euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskal Diasporak bere tartea izango du gaur Beran egingo den Nafarroa Oinez jaian, teknologia berriak tarteko

15/10/2006

Guztia prest Beran, harrera egokia egiteko Nafarroa Oinez-eko ekitaldietan parte hartzera etorriko diren milaka lagunei (Martin Goikoetxea argazkia)
Guztia prest Beran, harrera egokia egiteko Nafarroa Oinez-eko ekitaldietan parte hartzera etorriko diren milaka lagunei (Martin Goikoetxea argazkia)

PUBLICIDAD

Dena prest dago Beran 2006ko Nafarroa Oinez, nafar ikastolen aldeko urteroko jaia egiteko. 'Baietz Oraingoan!' lelopean, Labiaga Ikastola da aurtengo antolatzaile eta bertako ikasleak eta Bortzirietako herri honetara hurbildu nahi duten euskaltzale guztiak izango dira jaiegun honen protagonista. Aurten tarte berezia hartuko du euskal Diasporak, bideokonferentzia bidez Australia eta Venezuelako euskaldunekin kontaktatuko baitute antolatzaileek. Beste euskal etxe batzuk, Mar del Platakoak esaterako, ekitaldi bereziak egin dituzte egunotan Nafarroa Oinez dela-eta.
'Baietz Oraingoan! lelopean egingo da gaur Beran 24. Nafarroa Oinez, euskararen eta Nafarroako ikastolen aldeko urteroko jaia. Labiaga Ikastola da aurtengo antolatzailea eta jaialdian lortutako dirua ikastola honek dituen arazo ekonomiko larriak konpontzeko erabiliko dute. Arduradunek 100.000 euskaltzale bertaratzea espero dute, ikastola eta euskal kulturaren alde egiteko prest. Bertaratuko direnez gain, aurten milaka kilometrotara dauden euskaldunen sostengua ere jasoko du Nafarroa Oinezek, zenbat euskal etxeekin egingo diren bideokonferentzien bidez.

Jai egunaren helburuen artean, ekonomikoak dira garrantzitsuenak. Izan ere Berako Labiaga Ikastolak hamar urte daramatza nafar gobernuaren subentziorik jaso gabe. Honek 600.000 eurotako diru zorra eragin du ikasketa zentroan, eta berau amortizatzea da xede nagusia. Baliabide ekonomikoek duten garrantzia alde batera utzita, euskarak Nafarroan bizi duen egoera baztertzailea salatu eta euskal kulturaren sustapena bultzatu nahi ditu Nafarroa Oinezek.

Ibilbidea zazpi gunez osatua izango da. Goizeko 9:30etan hasiera emango zaio jaiari lehenengo gunea osatzen duen Kaxerna Dorretxetik. Une horretatik aurrera jaia, musika eta hainbat ikuskizun eta jokoez gozatzeko aukera izango da ibilbidean zehar: Kuraia eta Sexty Sexers taldeen kontzertuak, haurrentzako herri kirolak, batukada... Honetaz gain, hainbat autobus antolatu dira Donostia eta Iruñetik eta aparkaleku ugari inprobisatu dituzte bertaratu nahi diren guztientzat. Egitaraua eta beste hainbat informazio hemen kontsultatu daitezke. [Ezkerreko irudian, aurtengo Nafarroa Oinez-en logoa]

Euskal Diasporak ere protagonismoa izango

Urtero legez, Diasporako euskaldunek eta zenbait euskal etxeek bat egingo dute jaiarekin, baina aurten beraien lekua inoiz baino nabariagoa izango da. Izan ere Nafarroa Oinezeko antolatzaileek Amerika, Australia eta Europako zenbait euskal etxeekin kontaktatuko dute egunean zehar. Australia eta Venezuelako euskal etxeen kasuan kontaktua bideo konferentzia bidez egingo da. Goizeko 10:00ak aldera Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxearekin bat egingo dute beratarrek, eta arratsaldeko 17:00etan aldiz, Venezuelako Caracasekoarekin.

Diasporako kideen agurrak eta testigantzak hunkigarriak izanen dira seguruenik, Labiaga ikastolakoek 1936ko Gudaren garaian emigratutako pertsonekin hitz egingo baitute. Ihes egin izanaren arrazoiak, euren bizimodua beste estatu batean, euskaldunak atzerrian, Euskal Etxeak eta hauen garapena... izango dira elkarrizketaren funtsa. Nafarrak, gainera, beste hainbat euskal zentruekin (Bartzelona, Mexiko, Argentina...) kontaktuan jartzen saiatuko dira webcam sistema baten bidez, eta izan daitezkeen arazo teknikoei aurre egitea lortuz gero, atzerriko euskaldunek inoiz baino partaidetza garrantzitsuagoa izango dute aurtengo Oinezen.

Mar del Platan, Oinez ere bai!

Bestalde, Argentinako Mar del Plata herriko Euskal Etxeak ekitaldi berezia egin zuen ostiralean, Nafarroa Oinez dela-eta. Ekitaldia euskal etxeko Artaburu Euskara Taldeak antolatu zituen, aurretik Araba Euskaraz (Arabako ikastolen jaia) eta Kilometroak-ekin (Gipuzkoako Ikastolen jaia) egin zuten bezala. Argentinako ekitaldiari bere izan propioa jarri zioten, 'Mar del Plata Hankaz', eta Denak Bat Euskal Etxeko Iñaki Azpiazu aretoan egin zen. Gainera, gaur Argentinan Amaren Eguna dela-eta umeek Nafarroa Oinezeko logotipoaren postalak marraztu zituzten euren amatxoentzako opari gisa [honen kronika zabalagoa, datozen egunotan EuskalKultura.com-en]


Lotura Interesgarriak

Nafarroa Oinez 2006
www.nafarroaoinez.net

Nafarroa Oinez espera este domingo a más de 100.000 euskaltzales
Deia egunkarian

La ikastola Labiaga de Bera espera 100.000 personas el domingo
Diario de Noticias egunkarian

Nafarroa Oinez servirá para amortizar la deuda acumulada
Gara egunkarian

Kilometroak 2006 en Mar del Plata, Argentina
EuskalKultura.com-en argitaratua, 2006ko urriaren 9an


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia