3.400 bazkideen artean banatzen baita. Bazkide horiek, olioa etxerako gordetzeaz gain, lagunei oparitu edo ingurutik pasatzen diren ohiko bezeroei saltzen diete. Saltzeko erabiltzen den zatia, berriz, ia oso-osorik gainontzeko euskal lurraldeetara doa. Arroitzeko errotak, azkenik, Iruñea eta Lizarrako Eroskiren hipermerkatuei ere saltzen die olioa, baita gainontzeko beste euskal lurraldeei ere.

(2004-11-28ko Argia astekarian argitara emana)


Arabako Errioxako zenbait lekutan olibondo gehiago mahastiak baino

Arabako Errioxan Nafarroan baino askoz ere olibondo gutxiago dago. 250 hektarea olibondo daude, 1.516 lursailetan banatuta. Olibak ematen dituzten 32.596 olibondo daude, eta azken ekitaldietan horiekin lortu izan den olio kopurua 65.000 litro ingurukoa da. Moredak dauka landatutako azalerarik handiena: 70 hektareatik gora. Atzetik datoz Lantziego eta Oion. Hiru herri horiek osatzen dute olibondoz landatutako lurren azalerarik handiena. Horren arrazoia da hiru herri horietan daudela martxan jarraitzen duten hiru errota publiko bakarrak.

XIX. mendearen bukaera aldean 1.292 hektolitro olio ematen zituzten olibondoz betetako 718 hektarea zeuden Arabako Errioxan. Azalera hori hazi egin zen XX. mendeko lehenengo zatian. Inguru horretako olioa beti izan da aintzatetsia eta ospe handikoa Euskal Herritik kanpo. Ekialdeko inguruan, hau da, Moreda, Oion eta Lantziegon, bildu izan da historikoki ekoizpenaren zatirik handiena. Eta kasu batzuetan olibondo gehiago daude mahastiak baino. Oiongo San Vicente errota-kooperatibak 347 bazkideren 80.000 kilo oliba eho ditu azken ekitaldian. Lantziegoko udal errotak, berriz, 90.000 inguru kilo oliba eho eta autokontsumorako erabiltzeko 24.300 litro olio lortu ditu.

Oionen dagoen ekimen pribatuko errota batek lehengo urtean bere produktua merkaturatzeko apustua egin eta bi marka atera zituen: Virgen de Estibaliz Araban eta Virgen de Valvanera Errioxako Autonomia Erkidegoan. Instalazio modernoak dituen errota da: ekitaldian zehar milioi bat kilo oliba eho ditzake, 30.000 kilo eguneko. Hain zuzen, Arabako Errioxan olibondoen landaketa sustatzeko eratu dute oraintsu Arabako Errioxako Olibondoen Sustapen eta Defentsarako Elkartea.

(2004-11-28ko Argia astekarian argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia