euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskal 'Kultura Jaia' ospatuko dute datorren asteburuan Wyoming-eko Rock Springs-en

18/06/2003

Euzkitze eta Alboka Rock Springs-eko 'Kultura Jaia'n iaz (euskalkultura.com argazkia)
Euzkitze eta Alboka Rock Springs-eko 'Kultura Jaia'n iaz (euskalkultura.com argazkia)

PUBLICIDAD

Harro dabiltza euskaldunak Rock Springsen. Aurkeztu berria dute euren web gunea, bertako Martin Goikoetxeari 'National Endowment' Saria eman diote eta datorren larunbatean 'Kultura Jaia' egingo dute...
Lan saiatuak eta ahalegin gogorrek ez dute beti onespena eta ezagutza ekartzen baina, zorionez, kasu honetan bederen, urtetako lan eta izerdi etengabeek irria ezpainetan eta gehiegitan eskergabea den euskal-amerikar ihardunari tinkoago -hori posible bada- segitzeko kuraia eta animoa ekarri dizkiote aste honetan Martin Goikoetxea gorritiarrari, Wyoming-eko Rock Springs herrian.

Urtean zehar, gogor ari da euskaldunentzat lanean Martin Goikoetxea duela ia berrogei urte etxe eta bizitokitzat daukan Rock Springs-en. Ogibidez auto-salmenta negozioan dabil, gogor baita ere, baina Rock Springs-eko Alkartasuna euskal klubarentzat egiten duen lana beste gisa batez egina da, bere funts eta barne sentimenduek agindu eta eraginikoa baita.

Hilabeteak daramatza Martinek, eta berarekin batera emazte Veronicak eta klubeko talde txiki batek, datorren asteburuan herrian egingo dituzten 'Kultura Jaia' eta euskal ekitaldiak prestatzen. Laugarren edizioa daukate aurten, amerikarrentzat ere 'Kultura Jaia' euskal izena dakarren egitarauarekin.

Helburua, inguruko amerikar ez-euskaldunen begirada euskaldunengana biltzea eta, prentsak eta bestelako medioek eman ditzaketen topikoen gainetik, eurak naturalki euskaldunak eta amerikanoak direla erakustea, hori guztia kultur elementu koloretsu batzuk azalduz, jaia eta kultura elkarrekin nahasten dituen ekitaldi handi bat antolatuz.

Iazko 'Kultura Jaia'k markak hautsi

Lagun bikaina izan zuten zeregin horretan iaz John Ysursa historia irakasle eta aurkezle idahotar-kaliforniarra, arratsaldetik gau parteraino joan ziren 'Kultura Jaia'ko euskal musika, kantu, dantza eta bestelako demostrazioen artean hainbat jakingarri esplikatu eta Euskal Herria eta euskaldunei buruzko hainbat oinarrizko azalpen eman baitzituen.

Ysursarekin batera iaz ihardun ziren Euzkitze bertsolari-kantaria, Alboka musika taldea eta Oinkari dantza taldearen ordez, aurtengoan Martin Goikoetxea bera bertsolari, Boiseko Oinkari taldea errepikatzen eta, Euskal Herritik, Irats talde nafarra arituko dira heldu den asteburuan Rock Springs-eko bazterrak euskal kolorez margotzen.

Ia bostehun bat jende bildu ziren iaz 'Kultura Jaia'ra, eta ez da hori marka batere makala hogeitabi mila biztanle pasatuxe dauzkan herrirako. Aurtengoan, ikusteko oraindik, baina, hasteko, Estatu Batu bertako zein Europatik hurbilduko diren euskal artistek lana -eta euren emaitzak- publiko are zabalago bati eskaintzeko aukera izango dute, asteburuan zehar, 'Euskal Jaia'rekin batera, Rock Springs-eko 'International Days'etan parte hartuko baitute.

Web gune berria eta 'National Endowment' Saria

Aurten, guzti honen prestatu aurretik, Martinek eta Rock Sprinseko euskaldunek euren web gunea sortu dute, 'Kultura Jaia'ren helburu beretsuekin, hemendik aurrera bertako euskaldunen berriak errazago ezagut daitezen. Eta, kointzidentziaz, 'Kultura Jaia'ren aste honetan bertan, Washington hiriburuan, 'National Endowment For the Arts' kultura sari garrantzitsuak eman dira eta, hara non Martin Goikoetxeak azken hamahiru bat urteetan AEBetan bertsolari gisa daraman iharduna saritu duten.

Martin, izan ere, 'Kultura Jaia' egitarauko antolatzaile nagusia izateaz gain, eta Rock Springs-eko Alkartasuna kluba abiarazi zuen pertsona/etakoa izateaz gain, bertsolaria ere bada-eta, askoren ustetan AEBetan egun dauden bertsolarien artean onena. Baina Martin bera, NABOko (Estatu Batuetako Euskal Etxeen federazioko) Euskara arduraduna ere bada, eta hainbat saltsatako perrexila.

Lana ez da besteek errekonozi dezaten egiten, ez behintzat Rock Springs-en, baina aste honetan Washingtondik sari tankeran etorri zaion ezagutza horren ondotik, asteburu honetan jendeak 'Euskal Jaia'ren aretoa betetzea izango da Martin eta Rock Springseko euskaldunentzat saririk handiena. Bihoakio Wyoming-eko Martin Goikoetxea eta bere lagun taldeari gure zorionik beroena.


Lotura osagarriak

Rock Springs-eko (Wyoming) Alkartasuna Basque Club
www.rsalkartasuna.com

'Kultura Jaia' Rock Springs-eko Euskal Etxearen web gunean
Chris Erramouspek idatzitako lerroak

'International Day'ko partaideak (3 talde euskaldun barne)
Rock Springs International Day

Boiseko Oinkari dantza taldea
Oinkarien aipamena NABOko orrialdeetan


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia