euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskal literaturaren maisulanak --'XIX menderarteko ia dena'-- sarean irakurgai, Klasikoen Gordailua webgunean

15/02/2007

Klasikoen Gordailua webgunearen portada
Klasikoen Gordailua webgunearen portada

PUBLICIDAD

Euskal literaturak azken mendeotan emandako lan klasikoak irakurri nahi dituenak, tresna ezinhobea du Klasikoen Gordailua, Armiarma.com literatur webgune-amaraunaren barne. Webguneak ekarpen ederra egiten die ikerlari, filologo eta literatur zaleei, izan ere liburutegietan aurkitzen zailak izan daitezkeen hainbat testu biltzen baititu, XIV mendeko otoitz nafarren bat edo Joan Perez de Lazarragak 1567 aldera idatzitako izkribu famatua kasu. Eta sarean irakurri nahi ez duenarentzat, liburu osoak deskargatu eta inprimatzeko aukera ere ematen du. 'XIX. menderarteko ia dena daukagu', diosku Mikel Elorza, Gordailuko kideak. 'XX mendekoei aurten hasiko gara astindua ematen'.
Klasikoen Gordailua 2005eko apirilean sortu zen eta bi urteko ibilbide honetan euskal literaturzaleentzako oso tresna erabilgarria bihurtu da, X mendetik XXrainoko euskal literaturaren maisulanak eskuragarri jartzen baititu interesa duen ororentzat. Klasikoen Gordailuaren oinarrian beste ekimen bat dago, ordea, Patxi Salaberrik Euskal Herriko Unibertsitatean sortutako www.ehu.es/gordailua webgunea. Hura 'izoztuta' gelditu zenean, Susa argitaletxeak bultzatzen duen Armiarma.com euskal literaturari buruzko guneak Salaberriaren gordailua hartu eta bultzada berri bat emateko erronka hartu zuen. Harrezkero, Salaberriaren zuzendaritzapean 205 liburu biltzetik, 2006ko abenduan 374 izatera heldu da Klasikoen Gordailua.

'Klasikoen Gordailuak egin duen ekarpenetako bat bilatzailea gehitzearena izan da, erabiltzeko orduan askoz funtzionalagoa baita', azaltzen du Mikel Elorzak, Armiarma.com webguneko kideak. Beste aurrerakuntza nabaria, corpus arakatzailea da, adibidez webgunean jasotako testu guztietan hitzak nola eta ze kontestuetan erabiltzen diren ikusteko baliogarria dena.

Balantze positiboa

'Bi urte hauetako balantzea positiboa da. Inguruan jasotako sentsazioa oso ona da, jendeak asko eskertzen digu lana, webgunea oso ondo datorkiela esanez', azaltzen du Elorzak. Erakundeen aldetik ere erantzun ona jaso du webguneak eta Armiarma.com sarearen barruan Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2005eko Abbadia saria jaso zuen. 'Dirulaguntza ere jasotzen dugu Jaurlaritzatik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik, hori proiektua beraiei ere interesgarria eta beharrezkoa iruditzen zaienaren seinale da', gaineratzen du Elorzak.

Webguneak erabiltzaile ugari ditu literatura eta euskal filologiaren arloan eta baita itzulpengintzan aritzen direnen artean ere, Elorzak argitzen duenez. Baina, horientzat ez ezik, literaturzaleentzat dago pentsatuta. Izan ere, Klasikoen Gordailuan irakurgai dauden testu asko 'ezezagunak zaizkie irakurle arruntei, mordoxka bat ezin dira lortu liburutegietan ez baldin bada, eta asko liburutegi gehienetan ere ez daude, atalka plazaratu diren edo argitalpen bateraturik ezagutu ez duten testuak baitira', webguneko arduradunak azaltzen duenez. 'Erabiltzaileen artean bada kasu deigarririk, webgunetik testuak hartu eta bere blogean jartzen dituen bloglari brasildarrarena, adibidez'.

XIX eta XX mendeei astindua

Gaur egun webguneak X mendeko 'Donemiliagako glosak'-ekin hasi eta XX. mendeko gerraondoko idazleen testuetaraino doan materiala biltzen du. 'XIX. menderarteko ia dena daukagu', azaltzen du Elorzak, 'eta aurtengo planak XIX mendeari beste astindu bat eman eta XX mendeko idazle eta batez ere gerraondoko idazleekin jarraitzea dira. Autoreren bat azpimarratzekotan, Piarres Lartzabal aipatuko nuke, aurten bere antzerki lanak, oso interesgarriak, jarriko baititugu sarean'.


Lotura interesgarriak

Klasikoen Gordailua
http://klasikoak.armiarma.com

Armiarma, literaturaren sarean
www.armiarma.com

Literatur Emailuak jadanik blog gisa irakurgai
EuskalKultura.com-en 2006ko irailaren 18an argitara emana

Armiarma.com, 2005eko Abbadia Saria
EuskalKultura.com-en 2005eko abenduaren 2an argitara emana


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia