euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskaltzaindiak Nafarroa Oinez-ekin bat egin eta Jose Mari Satrustegi eta Juan Goikoetxea omendu ditu Altsasun

24/09/2005

Jose Mari Satrustegi Arruazuko bere etxean (Koldo Larrea-Euskonews argazkia)
Jose Mari Satrustegi Arruazuko bere etxean (Koldo Larrea-Euskonews argazkia)

PUBLICIDAD

Aurreko urteotan bezalaxe, aurten ere Euskaltzaindiak Nafarroa Oinez-ekin bat egin eta hainbat ekitaldi burutu zituen karia hortarat atzo Altsasun, goiz eta arratsaldez. Goizean, osoko bilkura egin zuen Akademiak Altsasuko Udaletxean eta arratsaldean, ageriko bilkura burutu Ilortia Kultur Gunean, urrian izango den Nafarroa Oinez jaiaren egitarauaren barruan. Aurretik, 2005eko Nafarroa Oinez antolatzen duen Iñigo Aritza ikastolara bisita egin zuten euskaltzainek. Bertan, haur-talde batek harrera egin zien euskaltzainei, Nafarroa Oinez-en kantuz eta bertsoz, eta logoaren inguruko eskulanak erakutsiz.
Goizeko partez, Luziano Agirre Urdiaingo alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eman zioten hasiera bilkurari. “Izatez --esan zuen Andres Urrutiak-- Nafarroa da Euskaltzaindiaren helburu nagusietariko bat; bide beretik ere, Nafarroan garatzen du Euskaltzaindiak bere ekinaren alderdi garrantzitsua, hain zuzen, egun zuen aurrean plazaratzen dena, gure erakundeari ezinbestekoa baitzazaio Nafarroan euskararen irakaskuntza sustatzea eta bultzatzea”. Aldi berean, atzo omenduak izan ziren Jose Mari Satrustegi eta Juan Goikoetxea ekarri zituen gogora euskaltzainburuak.

Ondoren, hizlarien txanda heldu zen. Andres Iñigo Nafarroako ordezkariak “Juan Goikoetxea euskaltzain urgazlea jaio zeneko mendeurrenean” izenburupeko mintzaldiari ekin zion; Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain urgazleak “Jose Mari Satrustegi, euskal onomastikaren egilea” izeneko txostena agertu zuen; Koldo Zuazo euskaltzain urgazlea “Burundako euskara” gaiaz jardun zen; Maria Flores Bigarren Hezkuntzako irakaslea, “Basolangintza Sakanan” izenburupekoaz; azken hitzak, Polentzi Goikoetxea, Iñigo Aritza Ikastolako lehendakariordeak eskaini zituen.

Andres Iñigo Jagon sailburuak azaldu bezala, D. Juan Goikoetxea Zabalo, Larraungo Lezaetan jaio zen 1905ean eta Donostian hil 1973an. 1965az geroztik euskaltzain urgazle izan zen. Hori dela eta, Oinez-ek gonbidatuta, Euskaltzaindiak aurten Nafarroan Sakanako hiriburuan egin zuen bere batzarrean gogoratu zuen 40 urtez Arbizuko erretore eta euskaltzain urgazle izan zen Juan Goikoetxea.

Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkariak azaldu bezala, apez ikasketak zenbait apezgaitegietan egin zituen Juan Goikoetxeak. 22 urte besterik ez zituen apeztu zenean. Lehendabiziko 5 urteak Ultzamako Ilarregin egin zituen eta 40 hurrengoak Arbizun. “Buru argi eta bihotz zabalekoa --Iñigoren hitzetan-- gizon apala, apezkideen kontseilari jatorra, euskaltzale kementsua. Goraipatua bai apezen artean bai arbizuar guztien ahotan”.

Atzokoan entzun zenaren arabera, euskararen alde egin zuen lana bi mailatan koka dezakegu. Batetik, herri mailan: “Beti esan izan da Barrankako gainerako herrietan euskarak atzerakada galanta egin zuen bitartean Arbizun D. Juani esker eutsi zitzaiola. Hil zen hurrengo urtean, seme kuttun izendatu eta jarri zioten harrizko oroigarrian laburbiltzen da egin zuen lana «erri ontako kristau sinesmenari euskeraren bidez eutsi zion». Nafarroako Foru Diputazioko Príncipe de Viana-k ere goraipatu zuen eta omenaldia eskaini zion”, azaldu du euskaltzain nafarrak.

Bestalde, “euskararen aldeko beste ekarpena itzulpenak eta idatziak izan ziren. Egiten zituen lanetan bere izena inoiz jartzen ez zuenez gero, zail da bere lan guztia ezagutzea. Dena dela, Iruñeko elizbarrutian liturgia gaiak itzultzeko egin zen lehenbiziko batzordeko kideen artean ageri da eta geroago ere beste elizbarrutiekin batera egindako lanetan parte zuzena izan zuen. Bere idazlan ezagunenak Diputazioko Príncipe de Viana aldizkariko “Elizaren itza” atalekoak izan ziren, bereziki Vatikano II. Kontzilioari buruz argitara eman zituen artikuluak”.

“Jose Mari Satrustegi, euskal onomastikaren egilea”

Bestalde, aurtengo Nafarroa Oinezek Jose Mari Satrustegi zena omendu nahi izan du. Hori dela eta, Satrustegiri buruzko erakusketa bat ere ikusgai izan da, urtean zehar, hainbat herritan. Horretaz gain, urte honen hasieran, euskaltzain zenaren biografia eta lana biltzen dituen liburua argitaratu zen, Andres Iñigok eta Patxi Salaberrik prestatua. Liburu hori, hain zuzen ere, ekarri zuen gogora Patxi Salaberrik atzoko hitzaldian: “Arruazuko euskaltzainak onomastikaren arloan egin zuen lanaren berri eman genuen, testuaren barnean lehenik eta bibliografia aukeratuan gero”.

Izan ere, adierazi zuen Salaberrik, Jose Mari Satrustegiren “lan garrantzizkoenetako bat onomastikan egin zuena da, nire irudiko. Hasieratik Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kidea izan zen, eta, beraz, jakite horrekin erlazionatutako gai anitz ukitu behar izan zituen. Hala bada, Satrustegiren hainbat lan aipatu ditu --“Las casas de Valcarlos”, “Etxe izenak”, “Herri-izenak”... -- jarraian ondokoa azpimarratzeko: toponimia arloan, “Satrustegiren ekarpena Onomastika batzordean egindako lanera mugatzen dela erran dezakegu, hots, bileretan egindako lanera eta batzordeak bideratutako argitalpenetara”.

Badira, izan, aipatu beharreko lan batzuk:

-Euskal Herriko Udal Izendegia, 1979an argitaratua
-Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Herrien Izenak/Relación de las Poblaciones de la Comunidad Autónoma Vasca, Eusko Jaurlaritzak argitaratua, 1986an
-Nafarroako Herri Izendegia/Nomenclátor Euskérico de Navarra. Lan hau Nafarroako Gobernuaren eskariz burutu zuen Euskaltzaindiak 80.eko hamarkadaren hondar urteetan, eta argitaratu 1990ean
-Onomasticon Vasconiae. Salaberrik erran bezala, “Onomastika batzordearen kide zen aldetik, Satrustegi bilduma honetan argitaratu diren lan guztietan agertzen da, 2003an hil zen arte”.

Patxi Salaberriren esanetan, “Arruazuko euskaltzainak gogokoen zuen lana Euskal Izendegia zen”. Historian zehar, Euskal Izendegiaren argitalpen batzuk izan dira eta, euskaltzain nafarrak egindako lana ikusita, “huts egiteko beldurrik gabe erran daiteke --Salaberriren ustez-- Arruazuko euskaltzainaren lanak belaunaldi oso baten onomastika bideratu eta markatu duela, hainbesteraino non, eskualdeen arabera, XX. mendearen erdialdean ohikoen ziren izenak lekutu eta haien ordainez Euskal Izendegia-n agertzen direnak ibiltzen baitira orain”.

Are gehiago: “Satrustegiren eragina, azken urteotako euskal onomastikan, hagitz handia izan da eta berak 60ko hamarkadan hasitako lanari esker dute egungo haur, gazte eta dagoeneko hain gazte ez diren askok duten euskal izena. Ez dakigu nolakoa izanen litzatekeen orain gure paisaia onomastikoa Satrustegi bizi izan ez balitz eta egin zuen lana egin izan ez balu, baina seguru nago ez litzatekeela hain euskalduna izanen eta munduan barna hedatzen ari diren telebistako izen (nire ustez) itsusi horiek ohikoagoak izanen liratekeela gure artean”, amaitu zuen Patxi Salaberrik.

Koldo Zuazo: “Burundako euskara”

Koldo Zuazo euskaltzain urgazleak egindako hitzaldian, Burundako euskararen ezaugarri nagusiak aipatu zituen. Bere iritziz, “oso berezia da sei herri horietako euskara: nafarra gehienbat, baina Gipuzkoaren mugan dagoenez, harekin ere kidetasunak dituena. Arabarekin ere egiten du muga --gaineratu zuen-- eta mendebaleko bereizgarritzat dauzkagun ezaugarri batzuk ere badira Burundan”.

Horretaz gain, Zuazoren aburuz, zenbait gauzatan “gordetzaile agertzen zaigu Burunda, arkaismo esanguratsuak daude bertan. Eta harritzekoa da hori, Burunda leku bakarti eta ezkutuan gabe, bidegurutzean dagoelako”.

Amaitzeko, Polentzi Goikoetxea Iñigo Aritza Ikastolako presidenteordeak hartu zuen hitza, Euskaltzaindiaren presentzia eskertzeko.


Lotura gehigarriak

Euskaltzaindiaren web gunea
www.euskaltzaindia.net

Nafarroa Oinez Jose Mari Satrustegi oroituz
www.nafarroakoikastolak.net-en


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia