euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarreko Ondorioak eman ditu argitara Eusko Jaurlaritzak euskarazko bertsioan

25/07/2007

IV Mundu Biltzarra joan den uztailaren 13an amaitu zen Bilbon (argazkia BasqueHeritage.com)
IV Mundu Biltzarra joan den uztailaren 13an amaitu zen Bilbon (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLICIDAD

Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak uztailaren 9tik 13ra bitartean Bilboko Euskalduna Jauregian gauzatu zen Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarreko agirien euskarazko bertsioa plazaratu berri du. Testua behin-behinekoa da, irail hondarrera arteko epea eman baita biltzarkideek erredakzio aldetik ñabardura edo zuzenketaren bat emendatu nahi badute hala egin dezaten. Testu osoa bildu dugu datozen lerrotara.
Honelaxe dio hitzez hitz Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak plazaratu duen ondorio-testu proposamenak:

Euskal Gizataldeen IV. Mundu Batzarra dela-eta, 2007ko uztailaren 9, 10, 11 eta 12an, Bilboko Euskalduna Jauregian batzartutako euskal federazio eta etxeetako ordezkariek (Argentina, Australia, Brasil, Kanada, Kuba, Txile, Kolonbia, Espainia, El Salvador, Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Mexiko, Peru, Erresuma Batua, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela), Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) egindako proposamenean oinarrituta, honako hau erabaki dute:

A) Ondorioen agiri hau adostea

B) Agiri honen berri Aholku Batzordeari ematea, Lau Urteko Plana egiterakoan kontuan har dezan, hori guztia 8/1984 Legeko 13.4. artikuluan ezarritakoaren arabera


HELBURUAK ETA JARDUERA-EREMUAK: 2008-2011

Bost helburu proposatu dira euskal erakunde publikoen eta kanpoan dauden euskal gizataldeen arteko harremanen jarduera-planerako hurrengo lau urteetarako:

1) Kanpo-politika garatzea

Maiatzaren 27ko 8/1994 Legeak, 1. artikuluan, bi helburu-talde biltzen ditu: alde batetik, Euskadik, euskal gizarteak eta bertako erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekin dauzkaten harremanak sustatzea, laguntzea eta areagotzea; eta, beste alde batetik, plataforma horiek Euskadiko kanpo-politikaren mendeko baliabide gisa erabiltzea proposatzen dutenak.

Ildo beretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Kanpoko Ekintzako Estrategiak, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2005eko martxoaren 8an onartuak, ezartzen duenez, “gaur egun, gizarte modernoak gero eta gehiago globalizatzen eta nazioartekotzen ari diren honetan, euskal gizataldeek eragile dinamizatzaileen egitekoa bete dezakete gizarte-, kultura-, ekonomia- eta politika-harremanetan”.

Bestalde, VII. Legegintza honetan Eusko Jaurlaritza eratzeko alderdi politikoek sinatutako Koalizio-Akordioaren arabera, borondate politiko sendoa behar da “erakunde publikoek, baldintza-berdintasunean, munduan dauden euskaldun guztiei arreta egiteko”.

Horren ondorioz, euskal erakunde publikoek kanpoko euskal gizataldeentzat eta etxeentzat egiten dituzten jarduera eta hartzen dituzten neurri guztiek Euskadiko kanpoko politika zuzentzen duten printzipio orokorrak bete beharko dituzte.

2) Euskal gizatalde globaleko kide izatearen sentimendua sustatzea

Non jaio ziren, zergatik emigratu zuten eta zein herrialdetan errotu diren albo batera, jaioterriari –Euskal Herriari– eta euskal kulturari atxiki egoteak batzen ditu kanpoan bizi diren euskaldunak. Jaioterria eta beste euskal gizatalde batzuk ezagutzea funtsezkoa da.

Horren ondorioz, euskal erakunde publikoek kanpoko euskal gizataldeentzat eta etxeentzat egiten dituzten jarduera guztiak eta hartzen dituzten neurri guztiak euskal identitatea –edozein adierazpenetan– munduan sustatzera zuzendu behar dira.

3) Elkarteen jardueren barruko kohesioa eta eraginkortasuna bultzatzea

Nahiz eta euskal elkarteen mugimenduaren aurreneko erreferentzia historiko garrantzitsuak XVII. mendekoak (Lima) eta XVIII. mendekoak (Madril eta Mexiko) izan, orain dela ehun urte baino gehiago hasi ziren hedatzen oraingo eran. Ia 200 entitatek jarraitzen dute bizirik munduko 21 herrialdetan. Erakunde-sare hori garai bakoitzera egokitu behar izan da etengabe. Gaur egungo teknologia berrien aroa erronka berria izango da erakunde horiek bizirik jarraituko badute.

Horrenbestez, euskal erakunde publikoek –eta euskal etxeek beraiek ere– euskal gizataldeentzat eta etxeentzat egiten dituzten jarduera eta hartzen dituzten neurri guztiek haien barneko kohesioa eta elkarteen jardueren eraginkortasuna bultzatu beharko dute, garai berrietara egokitze aldera.

4) Euskal etxeak eta gizataldeak kanpoan ezagutaraztea

Kanpoko euskal elkarteen jarduera behar den bezala gaurkotzeko ezinbestekoa da komunitateak irekitzea. Eta ez soilik haien erakundeak onbideratzeko eta bizirauteko, baizik eta, aldi berean, helburu jakin bat betetzeko, alegia: Euskadiren gaurko errealitatea ezagutarazteko plataformak izatea.

Horren ondorioz, haien gizarte-ingurunean ezagutaraztea lehentasunezko helburutzat joko da, batez ere ingurune horretako beste gizarte-erakunde batzuekiko harremanetan.

5) Emakumeen eta gazteen partaidetza

Etorkizunean, elkarteen mugimenduak arrakasta izango du baldin eta oraingo globalizazio- eta teknologizazio-aroak dakarren kultura-aldaketari aurre egiteko gaitasuna erakusten badu; aldaketa hori elkarteak lehiakortasunez eta arrakastaz antolatzeko faktore bat den heinean. Horretarako, ezinbestekoa da antolakuntza-egiturak demokratizatzen aurrera egitea, eskubideen eta obligazioen berdintasuna ahalbidetuz, baita erakunde horietako emakumeek eta gazteek erakundea eta proiektu berriak garatu ditzaten ere.

Hortaz, euskal erakunde publikoek –eta euskal etxeek beraiek ere– euskal gizataldeentzat eta etxeentzat egiten dituzten jarduera eta hartzen dituzten neurri guztiak honela planteatu behar dira: mundu osoko euskal elkarteen mugimenduan gazteen eta emakumeen partaidetzak duen garrantzia kontuan hartuta, hain zuzen.

Planteatutako helburuetan oinarrituta, IV. Batzarrean bildutako Euskal Gizataldeen ordezkariek, honako jarduera-eremu hauek proposatu dituzte 2008a eta 2011 bitarterako:

1) Oso egoera larrian dauden euskaldunei gizarte-laguntza eta elkartasuna eskaintzea
2) Euskal kultura eta euskara
3) Kanpoko irudia eta komunikazioa
4) Prestakuntza
5) Oroimen historikoa berreskuratzea


GARATU BEHARREKO NEURRIAK (2008-2011)

1.- Federazio bakoitzak –eta halakorik ezean, euskal etxeak– hirugarren adineko bazkideen arazoak eta horientzat garatu beharreko programak jasoko dituen txosten bat egingo dute.

2.- Federazio bakoitzak –eta halakorik ezean, euskal etxeak– beren eraikuntzak zaharberritzeko premiei buruzko txosten bat egingo du, ezintasun-graduren bat duten pertsonei sarbidea errazte aldera.

3.- Ildo berean, laguntzetarako deialdiak egiten jarraituko da, maiatzaren 27ko 8/1994 Legeko 8.3. artikulua betez; izan ere, horren arabera, “Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, aurrekontuan zenbaterainoko diru-kopurua duen ikusita eta lege honen helburuei begira, honako arlooi lagunduko die, bereziki: (…) elkarte horietako bazkideei, laguntza behar badute, eta batez ere egoera larrian daudenei”. Horretarako, Batzarrak deialdiaren oinarriak berridaztea proposatzen du, honela:

· Beharrizan-egoera froga-bidez egiaztatzeko beharra, behar izanez gero, gizarte-laguntzailearen ziurtagiriaren bidez

· Urteko laguntzen gutxieneko eta gehienezko zenbatekoa ezartzea: 300 € eta Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko errenta, hurrenez hurren

· Eskabideak herrialde bakoitzaren tokiko monetan egingo dira.

· Programa zabaltzea hirugarren adinekoentzako egoitzetan hartutako pertsonei laguntza emateko

4.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) kanpoan bizi diren euskaldunen laguntza-beharrei buruzko ikerketa bat sustatuko du.

5.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) zenbait kudeaketa egingo ditu euskal gizataldeetako kideen aldeko prestazioei buruzko arauen garapena bultzatzeko, aipatutako Legeko 11.2. artikuluak dionari jarraiki, alegia: “benetan babesik gabe dauden pertsonei lagundu behar zaienean, atzerritik itzulitako pertsona izatea merezimendutzat hartu ahal izango da eskubideak neurtzerakoan, edo etxebizitza horietako batzuk egoera horretan dauden pertsonentzat gorde ahal izango dira”.

6.- Ildo beretik, pertsona horiek “Euskal Autonomia Erkidegora itzultzeko bidaiarako” eman daitezkeen laguntzak arautzeko izapideak kudeatuko ditu, “gero bertan bizi izan daitezen” (11.3. art.).

7.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) nazionalitatea berreskuratzeko gida bat argitaratuko du, euskal gizataldeetako kideek horren inguruan egiten dituzten galdera ugariei erantzun ahal izateko.

8.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) kanpoan bizi diren euskaldunentzat Kulturaren Euskal Planean jasotzen diren neurrien eta Etxepare Institutuak garatzen dituen programen berri emango die euskal etxeei eta haien federazioei.

9.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) euskal etxeek edo/eta horiei dagozkien federazioek Kulturaren Euskal Planean har daitezkeen programak garatzeko aurkezten dituzten beste proposamen aurkeztuko dio Kultura Sailari.

10.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) behar diren kudeaketak egingo ditu kanpoan bizi diren euskaldunek baldintza berberetan parte hartu dezaten hezkuntza eta kultura-arloko programetako laguntzetarako eta beketarako deialdietan.

11.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritza (EGHZ) lankidetzan arituko da Hezkuntza Sailarekin euskal emigrazioaren gaia curriculum-planetan garatzen.

12.- Euskal etxeetako helduentzako euskara-eskolak Kultura Sailaren arauen arabera antolatuko dira.

13.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) federazioekin adostuko du –eta halakorik ezean, euskal etxeekin–, euskara-irakasleak prestatzeko ikastaro trinkoen finantziazioa, euskal etxeetan euskararen irakaskuntza bermatze aldera.

14.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) haurrentzat euskaraz antolatzen diren jardueretarako begiraleen prestakuntza eta horretarako interesgarriak diren materialak diruz lagunduko ditu. Orobat, udalekuak sortzea bultzatuko du, baita familiekiko egonaldiak ere, haurtzarotik unibertsitatera heldu arte euskararen irakaskuntza errazte aldera.

15.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) zenbait kudeaketa egingo ditu Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren aurrean, euskal etxeetako zenbait gaztek (euskara, neurri batean edo bestean, dakitenek) Euskadiko familia euskaldunekin mintzamena lantzea izan dezaten.

16.- Helburu berberarekin, zenbait kudeaketa egingo ditu Boise Ikastolaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arteko zein Eusko Argentinar Bazkun Alkartasunaren (EABA/FEVA) eta Llavalloleko Euskal Echea ikastegiaren arteko akordioen luzapenari buruz.

17.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) federazioekin –eta halakorik ezean, euskal etxeekin– bi hizkuntzazko tratamendu-proiektu bat aztertuko du, haien eraikinetako errotuluak euskaraz egon daitezen bermatuz.

18.- Federazioek –eta halakorik ezean, euskal etxeek- lehentasuna emango diote zenbait ikastaro antolatzeari, hauek, hain zuzen:

· Euskal kulturari buruzko oinarrizko prestakuntza: oro har, haien erakundeetako gazteentzat, eta bereziki sustatzaileak prestatze aldera

· Erakunde kulturalak kudeatzeko prestakuntza

· Euskal kontuei buruzko adituak eta liderrak izateko prestakuntza

Horretarako, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ), haren web orriaren bitartez, euskal kulturari buruzko ikastaroak eta oinarrizko materialak eskainiko ditu, eta/edo non aurki daitezkeen jakiteko informazioa ere bai. Helburu berarekin, interneten bidez entretenimendurako eta jolaserako materialak eskainiko ditu.

19.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) zenbait foro sustatuko ditu (eztabaidak, proposamenak, jende-trukeak egitekoak, eta abar) euskal gizataldeetako gazteentzat. Horretarako, Kultura Saileko Gazteria Zuzendaritzarekin eta/edo beste gazte-elkarte batzuekin lankidetzan aritzea sustatuko du.

20.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) euskal etxeetako gazteen arteko trukeak bultzatuko ditu.

21.- Gazteak euskal etxeetako lanetan konprometituko dira, zuzendaritzan sar daitezen.

22.- Euskal Gizataldeen V. Mundu-Batzarrari (2011) begira, euskal etxeetako gazteei buruzko txosten bat aurkeztea bermatuko da.

23.- Era berean, genero-politikak garatzeko jarduerak lehenetsiko dira. Ildo horretan, berdintasunari buruzko orientazio- eta aholkularitza-programak antolatuko dira, euskal etxeen barruan jarrera-aldaketa errazteko. Orobat, euskal emakumeen sarea sortzea proposatu da, euskal etxe eta haien tokiko komunitateetatik genero-berdintasunaren alde lan egin dezaten.

24.- Federazioek –eta halakorik ezean, euskal etxeek– dauden euskal dantzen taldeen diagnostikoa gaurkotuko dute, eta, ez daudenean, talde berriak sortzeko aukera. Txostena 2007ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztuko zaio Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzari, 2008-2011 errepertorioa hobetzeko eta/edo handitzeko materialen finantziazioa eta prestakuntza-jarduerak planifikatzeko. Orobat, zuzendaritzaren web orriaren bitartez dagozkion ikasmaterialak eskainiko dira.

25.- Federazioek –eta halakorik ezean, euskal etxeek– abesbatzek, musika-taldeek edo interpreteek egiten dituzten musika-jarduerei buruzko diagnostiko bat bidaliko diote EGHZ-ari, 2007ko abenduaren 31 baino lehen, prestakuntza-jarduerak eta haien finantziazioa planifikatze aldera.

26.- Musika-jarduerak finantzatzean, euskal musika-tresnak (txistu, txalaparta eta trikitixa batez ere) jotzen ikasteko ikastaroak lehenetsiko dira.

27.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) Musikaren Euskal Artxiboarekin (ERESBIL) akordio bat sustatuko du, euskal etxeek euskal musika sustatzeko materialak izan ditzaten.

28.- Urte bakoitzean lan handien egin duten herrialde desberdinetako euskal etxeetako euskal dantza-talde, abesbatza edo musika-taldeentzat, ezagutza-trukeak sustatuko dira. Horretarako, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) sari bana sortuko du Euskadirako –edo euskal etxeak kokatzen diren herrialderako– bidaiaren kostuaren zati bat finantzatzeko. Talde bakoitzak behin bakarrik jaso ahalko du saria.

29.- Euskal etxeen federazioak konprometitzen dira dantza- eta musikari-taldeak, horiei bazkidetutako erakundeak eta/edo euskal kulturaz interesatutako profesionalak trukatzeko sareak sortzera.

30.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) argitaletxeek, diskoetxeek eta/edo euskal etxeek eta federazioak argitalpen eta/edo grabazio berriei buruz ematen dioten informazioa eskainiko du, haren web orriaren bitartez.

31.- Euskal etxeak konprometitzen dira haien erakundeetako gazteek beraiek egindako kirol-jarduerak lehentasunezkotzat jotzera. Ildo horretan, 2008a eta 2011 bitartean, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) lehenetsiko du hauek finantzatzea: euskal etxeetako monitore gazteen prestakuntza eta material espezifikoak, euskal etxean kirol-jarduerak egiteko eta/edo haien tokiko ingurunean antolatutako txapelketetan ordezkatuak izateko behar direnak.

32.- Federazioak –eta halakorik ezean euskal etxeak– konprometitzen dira Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzari haien erakundeetako jatetxeei buruzko txosten bat aurkeztera, 2007ko abenduaren 31 baino lehen, Euskadiko Gastronomia Eskolekin ikasleen praktika profesionalak garatzeko hitzarmenak sinatzeko aukera Hezkuntza Sailaren aurrean kudeatu ahal izateko; txostenean emakida-erregimena, sukaldeen egoera eta ekipamendua, edukierak eta kartak jasoko dira.

33.- Federazioak eta euskal etxeak konprometitzen dira Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzari munduan dauden euskal jatetxeei buruz egin litekeen argitalpenaz informazioa ematera; argitalpenak haien ezaugarriak eta helbideak jasoko lituzke. Horretarako, fitxa tekniko bat bidaliko zaie, jasotako informazioa kasu guztietan era berekoa izan dadin.

34.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) zenbait kudeaketa egingo ditu Euskadin prestakuntza-beken deialdia garatzeko; hona horien ezaugarriak:

· Euskadin denboraldi laburretan gauzatzeko prestakuntza-bekak, euskal etxeetan jarduerak garatzeko teknikak hobetzeko eta materialen berri izateko.

· Prestakuntza-bekak, bi urtekoak baino laburragoak, lehentasunez euskal kulturarekin lotutako ikasketak egiteko, hala nola: euskara, gastronomia, eta abar.

35.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) 45 beken hitzarmen bat kudeatuko du Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Euskadin master-ikasketak egiteko.

36.- Euskal gizataldeetako kideen aldeko prestazioak arautzen dituen 10.1. d) artikuluaren arabera, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) zenbait kudeaketa egingo ditu, “Euskal Herriko Unibertsitateak, unibertsitate arteko elkarlanerako hitzarmenen bidez, beste unibertsitate batzuek emandako tituluak onar ditzala bultzatzeko. Titulu horiek lege honen helburuekin zerikusia izan eta hemengo unibertsitateak duen autonomiaz sortutako tituluen antzekoak izan beharko dute”.

37.- Federazioek eta euskal etxeek euskaldunen emigrazioaren historiari buruzko ikerketak sustatuko dituzte, haien inguruneko unibertsitate-eremuetan; horiek Andres de Irujo Sariaren deialdietan aurkeztea egongo da. Horretarako, gai horren inguruan dituzten materialak ikerlarien eta adituen esku jarriko dituzte.

38.- Euskaldunen migrazioa ikertzeko museo-gune bat sortzen lagunduko da.

39.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) jarraituko du gaur egungo emigrante euskaldunak nora doazen ikertzen, haien arazoen berri izateko eta maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen helburuak betetzeko programa espezifikoak planifikatzeko.

40.- Jarduera-ildo berean, euskal federazioek eta etxeek lankidetzan jardungo dute Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzarekin “euskaldunak Amerikako prentsan” proiektua garatzeko; proiektu hori Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Euzko Argentinar Bazkun Alkartasunaren (EABA/FEVA) eta Bahia Blancako Hegoaldeko Unibertsitatearen artean sinatutako hitzarmenaren bitartez hasi zen gauzatzen.

41.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) euskal diasporari buruzko master bana –ingelesez eta gaztelainaz– sustatuko du urtero, Urazandi bilduman sartzeko moduko gai zehatzak lehenetsiz.

42.- XX. mendean zehar emigratu zuten euskaldunen aurreneko belaunaldiaren historia hobeto ezagutzeko, euskal federazioek eta etxeek Euskaditik kanpo bizi direnen testigantzak (ahozkoak zein idatzizkoak) eta haien ingurunean euskal gaiarekin lotuta egindako jarduerei buruzko agiri soinudunak biltzeko proiektuak sustatuko dituzte.

43.- Gaztemundu programaren urteko deialdiak honako baldintza hauek jasoko ditu gutxienez:

· Musika, dantza, hedabide eta zuzendariak prestatzeari buruzko ikastaro monografikoak. Haien euskal etxean jarduera horietaz arduratzen diren gazteei mugatuta egongo da.

· Salbuespen moduan, 30 urtetik gorako partaideak onartuko dira.

Aldi berean, programa horren parte-hartzaileen sare bat sortzea sustatuko da; bertan, parte hartzeko foro eta esparruak sustatuko dira.

44.- Hona komunikazioari dagokionez egindako proposamenak:

· Eusko Jaurlaritzak egiten dituen jarduerari buruzko informazioa hobetzea.

· EITB taldeak euskal diasporaren jarduerak gehiago zabaltzea.

· Berrien euskal agentzia bat sortzea.

· Euskal etxeen arteko komunikazioa areagotzea.

· Euskal Herriaren balioak zabaltzen bultzatuko duen adituen batzorde bat sortzeko aukera aztertzea.

45.- Euskal federazioek eta etxeek haien ingurunean ezagutaraztea lehentasunezko jarduera-eremutzat jo behar dute. Horretarako, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) bereziki interesgarritzat joko du erakunde horiek egiten dituzten irrati?saioak finantzatzea eta euskal gaietan interesatuta dauden kazetari-elkarteak eratzea.

46.- Euskal federazioek eta etxeek, kanpoan ezagutarazteko egiten dituzten programen barruan, kokatzen diren herrialdeetako hedabideetan agertzeko estrategiak sustatuko dituzte, eta, horretarako, kazetaritza-erreportaje onenetarako nazio edo tokiko sariak emango dituzte.

49.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritza (EGHZ) Euskadiri buruzko argazki-erakusketak egiteko materiala federazioei –eta halakorik ezean, eskatzen duten euskal etxeei– bidaltzera konprometitzen da.

50.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) informazio- eta komunikazio-teknologia berrien bidez garatuko du euskal federazioekin eta etxeekin duen komunikazio-politika, baita haien artekoa ere.

51.- Euskal diaspora irudikatzeko logotipo bat egingo da.

52.- Misioak planifikatu eta taxutzerakoan, euskal etxeen parte-hartzea bultzatuko da.

53.- Euskal federazioek eta etxeek dagozkien lau urterako planak egingo dituzte (2008-2011), garai berrien beharrei eta aukerei, zein oraingo kideei, egokituak.

54.- Euskal federazioek eta etxeek bazkide-agiri bateratua egotea erraztuko dute.

55.- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak (EGHZ) honako jarduera-eremu hauek ezarriko ditu euskal etxeak diruz laguntzeko deialdietan:

a) ohiko gastuetarako (Kontabilitateko IV. Kapitulua)

· gazteak
· emakumeak
· kanpoko irudia eta komunikazioa
· oroimen historikoa berreskuratzea

b) inbertsio-gasturako (Kontabilitateko VII. Kapitulua)

· hondamendiek eragindako kalteak konpontzea
· arkitekturako oztopoak ezabatzea
· euskal etxeen egoitza berriak eraikitzea
· gazteentzako lekuak egokitzea
· gazteen eta emakumeen jarduerak garatzeko teknologiak txertatzea

56.-Euskal federazioak eta etxeak bakegintzan konprometitzen dira.


Lotura interesgarriak

Euskal Gizataldeen IV. Biltzarraren Ondorioak
Jaurlaritzaren lehendakaritza webgunean


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia