Euskarazko hitzen inguruko zalantzak argitzeko euskal lanetan oinarritutako eredu datubasea aurkeztu du EHUk
15/12/2004
Ludger Mees, EHUko euskara errektoreordea, Ramon Etxezarreta, Donostiako Udaleko alkateorde eta Kultura zinegotzia, eta Ibon Sarasola euskaltzaina webgune berriaren aurkezpenean
PUBLICIDAD
'Ereduzko prosa gaur' du izena webguneak eta bertan euskal literaturako maisuak prestu ditugu hitz baten inguruan izan ditzakegun zalantzak argitzeko. Erabilera erraza da oso: zorioneko hitza webgunean sartu eta datubaseak hainbat euskal idazlek beren obretan hitz hori nola erabili duten erakutsiko digu. Lan bakoitzean hitza zenbat aldiz agertzen den eta haren atzetik zein beste hitz den ohikoena ere esango digu kontsultaren erantzunak. Euskal Herriko Unibertsitateak duela hiru urte sortutakoa da 'Ereduzko Prosa Gaur' webgunea eta ideiak arrakasta nabarmena izan du. Izan ere aurten soilik dagoeneko 12.245 bisitari sartu dira helbide honetan, eguneko 40 kontsulta.
Webguneak 152 euskal idazleen lanak jaso ditu errefentzia gisa, eta datubasean bildutako hitzen kopurua 7 milioikoa da. Orain, EHUko arduradunen erronka zerbitzu hau ezagutaraztean datza. Astelehenean Donostiako Udaletxean egin zuten aurkezpenaren ondotik, datozen hilabeteetan ahalik eta jende gehienak webgunearen berri izan dezan da beraien helburua.
Ibon Sarasola euskaltzainaren esanetan 'ereduzko idazleen kontzeptua' nahiko malgua da, 'inork ez baitu beti ondo idazten. Baina zerbitzu honen bidez norberaren gustuko idazleak nola idazten duen ikus dezakegu'.