euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskara traketsa omen da

02/01/2006

PUBLICIDAD

Euskarak hizkuntza gisa dauzkan edo ez dauzkan balioez ari zaigu Gotzon Garate jatorriz Gara egunkarian argitara emaniko artikulu honetan. Azpeitiko Euskara Patronatuak sarean daukan erabili.com webgunean Mikel Mendizabalek esandakoak ere bildu ditu lerrootara urtero New Yorken hilabetea igarotzen duen josulagun ezagunak.
Gotzon Garate
Deustuko Unibertsitateko katedraduna

Lehengo egunean artikulu bat idatzi nuen Gara-n, batzuek, euskaraz jakin arren, erdaraz egiten dutela esanez. Erantzun oso argia egin dit Mikel Mendizabalek, Patxi Saezek Azpeititik bikain zuzentzen duen interneteko webean.

Honatx esaten duena. Puntu guztiak jaso ditudala uste dut. Guztiei argitasunak ematea merezi du, horren antzeko salaketak maiz entzuten baitira.

«Nik oso garbi dut zergatik ez den egungo Euskal Herrian euskaraz egiten: Euskara hizkuntza maitagarri bezain traketsa delako».

«Hasteko, euskararen sintaxia inkomunikatiboa da. Esaldi motzak egiteko balio du, baina denok dakigu zenbat arazo sortzen diren esaterako erlatibozko esaldiekin, batez ere esaldi luzeak edo konplikatuak badira».

«Esaldi luzeetan galdu egiten gara». «Nola esan adibidez: ‘Te podría tocar trabajar en los más de cien ayuntamientos con menos de mil habitantes que hay en Euskadi’».

«Gogoan duguna erabiltzeko arazoak ditugula eta horrexegatik jotzen dugu tresna efizienteago batera, gure kasuan, zoritxarrez, gaztelera».

«Bestalde ezin ahaztu euskal aditza sobera konplexua dela». «Baina ba al dago Euskal Herri osoan hiztun bakar bat euskal aditzak hitzetik hortzera erabiltzen ahal dituena?».

«Gainera ingelesez hitzak monosilaboak izanik, askoz informazio gehiago sartzen dute oso denbora laburrean. Euskaraz ere hitzak sobera luzeak dira eta hau gutxi balitz, atzizkiak erantsi behar dizkiegu, elkarrizketa are gehiago zailduz».

«Nola esan ‘aceite menos ácido’ edo ‘la democracia es el sistema político menos malo’».

Mikelen erantzun zorrotza irakurrita, hauxe agertzen da. Alde batetik euskara traketsa omen da «erdaratik zerbait itzuli» behar denean.

Hizkuntzak ez dira errazak edo zailak beste hizkuntzetatik erraz edo nekez itzultzen direlako. Edo ez dakitenei ikasteko zail egiten zaielako. Hizkuntza zaila da, mintzatzen dutenentzat zaila bada.

Goizetik gaueraino, eguzkiz eguzki euskaraz ari direnentzat zaila al da? Zeanurin, Sunbillan, Azpeitian, Idiazabalen, Aramaion, Altzain, Amaiurren... erdaraz ez dakiten edo erdipurdika dakiten baserritarre tzat zaila al da? Inola ere ez. Horientzat oso erraza da. Oso zaila horientzat espainola da.

Txinoa ikasteko zaila omen da. Bertakoentzat, berriz, oso erraza. Galdetu bestela hizkuntza horretaz mintzo diren 1.200 milioi horiei.

Euskaraz ongi dakitenek erlatibozko perpausak zer diren ez dakite baina bere bizitzaren gorabehera guztiak oso bikain adierazten dituzte euskaraz.

«Te podría tocar trabajar en los más de cien ayuntamientos con menos de mil habitantes que hay en Euskadi». Edozein baserritarrek, espainolez ez dakienak, honela esango luke: «Euskadin badira mila bizilagun baino gutxiago diren aiuntamentuak. Horietako baten lan egin beharra gerta ahal zaizu».

