Euskal Herrian eta munduko Euskal Herrietan hamaika ekintzek ospatuko dute gaur Euskararen Eguna
03/12/2004
Aurtengo Euskararen Egunaren bi afixa
PUBLICIDAD
Atzo iluntzean Ibarretxe lehendakaria buru zela Gasteizen egin zen ekitaldi instituzionalarekin hasi ziren Euskararen Egunaren karietara gaur abenduak 3 euskal hizkuntzaren ardatzean Euskal Herrian zein munduko Euskal Herrietan egingo diren ospakizunak. Frankismopean antolatu zen lehen aldiz, 1949an, Euskararen Eguna, eta hasiera-hasieratik bildu izan du munduko euskal etxeen partaidetza atxikia.Munduko hainbat euskal etxeetan ospatu ohi den Euskararen Eguna euskal etxeei lotutako ekimena izan zen hasieratik, 1949an sortua izanik Eusko Ikaskuntzak eginiko deiari Ameriketako euskal etxeek erantzun baitzioten gehienbat, Buenos Airestik New Yorkeraino. Europan, Hego Euskal Herria Francoren diktadurapean egonik, Iparraldean eman zituen Euskararen Egunak bere lehenengo urratsak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako www.gipuzkoaeuskara.net webguneak gogoratzen duenez, geroztik eta azken urteoi dagokienez tartean Euskal Gizataldeen Mundu Batzarrek ere hala eskaturik, ospakizuna modu ofizialean berreskuratu zen, Euskararen Aholku Batzordeak, 2003an Euskara Plazara agirian deia luzatzen ziela euskaltzaleei, urtero egun hori ospa zezaten.
Aurreko bi urteotan ekitaldi ofizialak Gipuzkoan eta Bizkaian egin direnez, aurtengoan Jaurlaritzak eraturiko ekitaldi nagusiaren txanda Gasteizi egokitu zaio, Euskararen Egunaren ospakizun ekitaldi hori abenduaren 2an hiri horretako Azukre lantegian egin delarik, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru, «Badugu hitza, badugu giltza» izenpean.
Horrez gain, abenduaren 3an bertan beste ekitaldirik ere izango da. Bilboko Udalak mezu bat zabalduko du, «euskaldunei hizkuntzaren bizia eguneroko erabilera dela gogoratuz eta euskara oraindik ez dakitenei euskararen errealitatearen aurrean aldeko jarrerak zein garrantzi handia duen azpimarratuz». Autobus batek hiriko plaza eta parkeak bisitatuko ditu, udaletxetik goizeko 09:00etan irten eta arratsaldeko 19:00etan Arriaga Plazara iritsi arte. Autobusetik ospakizunaren oroigarriak banatuko dira, «Bilbao Euskaraz» leloarekin. Horrez gain, San Inazio auzoko Agoitz plazan Euskararen Etxea zabalduko da, gipuzkoaeuskara.net-ek gogora dakarkigunez. Sopelan, berriz, Koldo Amestoy ipuin-kontalariak saioa eskainiko du goizeko hamar t'erdietan eta, gauez, berriz Urko kantaria arituko da Euskararen Egunaren karietara bertako polikiroldegian.