euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskarari ez erasotzeko eskatu dio Euskal Konfederazioak Frantziari; erreakzionatzeko, euskararen aurkako trabak gelditu eta salaketarako urratsak egiteko eskatu dio (Berria-n)

10/06/2005

PUBLICIDAD

[Euskara Erakunde Publikoari eta Frantziako Gobernuari mintzatu zaie, eta euskararen aurkako zangopilatzeak gelditzeko eta salaketarako urratsak egiteko eskaera egin die]

Aitor Renteria. Euskal Konfederazioa kezkaturik eta haserre dago. Haserre, bere ustez, Frantziako Gobernuak hizkuntza eskubideak ez dituelako errespetatzen. Frantziako Gobernu berriari dei zuzena egin dio bide hori utzi eta euskararen aldeko hizkuntza politika pikoan ezartzeko. Hitzetan ez ezik, ekintzetan ere bai. Ipar Euskal Herrian hizkuntza politikaren erantzukizuna duen Euskara Erakunde Publikoari (EEP), berriz, eskubide urraketak salatzeko eskaera egin dio.

Hezkuntza alorrari dagokionez, Seaskak pairatzen duen mehatxuak eragiten du, batez ere, Euskal Konfederazioaren kezka. «Frantziako Gobernuaren erabakiek, Seaskaren garapena ekiditeaz gain, gelak ixteko arriskua eragiten dute», azaldu zuen atzo Mixel Etxeberri Euskal Konfederazioko lehendakariak. Ikasle kopurua nabarmen emendatu arren, Frantziako Gobernuko hezkuntza agintariek ez dute Sehaskako lehen mailako irakasle kopurua emendatu eta bigarren mailari 20 oren kendu dizkio. Bestalde, eskoletako irakasle izateko CAPES agiria lortzeko eskaintza lehengo berean dagoela salatu du Euskal Konfederazioak.

EEPk hizkuntza politika osatzeko eginkizun guztiak bildu nahi ditu. Horietako atal bat bizi publikoari dagokiona da, eta horretan zeregina franko dela gogorarazi zuen atzo Konfederazioak. «SNCFk (tren konpainia publikoa), esaterako, ez du jarrera aldatu, gogortu baizik», nabarmendu zuen Etxeberrik. Arlo horretan ere erantzukizunak hartu behar dituela jakinarazi zion EEPri. Justizia alorreko egoera ere kezka iturri da. Orain artean Parisen egiten ziren auzietan euskaraz mintzatzeko eskubidea aitortzen zieten Hego Euskal Herrian sortu militante politikoei. Azken auzietan eskubide hori kentzeaz gain, euskaraz mintzatzea ETAko kidea izatearekin erkatu izan du Prokuradoreak.

«Euskara debekatuz eta kriminalizatuz euskararekiko iraina eta mespretxua erakusten dute», azaldu zuen atzo Jakes Bortairu Euskal Konfederazioko Idazkariak, kezkatuta. Jarrera horiek guztiz albora uztea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten, euskara sustatzen duen oro ETArekin lotuz inori ez zaiola mesederik egiten gogoraraziz.

Dei zuzena

«Egiten dena, egiten ez dena eta egiten uzten dena da hizkuntza politika», azaldu zuen Jakes Bortairu Euskal Konfederazioko idazkariak. Euskararen aldeko hizkuntza abian ezartzeaz gain, euskararen kontra egiten diren zangopilatzeak salatzeko ere eskatu zien Frantziako Gobernuari eta EEPri. Hori dela eta, gutun bat igorriko dio Euskal Konfederazioak EEPri, euskararen aurkako erasoak sala ditzan eskatzeko. EEPren bitartekaritzaz Frantziako Gobernu berriari helarazi nahi dio eskari bera. «Eraso horiek guztiak zalatu ezean hizkuntza politikaren sinesgarritasuna zalantzan da».

Dominique de Villepin Frantziako gobernuburuak eta Nicolas Sarkozy Barne ministroak euskararen aldeko hitz sutsuak erabili zituzten Euskal Herrira egin bidaietan. Konfederazioak haien nahia garbiki azaltzeko eskatzen die. «Erantzunkizun handia dute eta arinkeriaz jokatzen ari dira», azaldu zuen atzo Bortairuk. Euskararen aurkako erasoetan berretsiz gero herri mugimenduen borroka haien aitzinean atzemanen dutela azaldu du Konfederazioak. «Hizkuntza eskubide urraketen karietara Max Brisson EEPko buruak ere bere boza entzunarazi beharko du, hori da bere erantzukizuna», adierazi zuen atzo Mixel Oronoz Konfederazioko kideak. Tokiko hautetsiak eta diputatuak isilik egon direla ohartarazi zuen, baina Frantziak nazioartean bultzatzen dituen eskubideak bere eremuan bermatu behar dituela.


MOBILIZAZIOAK: ONDOKO ASTEOTAKO EKIMENETAN PARTE HARTZEKO DEIA EGIN DIE EUSKALTZALE GUZTIEI

Herri mugimenduek mobilizazioak iragarri dituzte ondoko asteotarako. Euskal Konfederazioak mobilizazio horietan parte hartzera deitzen ditu euskaltzaleak.

Bihar barakulkuilu operazioa auto karabana egingo du Seaskak Baionaraino, baliabideen murrizketa salatzeko. Ekainaren 18an demoek Mutxiko txapelketa antolatu dute Baionako tren geltokian, SNCFk euskarari eman tratua salatzeko. Demo bati abantzu 11.000 euroko kalte-ordainak eskatu dizkio SNCFk protestaldi batean trenak geldiarazteagatik.

Bi mobilizazio horietan parte hartzeko deia egin zuen atzo Mixel Etxeberrik Euskal Konfederazioaren izenean: «Herri mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko».

Seaskak iragarri du dagoeneko ekaina bukatu aitzin lortu nahi dituela xedeak, hots, baliabideen murrizketa gelditu eta bilkura bat antolatzea Parisko Hezkuntza Ministerioan.

Demoek behin eta berriz berretsi dute ez dutela amore emanen zerbitzu publikoetan euskararen erabilera normalizatu arte.

Bere aldetik, SNCFeko Baionako buruak dudak ezabatu nahi izan ditu aste honetan, eta «jende multzo txiki baten» eskariak ez dituela beteko erran du.

Horrez gain, hezkuntzako hiru ereduetako egiturak (Seaska, pribatua eta publikoa) biltzen dituen Hiru Sareta elkarteak, mobilizazioak iragarri ditu heldu den eskola sartzerako. Frantziako Hezkuntzari baliabideen murrizketa etengabea gelditu eta euskarazko irakaskuntzaren garapena bermatzeko tresnak eskatzen dizkiote.

Euskal Konfederazioak ere ildo beretik abiatzeko xedea du. «Epe laburreko mobilizazioetan parte hartzera deitzeaz gain, aztertzen ari gara udazkenean ekimen zabal bat egiteko xedea», iragarri zuen Etxeberrik. Urteotan egin diren urratsak mobilizazio uztaren ondorio direla dio Konfederazioak.

(2005-06-10ean Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia