euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Gaztelania, halabeharrez; Iparraldeko zortzi gaztek gaztelania eta Espainiako historia ikasi behar izan dituzte goi mailako ikasketak EHUn, euskaraz, egin ahal izateko (Berria-n)

02/06/2005

PUBLICIDAD

Iñigo Bilbao/Bilbo. Gaztelania ikasi behar izan dute goi mailako ikasketak euskaraz egiteko. Ezinbestean. Espainiako hizkuntza eta historia. Hori guztia, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle izateko. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako zortzi gazte dira. Bizkaian dira egunotan, Portugaleten. Unibertsitaterako sarrera proba egiten ari dira UNEDen, Espainiako urrutiko hezkuntzarako unibertsitatean, alegia.

Azterketa atzo hasi eta gaur amaituko dute. Lehenengoa. Datorren astean beste bat daukate. Frantziako hezkuntza sistemaren sarrera probak Baxo du izena, eta derrigorrez gainditu beharko dute UNEDen egiten ari zaizkiena balekoa izateko. «Guretzat aurrerapauso bat izan zen selektibitatea euskaraz eta Portugaleten egitea; baina bidea oraindik luzea da Euskal Herrian oztoporik gabe ikasi ahal izateko». Olatz Talaveraren hitzak dira. Zortzion sentimenduaren isla. Azterketak amaitu zituztenean, 13:00ak aldera, taldeak agerraldia egin zuen. Haiekin ziren Ikasle Abertzaleak erakundeko ordezkari bi.

Parisko enbaxadan, lehen

Duela hiru urte hasi ziren azterketa Portugaleten egiten, euskaraz. Euskal herritarrak izanik ere, legez espainiarrak ez zirenek Parisera joan behar izaten zuten arinago, Espainiak bertan duen enbaxadara, unibertsitaterako sarrera proba egitera. Lehenengo urtean proba ia guztiek gainditu bazuten ere, iaz hamabitik hiruk baino ez zuten lortu.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan lehen eta bigarren mailako ikasketak euskaraz egin dituztenek ez dute aurrera egiterik. Baionan Euskal Filologia besterik ez dago euskaraz. Gainerakoek Paue, Bordele, Tolosa edo Parisera joan behar izaten dute goi mailako ikasketak egitera. Frantsesez.

«Euskal Herriaren etorkizunerako hain baliagarriak diren jakintzak herritik kanpo kokatzen dituzte, etorkizuneko profesionalak emigratzera behartuz eta herrialde hauen geroa kolokan jarriz». Eta eurek bezala Euskal Herrian bertan euskaraz ikasi nahi dutenek «sekulako kalbarioa» bizi behar izaten dute: «Ikasi behar ditugun irakasgaiak ez dira batere frantsez programari egokituak; lan bikoitza izan dugu, beraz. Inoiz ikasi ez dugun Espainiako historia, ezagutzen ez dugun gaztelania... ikasi eta gainditu behar ditugu!

Bi egun irauten duen azterketa honetan Euskal Herrian ikasteko eskubidea jokoan jartzen digute». Olatz Talaveraren hitzak berretsi egin zituzten gainerako ikasleek. Xabi Barrenetxea gazteak, esaterako, azaldu zuen berari errazagoa egin zaiola azterketa, izatez donostiarra delako. Baina lan handia egin behar izan du. «Lizeoan landu dugunaz aparte ordu gehiago sartu behar izan ditugu irakasle batzuekin hau gainditu ahal izateko. Baina gainditzen badugu esfortzuak mereziko du, ikasketak euskaraz jarraitzeko aukera emango baitigu honek».

Aitziber Zapirain Hendaiakoa (Lapurdi) da. Gaztelania egin zaio zailena, «asko» eskatu dietelako. Espainiako hizkuntza ikasi egin behar izan du azterketa egiteko. «Ez dugu inoiz eman, ez eskatu zaigun mailan». Gaur historia azterketa izango du. Hori guztia zerotik ikasi behar izan du.

«Ez zait zentzuzkoa iruditzen ikasketak EHUn egiteko hori guztia ikasi behar izatea; ez dut uste inolako azterketa berezirik pasatu beharko genukeenik euskal herritarrak izanik».

Gaztelania ez ezik, historia oztopo handia izan dute. Lapurdiko eskoletan Espainiako historiaz ezer ikasi dutenean, Amerikako kolonizazioa ikusi dute. Gainerakoan, deus gutxi. Hori guztia ostiraletan ikasi dute. Gainerako ikaskideek amaitu eta etxeratzen zirenean, eurak bi ordu gehiago geratzen ziren irakasleekin, Espainiako kontuak ikasteko.

Joana Azurmendi ere hendaiarra da. Berari traba beste zerbaitek egin dio, zientzietan ere izugarrizko aldea baitago hezkuntza sistema batetik bestera: «Matematikan batez ere; eskatu dizkiguten gai nagusiak guk ez genituen ezagutzen. Fisikan eta kimikan, berdin; eta biologian, adibidez, apunte mordoa izan dugu ikasteko».Oihana Lorente IAko ordezkariak taldearen elkartasuna adierazteaz gainera, kritika zorrotza egin zien sarrera proba biei: «Eduki arrotzak barneratzen ditugula bermatzeko bitartekoak dira; azterketa sistema basatiaren adierazpide; traba administratibo eta politikoak dira Euskal Herri osoan ikasteko».

(2005-06-02an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia