euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskaltzaindiko bost kide Pisan (Italia) txosten aurkezle, iganderaino egiten ari den Onomastika Biltzarrean

02/09/2005

Henrike Knörr, Euskaltzaindiak Zientzia Onomastikoen Pisako Biltzarrean dauzkan bost ordezkarietako bat
Henrike Knörr, Euskaltzaindiak Zientzia Onomastikoen Pisako Biltzarrean dauzkan bost ordezkarietako bat

PUBLICIDAD

Euskaltzaindia parte hartzen ari da egunotan Pisan (Italia) egiten ari den ICOS (International Council of Onomastic Sciences) elkartearen XXII. Biltzarrean. “Izenak denboran eta espazioan” izenburupean burutzen ari den biltzar honek abuztuaren 28an hasi eta irailaren 4ra bitartean iraungo du. Euskal Akademiaren partaidetza bere Onomastika batzordeko bost kideren bidez ari da gauzatzen, txosten aurkezle heldu baitira Patxi Salaberri, Andres Iñigo, Henrike Knörr, Jose Luis Lizundia eta Mikel Gorrotxategi.
Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko bost kideok txosten bana prestatu dute ICOSen XXII. Biltzarrean aurkezteko. Patxi Salaberri eta Andres Iñigo atzo aritu ziren. Patxi Salaberrik Nicknames, origin of some of the family names in Basque izeneko lana aurkeztuz[Erdi Aroan erabiltzen ziren goitizenak euskaraz nola deitura bihurtu diren (Andia, Gorria...)], eta Andres Iñigo Les noms: un exemple local de leur évolution izenekoaren berri emanez [Nafarroako herri batean XVI. eta XVII. mendeetan deitura batzuek izen zuten garapenaz].

Gaurkoan berriz Henrike Knörr arituko da, Satznamen dans la toponymie du Pays Basque txostena eskainiz ['Satznamen'-en azterketa eginez, hots, esaldiz osatutako toponimo euskaldunak, Euridakarrena, adibidez], baita Jose Luis Lizundia ere, La normalisation onomastique à Euskal Irrati Telebista (EiTB) lanarekin, Euskal Irrati-Telebistan onomastikaren normalizazioa nola gauzatzen ari den azalduz, eta Mikel Gorrotxategi, La répression et la traduction des noms dans la dictature de F. Franco txostenarekin, euskarazko pertsona-izenen bilakaera aztertuz II. Errepublikatik hasi eta Francoren diktaduran zehar.

22 herri eta nazio partaide

Euskaltzaindiko kideekin batera, 22 herri eta nazio ezberdinetako partaide izango dira Pisan, eta 48 txosten irakurriko (hogei ingelesez, zazpi frantsesez, hamalau italieraz eta beste zazpi alemanez). Biltzarrak sei atal izango ditu: Onomastika eta hizkuntzalaritza; Onomastika eta gizartea; Literatura onomastikoa; Ponte izenak; Izen geografikoak; eta bestelako izenak. Horretaz gain, sail bereziak ere izango ditu Biltzarrak: Onomastikak eta didaktika; Onomastika eta informatika; Onomastika eta komunikabideak; Terminologia onomastikoa; eta Ekimenak eta proiektu berriak.

ICOSen nazioarteko biltzarrak hiru urterik behin burutzen dira. Hala bada, 1999. urtean, Santiago de Compostelan (Galizia) egin zen eta 2002an, berriz, Uppsalan (Suedian).


Lotura gehigarriak

XXII Congresso Internazionale di Scienze Onomastiche
http://icos22.humnet.unipi.it

Euskaltzaindiaren webgunea
www.euskaltzaindia.net


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia