euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskal Herriko eta bertako euskal aireek edertu zuten St Pierre eta Miquelon-eko Euskal Festa

02/09/2003

St Pierre-ko kantxa jendez beterik
St Pierre-ko kantxa jendez beterik

PUBLICIDAD

Abuztuan, urtero ohi denez, arrakastaz ospatu dute Kanada ondoko St Pierre eta Miquelon-eko irlan bertako Euskal Festa. St. Pierreko Orok Bat taldeak antolaturik, ehundaka jende...
Urtero legez, agorrila izan da aurten ere Ozeano Atlantiko iparraldean, Ternua ondoan dagoen sei mila biztanle pasexeko St Pierre et Miquelon irlak bere euskal festa antolatzeko hautatu duen tenorea. Abuztuaren 22tik 24ra bitartean, St Pierre hiri erdialdean dagoen euskal pilotalekua euskal doinu eta kolorez jantzi zen eta bertara hurbildu ziren, ez soilik irlako euskal eta bestelako jatorriko ehundaka biztanle, auzoko Ternua eta Quebec-Kanada aldeko jendeak ere baizik, eta baita Euskal Herriko ordezkaritza bat ere, ekonomia, turismo, kultura eta kirol arlokoa.

St Pierre-ko Orok Bat batasunak eraturik, irlako jendetsuenetakoa den festa honek pilota partidak izan zituen osagai garrantzitsuenetako bat, Frantziako Landetako eta bertako pilotariak lehiakide. Partidak, St Pierre erdialdean dagoen 1906an eraikitako euskal pilotaleku dotorean egin ziren, garaipena europarrentzat izanik.

Eztiki taldearen musika

Musika arloan, animazioak Euskal Herritik heldutako Eztiki taldearen eskutik etorri ziren, Paxkalin Aire kantariaren ahots ederra gidari. Festa tokian berean ezezik, euskal aireek giroa herriko tabernetara ere zabaldu eta euskal festen hiru egunak frango ontsa edertu zituzten.

Ekitaldiok estakuru eta St Pierre eta Miquelongo errealitate orokorra hurbiletik ezagutzeko, Euskal Herriko ordezkaritza bat ere heldu zen irlara aste beterako, Sodepar zerbitzuak gonbidaturik, euskal Iparraldeko ekonomia, turismoa, prentsa, kultura eta pilota arloetako ordezkari bana partaide.

Euskal Herria-St Pierre et Miquelon trukeak

Informazioa, esperientzia eta trukeak bultzatzeko xedea agertu zuten itsasoz bi aldeetako agente horiek. Kultura alorrean, hasteko, abiatua da geroztik, Uztaritzen egoitza duen Euskal Kultur Erakundea (EKE), zenbait ideia biribildu eta puxatzen. Agorrilean Saint Pierren izana den Pantxoa Etchegoin EKEko zuzendariaren ustez, posibilitate asko ditu gure harremanak.

Etchegoin-en esanetan, izugarria da zer atxikimendua dioten bertan Euskal Herriari, badaukate memorio kolektibo oso bizia euskaldunei buruz. EKEren aldetik bederen, prest gaude Euskal Herriaren egungo errealitatea ezagutarazteko planak garatzeko eta baliteke, besteak beste, musikan, ahozko literaturan, zizelkaritzan eta beste alor batzuetan proiektuak bideratzea.

(Ezagutua da euskaldunak presentzia zaharra eta errotua izan dutela Saint Pierre eta Miquelonen. Hala agertzen dute bertako historia liburuek eta halaxe aitortzen du bertako bandera ofizialak, non, banderaren parte gisa, ikurriñak toki hautua daukan, euskal kostalde osoko euskaldunek irlari eginiko ekarriaren lekuko)


Lotura osagarriak

Saint Pierre et Miquelongo euskal festa
The Basque Festival

St Pierre et Miquelongo argazki panoramikoak
Argazki elurtuak, kantxarena barne

Ikurriña, St Pierre et Miquelongo banderaren parte
L++Ikurrina et Saint Pierre et Miquelon


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia