'Herrialdeko hizkuntzei legezko ofizialtasun bat eskaintzeko berrogei eta piko... garren proposamena baztertua izan da. Fin de non recevoir (irekidurarik gabeko eza) entzun dute, Kultura ministeriotik frantses erran molde dotore batek dioen bezala, hautetsi alsaziar delegazioak beren proposamena ekartzerakoan'. Hauxe gaitzat harturik, bere iritzia plazaratu du Maixan Merkapidek Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara gaiei eskaintzen dien gipuzkoaneuskara.net webgunean.Alsazia eskualdean, Haut-Rhineko hautetsien lehendakaria den Gérard Cronenbergerek, proposatu legea, segur aski orain arte aurkeztu proiektu bururatuena izango da, Frantzian diren zazpi herrialdeko hizkuntzak kontutan hartuz eta jendarteko erabilpen zabala segurtatuko duen neurriak proposatuz. Elebitasunean oinarrituak daude neurri gehienak, lehen ministroaren babespean sor daiteken goi-mailako erakunde baten koordinaketa pean. Konstituziozko kontseiluaren baztertzeari aurre egiteko, Konstituzioaren bigarren artikulu aldaketa proposamen bat ere prest dago. Bereziki, Hego Euskal Herriko esperientziaz baliatuz proposamen honen huts bakarra daiteke herrialdeko hizkuntzen derrigorrezkotasuna ez aipatzea (ikus, www.euskalherria.com, le journal).
Denbora berean Bretainia herrialdeak neurri berriak hartu ditu, bretoierazko irakaskuntza indartu nahiz, 150 irakasleen prestakuntza segurtatzeko, ikasleen kopurua 9.700tik 20.000ra igotzeko helburuarekin heldu diren bost urtetan (ikus, www.region-bretagne.fr).
Euskal Herriari eskaini abenduko kortesiazko bisitan Dominique de Villepin, frantses Barne ministroak adierazi zuen, gogoetak abiatzeko xedean zaudela eta euskarari buruzko politika kudeatu behar duen egitura berria bataiatu zuen. Zenbait hilabete lehenago irailean, Ipar Euskal Herriko auzapez biltzarrak aho batez bozkatu zuen, «Errepublikaren hizkuntza frantsesa dela» adierazten duen konstituzioko bigarren artikuluaren aldatzearen alde, jakinez orain arte bideratu lege edo hitzarmen berezi guziak baztertuak izan direla, edukia bere hertsitasunean hartzea gaitik. Alain Lamassoure, Ipar Euskal Herriko hautetsien lehendakariak aldiz bere gain hartu zuen duela urte bat, Franck Moderne lege gizon adituari konstituzio aldaketarik gabe herrialdeko hizkuntzak osoki babestuko zituen proposamen bat manatuz.
Gogoetan aitzinamendu nabarmenak sentitzen dira, bi edo hiru azken urtetan. Lainotsu gelditzen oraino, azken harresi politikoak erortzeko tenorea.
[Maixan Merkapide Euskal Konfederazioko zuzendaritzako kide da]