Bestalde gaztelera euskara baino «tresna efizienteago» dela ez luke hizkuntzalari batek onartuko. Berriz ere esan behar. Kontua da norentzat. Buruan ehun artxiboetatik ehun euskaraz dauzkanarentzat euskara erabat efizientea da.

Nik ere uste dut zuk bezala, euskarazko aditza konplexua dela. «Ba al dago Euskal Herri osoan hiztun bakar bat euskal aditzak hitzetik hortzera erabiltzen ahal dituena?», galdetzen duzu. Milaka eta milaka euskaldun dira aditzekin inongo problemarik ez dutenak. Ni Euskal Herriko zazpi probintzietako 23 baserritan ibiltzen naiz eta sekula ez dut ikusi baserritar batek aditzekin problemarik duenik. Bai zoragarri erabili, Zuberoan eta Nafarroa Beherean batez ere.

Espainolez ere aditza ez da horren erraza umetan ikasi ez duenarentzat. Har itzazu, adibidez, «venir» eta «ir». Zuk umetan ikasiko zenuen eta zuretzat erraza da, zorionez.

«Gainera ingelesez hitzak monosilaboak izanik, askoz informazio gehiago sartzen dute oso denbora laburrean. Euskaraz ere hitzak sobera luzeak dira eta hau gutxi balitz, atzizkiak erantsi behar dizkiegu, elkarrizketa are gehiago zailduz».

Zuzen zabiltza. Ingelesez hitz asko monosilabikoak dira. Hortik heldu da, aldez behintzat, ingelesa ulertzeko zailtasuna. Hitz asko berdintsu dira. Eta hauxe erantsiko dut. Ia 40 urtez uda New Yorken ematen dut. Umeek ingelesez idazten ikasteko espainol haurrek baino askoz denbora gehiago eman behar dute, ingelesez ahoskatzeko lege tinko gutxi baita. Esan liteke hitz bakoitza nola idatzi ikasi behar dutela.

Bestalde, hitzak luzeagoak izatea eta denbora edo toki gehiago behar izateak ez du hizkuntza zailtzen. Maiz ulertzea erraztu bai.

Ez eta aurrizkirik ez izateak. Deustuko Unibertsitatean hiru urtez ikasten ihardun eta Indian bost hilabete eman nituen hindiera praktikatzen. Hindierak euskarak bezala atzizkiak bakarrik ditu eta euskarak bezala ikuspegi panoramikoa du, handitik txikira, espainolaren bestaldera: «Azpeitiko etxeko zakurraren buztanaren arkakusoa». Umetatik atzizkietara ohitua dagoen indio edo euskaldunentzako aurrizkiak dira zailak. Hindieraz bakarrik mintzo den indio batentzat errazago da euskaraz ikastea espainolez baino.

«Nola esan ‘aceite menos ácido’ edo ‘la democracia es el sistema político menos malo’. Baserritarrek: «Horren azido ez den olioa». «Demokrazia horren gaiztoa ez den sistema politikoa da».

Euskara ez da traketsa. Euskararen problematika beste alde batetik heldu da. Gizaldiz gizaldi, espainola eskoletan, irakaskintzan, kazetetan eta liburuetan erabilia zen bitartean, euskara ahoz aho bakarrik erabilia izan da. Gai eta alor asko jorratu gabe daude euskaraz.

Biziki ongi heldu dira hemen Axular handiaren hitzok: «Baldin egin balitz euskaraz hainbat liburu, nola egin baita latinez, frantsesez, edo bertze erdaraz eta hizkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak».

Bukatzeko. Orain Euskal Herrian diglosia gorrian bizi gara eta gero eta zailago da euskaraz pentsatzea. Espainolez pentsatzen duenak neke handia izango du bere espainol pentsamenduak euskaraz adierazten. Euskaraz pentsatzen duenarenari, berriz, zailtxo egingo zaio espainolez bere pentsamenduak ongi adierazten.

(2005-12-29an Gara-n argitara emanikoa)


Lotura gehigarriak

Erabili.com, euskal webgune interesgarri bat
www.erabili.com

Erabili.com-eko euskal munduko albisteetara harpidetzeko
Noiznahi izena eman edo ken dezakezu


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia