euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskal erroez harro

20/08/2005

PUBLICIDAD

Idahoko Boise hiriburuan (AEB) uztaileko azken asteburuan egina den Jaialdi (sic) izeneko euskal elkarretaratze handiari buruz mintzo da artikulu honetan Miren Edurne Artiach boisetar euskalduna. Sei mila bat idahotar bezala, bihotzean amerikartasuna euskal sentimendu sakon batekin uztartzeko modua izan du Mirenek, etxean ikasia, bere historia pertsonalean sendotua eta eguneroko bizian adierazia.
Miren Artiach
Idahoko Estatu Idazkariaren idazkaria

Hemen, Boisen (Idaho), amaitu berri dugu bosgarren Jaialdia, eta pozez zoratzen gaude, izugarrizko arrakasta izan duela esan dezakegulako. Hainbat arrazoi daude horrelako jaialdi bat bost urtean behin bakarrik egiteko. Lehenik eta behin, bi urtetik gora behar dira horrelako gauza bat antolatzeko. Jaialdian lan egiten duten lagun gehienak boluntarioak dira, eta denbora handia behar da lanerako behar den jende guztia bilatzeko, gauza guztiak ongi irten daitezen.

Gure euskal jatorria dela-eta sentitzen dugun harrotasuna adieraztea da sorlekutik hain urrun horrelako jaialdi bat antolatzeko dugun arrazoi nagusietako bat. Bizitza hobe baten bila beren Euskal Herri maitetik etorritako emigranteen seme-alabak gara gutako asko. Haietako askorentzat ikaragarrizko sakrifizioa izan zen hura, baina gehienek beren berezitasunari eutsi zioten, AEBetako kultura asimilatzeko lan handia egin bazuten ere. Agian, euskaldun izatearen harrotasuna izan zen seme-alaba eta bilobei egin zieten oparirik ederrena. Are zorionekoagoak garen gutako batzuei euskara erakutsi ziguten gurasoek, munduko hizkuntza berezienetako bat. Idahon eta AEBetako mendebaldeko inguruko gainerako Estatuetan, ikaragarrizko ospea lortu dute euskaldunek, herritar jator izateagatik. Nire iritziz, haien familiek beren nortasunaz harro egoten erakutsi zietelako da hori. Hemen, AEBetako diasporan, errespetatu egiten dute gure berezitasuna; horregatik, euskaldun gisa dugun betebeharra gure kultura gure ingurukoekin partekatzea dela uste dugu.

Gure harrotasuna Boiseko herritarrekin partekatzeko dugun ardura horrek bultzatuta sortu zen Jaialdia. Orain, nazioartean ikusten gaituztenez, gure ohitura aberatsak ezagutzera etortzen diren euskaldun zein ez-euskaldunei ematen diegu ongietorria. Aste honetan euskal dantzak, musika, kirolak, janaria eta mintegiak izan ditugu. Euskaldunak ez direnentzat, gu hobeto ezagutzeko eta euskal kulturaren edertasunaren, indarraren eta berezitasunaren lekuko izateko aukerak dira horiek guztiak. Euskaldun garenontzat, berriz, diasporako gure anai-arrebak agurtzeko eta harreman berriak sortzeko garaia; elkarri laguntzeko, hain maitea dugun hori babesteko ahaleginean.

Jaialdia bezalako ospakizunik ez balego, Euskal Herriko gertakariei buruz AEBetako prentsak eskaintzen duen ikuspegia sinetsiko luke hemengo jende askok. Euskaldunak endreda-makilak direla sinetsaraziko liguke prentsak, askatasuna indarkeria erabiliz lortu nahian dabiltzala. Gure hedabideetan, inoiz gutxitan izaten dira hizpide euskaldun errugabeen atxilotzeak, horien aurkako torturak eta bestelako giza eskubide urraketak. Jaialdia elkar ulertze berri baten hasiera izatea nahiko nuke. Ezinbestekoa da kulturaren alde politikoa ezagutzea, gure nortasunaren irudia osatzeko. Amaigabeak izan dira gure kultura babesteko borrokak.

Nire iritziz, bi baldintza oso desberdinetan gara daiteke herri kultura (herri) bat. Euskal Herrian bezala, nortasun (herri) baten aurkako mehatxuak etengabeak badira, are handiagoa da bizirik irauteko gogoa. Zapalkuntzak indartu egin gaitu beti! Bestalde, AEBetan bezala, zure herrialdeko biztanle gehienek pluraltasuna errespetatzen badute, askatasuna duzu eta kultura berezi baten biziraupena bultzatzen dutenak errespetatzen dituzu.

Gure nortasuna ospatzeko egin dugun aste honen ondoren, beterik eta pozik ditugu berriz ere bihotz eta arima. Hemendik bost urtera izango den hurrengo Jaialdira arte izango diren gertakariekin neurtuko nuke nik gure ahaleginen arrakasta. Badakit aste honetan egin ditugun harremanek ahalegin berriak egiteko indarra emango digutela, munduko hainbat komunitatetan gure nortasuna elikatzeko.

Euskal Herritik eta munduko beste hainbat lekutako euskal komunitateetatik etorritakoei, nire eskerrik beroenak gure jaietan parte hartzeagatik. Oso iritzi onarekin joan izana espero dut. Gure arbasoen sorterritik urrun bagaude ere, gure euskal jatorria zenbat estimatzen dugun ikusteko aukera eduki duzue.

(2005-08-20an Berria-n argitara emanikoa)


Comentarios

« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia