euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen erabilera zernahi girotan bultzatu nahi du 'Aire Aire! kanpainarekin

14/11/2005

Euskarari aire berria eman nahi dio Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen kanpainak
Euskarari aire berria eman nahi dio Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen kanpainak

PUBLICIDAD

Euskarari aire berri bat eman eta edozein egoera eta zernahi girotan erabiltzeko aproposa dela erakustea du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri duen kanpaina berriak. 'Aire, Aire! Euskarari' da bere leloa, eta euskal gizarteko aurpegi ezagunek, hala nola Ainhoa Arteta kantaria, Pedro Migel Etxenike fisikaria, Naroa Agirre pertika jauzilaria edota Karlos Argiñano sukaldariak, besteak beste, ematen dute ezagutzera telebista eta irrati bidez.
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatua izan arren, bere arduradunek argi utzi nahi izan dute beraien asmoetako bat kanpainaren ikurrak eta elementuak gizartearentzat eskuragarri egitea izan dela. Enpresa, elkarte, kirol talde eta abarrei dei egin nahi die Aldundiak, 'Aire, aire!!! Euskarari' aldarria aintzat hartu eta erabil dezaten.

Kanpainaren lehen hilabete hauetan publizitate bidez heldu da jendearengana mezua, bai telebistako iragarkietan (ETB1en eta ETB2n), bai irratietan. Aurrerago, publizitateaz gaindiko ekintzak eta jarduerak ere antolatuko dira, batik bat Gipuzkoako udalekin batera.

Telebistan ikusten ari diren iragarkietan, aurpegi ezagun asko agertzen dira 'Aire, aire!!! Euskarari' esanez, besteak beste Pedro Migel Etxenike nafar fisikaria, Naroa Agirre pertika jauzilaria, Maider Lopez donostiar artista, Karlos Argiñano eta Martin Berasategi sukaldariak, Elena Irureta aktorea, Ander Vilariño pilotua, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak, Edurne Ormazabal irrati esataria, Ainhoa Arteta sopranoa, Josune Bereziartua eskalatzailea, Pello Ruiz Cabestany ziklista izandakoa edo Adela Gonzalez telebistako aurkezlea.

Internetez eta e-mail bidez

Kanpainak irauten duen bitartean webgune propio bat izango du: www.aireaire.net. Oraingoz, irrati-telebistetako iragarkiak eta kanpainako gainerako material grafikoa hemen ikus daiteke. Honezaz gain berrikuntza bat ere aurkeztu dute: e-mailez bidaltzeko moduko iragarki laburrak, jendeak kanpainaren hedakuntzan parte hartu dezan. Bertan, arestian aipaturiko aurpegi ezagunen agurrak ikus daitezke, eta baita ere aktore ezagunek eginikoak, 'Marylin euskara' izeneko klipa, kasu.

Kanpainaren sortzaileek adierazi dutenez, haizagailuaren ikur nagusiak hauspo modernoa irudikatu nahi du, gizartearen zirrikitu guztietara euskararen aire freskoa sarrarazi nahi lukeena. Koloreak ere ikurraren lagungarri izan nahi du: aire garbi eta hezearen irudia eman nahi izan diote, urdin berezi hori erabilita.


Lotura interesgarriak

Aire Aire!!! Euskarari kanpainiaren webgunea
www.aireaire.net

Euskara Gipuzkoan webgunea
www.gipuzkoaeuskara.net

Gipuzkoako atari instituzionala
www.gipuzkoa.net


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia