euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Gabriel Arestiren poesiak Bizkaiko kostaldea hartuko du, Ea herrian bere omenez antolaturiko jardunaldietan

15/07/2005

Gabriel Aresti poeta bilbotarra (1933-1975)
Gabriel Aresti poeta bilbotarra (1933-1975)

PUBLICIDAD

Poesia mailu bat dela zioen poeta omentzeko, ezin jardunaldi arruntik egin eta Eako HEA (Herrijeari Emon Arnasa) elkarteko kideek, omenaldi gisa, olerkari bilbotarraren lana kalera aterako dute asteburu honetan, belaunaldi berrietako poeten eskutik. 'Gabriel Arestiren EtxEA' dute izena gaur hasi eta igandera bitartean Ea, Ispaster, Bedarona eta Natxitun ospatuko diren kultur jardunaldiok. Juan Luis Zabala, Igor Estankona, Xabier Mendiguren Elizegi, Miren Agur Meabe, Edorta Jimenez eta Bernardo Atxaga izango dira bertan.
James Joyce idazle irlandarraren omenez munduan zehar ospatzen den 'Bloomsday' izeneko eguna legez, Eako HEA elkarteko kideek Gabriel Aresti poetak urtero omenaldi bat egitea merezi zuela erabaki eta 'Gabriel Arestiren ETxEA' jardunaldiak antolatu zituzten. Iaz jarri zuten abian ideia, eta aurten --ostiraletik igandera bitartean-- bigarren edizioa ospatuko dute.

Bizkaiko herri honetara jo zuen Arestik 1973ko udan, gerora hilko zuen gaixotasunetik osatzeko. Bertan idatzi zituen bere azken lanak. Orain, 32 urte beranduago, bere poesia eta lanaren izpiritua berriro ere sentitu ahal izango da Eako eta inguruko hainbat herritako kaleetan. Horixe baita jardunaldi hauen ezaugarri garrantzitsuenetako bat: artistari omenaldi hutsa egin baino, poesia kalera atera eta artista gazteen lanaren bitartez indarberritzea.

'Poesia mailu bat da?'

Jardunaldiak gaur bertan hasiko dira, ‘Poesia mailu bat da?’ lelopean. Lehen ekitaldia arratsaldeko 19:00etan izango da Beletxen, ‘Lauaxeta, poesia eta nortasun nazionala’ mahainguruarekin, Juan Luis Zabala, Igor Estankona eta Pako Sudupe idazleak eta Xabier Mendiguren Elizegi moderatzaile lanetan bertan izango direlarik. Izan ere, aurten Lauaxeta jaio zeneko 100. urteurrena ospatzen da.

Mahai-inguruaren ostean, iluntzeko 21:00etan, gazteei zuzendutako ‘Poesia gaztea’ tailerra hasiko da Beletxen bertan, eta gaueko 23:00etan, Eako kaian, kantaldia eskainiko dute Bide Ertzean eta Arean taldeek.

Lore eskaintza eta poesi errezitalak Eako kaian

Bihar goizeko 10:30etan, mahai-ingurua egingo da Beletxen, ‘Arestiren mailua’ izenburupean. Bernardo Atxaga eta Jerardo Elortza dira mahai horren bueltan egongo diran solaskide biak, Karmelo Landak moderatuta. Ondoren, ‘Gabriel Arestiren nabigazioa’ izeneko poesia eta lore eskaintza kolektiboa egingo da Beletxe ondoko haritzaren eta harri landuaren aurrean.

Arratsaldean ekitaldiak Bedaronan izango dira. Bertan, 17:00ak aldera, Edorta Jimenez eta José Fernández de la Sotaren gidaritzapean kafe-tertulia egingo da, ‘Arestiren etxean’ gaia hartuta.

Gauean, 23:00etan, Eako kaian poesia irakurtaldia egingo dute Jose Luis Otamendi, Jon Benito, Arantxa Aldalur, Kepa Urbieta, Aitor Bengoetxea, Igor Aranbarri eta Xabi Bordak. Gainera, gazteek poesia tailerrarekin jarraitzeko aukera izango dute, 21:00etan Beletxen.

Mirande eta nazionalismo ortodoxoa

Igandeko 10:30etan mahai-ingurua egingo da Beletxen, Xabier Olarra, Txomin Peillen eta Txema Larrearekin. Gaia ‘Jon Mirande eta nazionalismo ortodoxoa: Euskaldun zintzoen balada’ izango da.

Arratsaldeko 17:00etan, Natxitun, ‘Aberriaren galera: 1975-2005’ gaia hartuta, Jon Benito eta Urtzi Urrutikoetxea poetak tertulian ibiliko dira, eta beste poeta bat, Gotzon Barandiaran larrabetzuarra, moderatzaile eukiko dute.

Amaitzeko, 19:30ean poesia irakurtaldia egingo da Natxituko bolatokian, eta gaueko 23:00etan errezitaldiak kaian. Mikelazulo/Icarus Jazz Trio, Juanra Madariaga, Miren Agur Meabe eta Txili Lauzirikak hartuko dute parte azken horretan, aurtengo egitarauari amaiera ezin hobea emateko.


Lotura interesgarriak

Gabriel Arestiren biografia
Bidegileak bilduman, Xabier Kintanak idatzia

Bibliografia eta linkak
Literaturaren Zubitegian


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia