euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Gaur hasiko dira Hazparnen Asunak topaketak; ingurumenaren eta laborantza biologikoaren alorrean kontzientziak ziztatu eta biziaren bertze filosofia bat lan nahi dute (Berria-n)

09/09/2005

PUBLICIDAD

Aitor Renteria/Baiona. «Asunak ziztatzen du eta, denbora berean, sendatu», dio Thomas Ergi Biharko Lurraren Elkarteko animatzaileak. Bosgarren urtez jarraian, BLEk Asunak izeneko topaketak antolatu ditu Hazparnen (Lapurdi), ingurumenaren eta laborantza biologikoaren inguruan. Kontzientziak ziztatu eta biziaren bertze filosofia bat lan nahi dute Asunak-en bidez.

Laborantza biologikoak Euskal Herrian duen tokia jorratuko dute gaur gauean Hazparneko Elkar zentroan. Azken bost urteotan izan duen bilakaeraren argazkia egin ondoren, eztabaida izanen da. Kari horretara, BLEk erakundeetako arduradunak, sindikatuetako ordezkariak eta tokiko gizarte eragileak gomitatu ditu. Teorietatik errealitaterako urratsa bermatu nahi du BLEk. Ezagutza faltaren mugak hautsi eta laborantza biologikoaren ardatza tokian berean ezagutzeko parada eskainiko du larunbatean. Izan ere lau bisitaldi antolatu ditu, lau eskualdetako etxaldeetara. Senperen (Lapurdi), Olivier Millarden etxaldean, gazteek plantatzeko dituzten zailtasunak eta baliabideak aztertuko dituzte. Bithiriñan (Nafarroa Beherea) biologikoki hazten diren artaldeak bisitatzeko parada izanen da, Alain Dominiren bordan. Etxaldeak laborantza biologikora moldatzeko xedea aztertuko dute Hazparnen, Jean Baptiste Bakardatzen etxean. Azkenik, Mikele Berokoirigoienek Gamarten (Nafarroa Beherea) duen etxaldea ere irekia izanen da.

Hainbat mahai Sabela eta burua gozarazteko parada eskainiko du BLEk igandean. Eguerdian merkatu biologikoa eta herri bazkaria antolatuko du. Ondoren, mintzaldiak eta eztabaidak izanen dira. Nekane Jurado ekonomistak kontsumoa eta liberalismoaren inguruko gogoetak eginen ditu. Haurrari bularra ematea, haziak, ekologia eta estetika edo animaliak sendatzeko era alternatiboak ezagutzeko parada ere izanen da, tailerren bidez.

(2005-09-09an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia