euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskal literaturaren oihartzuna Ekialdeko Europan, protagonista Esloveniako Vilenicako Literatur Jaialdian

15/09/2006

Vilenicako Literatur Jaialdian eginiko aurkezpen bat
Vilenicako Literatur Jaialdian eginiko aurkezpen bat

PUBLICIDAD

Euskal literatura eta idazleek parte hartze nabarmena izan dute egunotan Eslovenian egin den Vilenica International Literary Festival jaialdian. Ekialdeko Europan tradizio handia duen ekitaldi honek hogeita batgarren edizioa izan du aurtengoa eta Europako eremu urriko literaturei eskainitako tartea jarri dute abian bertan, euskal letrak protagonista bihurtuz. Idazle talde zabala joan da Euskal Herritik: Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Marijo Olaziregi, Miren Agur Meabe, Ricardo Arregi, Juan Ramon Makuso eta Kirmen Uribe.
Vilenicako 21. Nazioarteko Literatur Jaialdian euskarak oihartzun nabarmena izan du, euskal literaturari eskainitako tarte bereziaren bidez. Euskal idazleen ordezkaritza zabala izan da bertan, hilaren 7tik 10era egin diren hainbat ekitaldietan parte hartuz. Bernardo Atxaga idazleak 'Soinujolearen Semea' bere azken lanaren eslovenierazko edizioa aurkeztu zuen irailaren 6an antolatutako ekitaldi berezian, berez jaialdiaren egitarautik kanpo.

Irailaren 8an 'Euskaraz egile izatea, gaur eta bihar' izenburupean mahai ingurua izan zen entzungai Ljubljana hirian, Marijo Olaziregi, Rikardo Arregi, Juan Ramon Makuso, Alexandra Büchler eta Franco Juri idazleek parte hartu zutelarik. Ondotik Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Ricardo Arregi eta Kirmen Uribek errezitaldiak eskaini zituzten.

Jaialdian gainera, lehenengo aldiz, eslovenieraz idatzitako euskal literaturaren antologia bat aurkeztu zuen bertako Idazleen Elkarteak, Vilenicako Antologiak bildumari hasiera emanez. Antologiaren izenburua 'Etzikoak' da, eta bertan Jon Mirande, Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Miren Lourdes Oñederra, Rikardo Arregi, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe, Unai Elorriaga, Harkaitz Cano eta Igor Estankonaren testuak bildu dituzte, Marjeta Dbronic eta Marjeta Prelesnik Drozg-ek itzulita, Mari Jose Olaziregiren atarikoarekin.


Lotura interesgarriak

Euskal Idazleen Elkartea
www.idazleak.org

Vilenicako 21. Nazioarteko Literatur Jaialdia
www.vilenica.si


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia