euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskal diaspora: sareak lotua. Internet-ek euskal diasporako kideen artean izan duen eragina aztertu du Jon Maiak erreportaia honetan (Berria egunkarian)

16/05/2004

PUBLICIDAD

Munduan barrena sakabanatuta dauden euskaldunek sarritan aldarrikatzen dute eurek zortzigarren herrialdea osatzen dutela. Hau da, diaspora. Azken urteetan, gainera, euren burua Euskal Herritik gero eta gertuago ikusten dute, garai bateko urruntasuna murriztuta. Jada, inor gutxik sentitzen du munduaren beste puntan bakartuta dagoela. Eta horrek badu arrazoi nagusi bat: Internet. Sarearen erabilpenak munduko euskaldunen jarduna eta harremanak egiteko modua irauli du. Etxera gerturatu ditu, haien dinamika piztu du, harreman berriak bultzatu ditu eta etorkizunerako leiho bat ireki die. Interneten balio horren erakuslea da erreportaia hau bera, harreman guztiak sarearen bidez egindakoak baitira.

Alde horretatik, Jaione Arrieta Mexikoko euskaldunaren hitzak oso adierazgarriak dira: ‘Nik familia Araban dut, senitartekoak baserri batean bizi dira, eta deitzen nuen bakoitzean komeria handiak izaten genituen. Lehenengo taberna batera deitzen nuen, gero abisua jaso eta geroago deitu behar nuen berriz… Orain haiekin bizi naizela ematen du. Aireportura nire bila etortzen direnean, jada ilusiorik egiten ez diela esaten didate; beti beraien artean nagoela sentitzen dute’.

Historia laburra

Nolanahi ere, aldaketa hau berria da. Teknologia berriek ipintzen duten ziztu biziak denbora urrundu egiten badu ere, 90eko hamarkadan hasi ziren ohikoak egiten euskaldunen arteko Interneteko komunikazioak. Hain zuzen, azken hamar urteotako garapena eta jazotako gertaerak aztertzen ari da Nancy Zubiri kazetari eta idazle estatubatuarra. Kalifornian jaiotakoa izan arren, euskal jatorria du, eta 1998.urtean A Travel Guide to Basque America liburua argitaratu zuen. Bertan, sei urteko lana erakutsi zuen, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) barrena euskal arrastoak topatzeko egindako bidaiaren erakusle: ‘Elkarteak, familiak, frontoiak, jaiak…atzematen saiatu nintzen’, adierazi dio kazeta honi Zubirik. Liburuak arrakasta izan zuen, nahiko azkar 5.000 ale saldu ziren, eta idazlea dagoeneko bigarren edizioa prestatzen ari da. Halaber, emaitza hau eguneratua argitaratuko du, eta, besteak beste, Internetek euskal diasporan izan duen eragina aztertuko du atal batean.

Zubirik bezala, Interneten euskal gaiak jorratzen dituzten guztiek argi dute nor den euren jardunaren aita pontekoa. Guztiek Blas Pedro Uberuagari, eta berak sortutako buber atariari, aitortzen diote aitzindari izaera. Uberuaga 90eko hamarkadan hasi zen bere proiektu ‘xume’ horretan, baina denbora laburrean euskal mediaren eta kulturaren erreferentzia bihurtu zen. Uberuagak horrela gogoratu ditu bere hastapenak: ‘1994.urtean Washingtongo Unibertsitatean ikasle nintzen, eta beka bati esker denbora dezente nuen niretzat. Nire helburua HTML ikastea zen, eta bide batez, webgune original bat egitea. Euskal izaerako oso espazio gutxi zeuden orduan, eta ideia ona iruditu zitzaidan hortik jotzea’. Posta zerrendara jendea biltzen, albisteak eguneratzen eta artikuluak jasotzen webgune sendoa osatu zuen. Orain, hamar urte geroago, New Mexikon bizi da eta bere egitasmoa Buberren bidez aldizkari digital bat argitaratzea da.

Uberuagaren ildotik, eta sarea eskuragarriagoa egiten hasi zen heinean, posta zerrenda eta webgune ugari hasi ziren sortzen. Hala, Basque L, Diaspora vasca, Us Basques… Argentinako Juan de Garay fundazioak ere 1997.urtean ekin zion, eta gaur egun, Buberrekin batera, astean bisita gehien duen diasporako webguneetako bat da. AEBetakoak 25.000 bisita jasotzen ditu, eta argentinarrak, 20.000.

90eko hamarkadaren azken urteetan Eusko Jaurlaritzak ere ahalegin berezia egin zuen, eta euskal etxe guztietan ordenagailu bat eta posta elektroniko zerbitzua jarri zuen. Hala ere, Zubiriren irudikoz, Interneten benetako garapena ez da orain dela bizpahiru urte arte garatu, ‘ordura arte sarea bera erabiltzea ez baitzen erosoa, eta gabezia tekniko ugari baitzeuden’. Jada, garapen hori hedatu denean, Gonzalo Auza Eusko Ikaskuntzako kide eta orain arte Argentinako Juan de Garay fundazioan buru jardun denak dio euskal erakunde gehienek badituztela gune finkoak: ‘Baina esparru horiek, soilik, gutxieneko helburuak betetzen dituzte, ez baitute balio euskal izaera munduan zabaltzeko. Hori da orain dugun erronka nagusia’.

Iraultza

Urte gutxiko historia horrek munduko euskal komunitatearen errealitatea irauli du. Bizitzako hainbat alorretan aldaketa nabariak gertatu dira Internet haien artean ohikoa egin denetik. Pentsamenduaren alorrean nabarmen aldatu den gauza bat Euskal Herriari buruzko ikuspegia da, eta horren lekuko dira diasporako kideen iritziak. Uberuagak dio bere webgunea eduki garaikideez hornitzen saiatzen dela: ‘Izan ere, batik bat, Ameriketako Estatu Batuetako bisitariek Euskal Herriari buruz oso ikuspegi zaharra dute. Beren aiton-amonen Euskal Herria dute buruan, eta, agian, ez dakite orain oso herrialde modernoa dela’. Bide horretan, hainbat egunkarik -BERRIA, kasu- sortutako edizio digitalak oinarrizkoak direla deritzo, ‘egunero albiste iturriak izatea eta jatorrizko informazioa jasotzea oinarrizkoa baita’.

Gonzalo J. Auzak ere ez du zalantzarik Internetek egungo Euskal Herriaren ikuspegi eguneratuago bat ematen lagundu duela, ‘Europara bidaiatzeko joerarekin eta Gaztemunduren gisako programekin batera’. Berak -Buenos Airesen bizi da- Argentinan alde nabaria atzeman duela dio. Joseba Etxarri kazetari euskaldunak, adibidez, bertatik bertara ezagutu du garapen hori. Bi webgune ditu diasporari zuzenduak (www.euskalkultura.com eta www.basqueheritage.com) eta harreman estua du diasporako kideekin: ‘Egungo Euskal Herrira gerturatu dira, erreferentziak jada ez dira aurreko belaunaldietako senideek emandakoak, orain egunero albisteak jasotzen dira’.

Euskaldunen eta euskal elkarteen arteko barne komunikazioak ere urrats garrantzitsuak egin ditu azken hamar urteetan. Horren adibide garbia erakutsi du Jaione Arrieta mexikarrak. Vascosmexiko posta zerrenda abenduan ipini zuten martxan, eta dagoeneko 263 lagun harpidetu dira bertara: ‘Mexiko horren lurralde handia izanik, euskaldunak oso sakabanatuta gaude; ondorioz, ekitaldien berri emateko eta jendea informatzeko arazo ugari genituen. Zerrenda osatu dugunetik gauzak zeharo aldatu dira. Jendea asko ari da inplikatzen eta arrakasta ekitaldietan nabaritzen da; harremana freskotu egin da, eta oro har, jende gehiago biltzen da euskal etxera’. Puri-purian dagoen zerrenda da, denbora laburrean dinamika sendo bat sortzen ari dena eta hazteko asmoak dituena.

Horretaz gain, Internet ‘euskaldun berriak’ beren sustraietara gerturatzeko oso baliagarria izan dela deritzo Auzak: ‘Euskal jatorria duten hainbat pertsona ez dira inoiz euskal kolektibitateetan sartuta egon, baina beren izaeraren sustraiak bilatzen dituzte. Horiek guztiek Interneten dute lekua, eta milioika jendeko multzo horretara iristeko asko egiteko dago oraindik’.

Behar adina ez

Nolanahi ere, iraultza hau behar bezain besteko mailan ez dela gertatu iritzi dio Auzak: ‘Internetek demokratizazio batean eta erakundeen indartzean lagun zezakeen, baina oraindik ez da hori gertatu’. Eusko Ikaskuntzako kidearen esanetan, urteotan Internet erabiltzaileen ‘masa kritiko oso garrantzitsua’ egituratu da, baina orain euskal herritarrak diren herrialde bakoitzean eskaintza egokia falta da: ‘Orain arte egin duguna ideia on batzuk garatzea eta elkar komunikatzeko gutxieneko azpiegitura bat ezartzea izan da, baina lan handiena oraindik egiteko dago. Erabiltzaile kopurua handitu da, orain zerbitzuak eta edukinak gehitu behar dira’. Auzaren esanetan, bizi garen garaiaren arabera, Internetek eskaintzen dituen aukerak baliatu eta gogoeta egin behar da, eta euskal herritarrek jakin behar dute milioika lehengusu dituztela munduan barrena: ‘Euskal gizarte global bat eraikitzeko aukera ezin hobea dugu, eta Internetek badu zeresana zeregin horretan’.

Etorkizuneko erronkak aztertuz, Blas Uberuagak Euskal Herriari buruzko ingelesezko informazio gehiago beharko litzatekeela uste du: ‘Gero eta jende gehiago dago euskal gaietan interesa duena, baina euskaraz eta gazteleraz ez dute ulertzen. Munduan zabaltzeko ikerketa eta informazio guztiak hedatzeko moduko sistematan jarri beharko lirateke’.

Zubiriren esanetan, aldiz, etorkizunera begira eman beharreko jauzi kualitatibo handiena kultur mailan eman beharko litzateke: ‘Musikariak, batez ere, pixka bat atzeratuta ikusten ditut. Internet erabil dezakete beren lana gehiago hedatzeko, eta nire liburuan, adibidez, hori ere aipatuko dut’.

Uberuaga, Auza, Zubiri eta gainontzekoak aspaldi ohartu ziren Interneten balioaz, baina martxoaren 11n haren ezinbesteko garrantzia ezagutu zuten. ‘Webguneak ohi baino bost aldiz bisita gehiago jaso zituen’, dio Uberuagak, ‘eta lortu genuen jende guzti horri Euskal Herriaren ikuspegi orokorrago bat ematea’. Zubirik ere ‘informazio egarri’ horri erantzuteko gaitasuna nabarmendu du, eta ‘ohiko komunikabideetan azaltzen ez den herri baten ikuspegia erakusteko beharra: ‘Euskaldunon informazio bide hori jorratzeko beharra dugu’.

Orain, diasporako kideen arteko elkar komunikazioa bultzatzeko hainbat ahalegin martxan dira, eta guztiak bateratzen diren bitartean posta zerrendak eta informazio eguneratua eskaintzen duten web orriak dira diasporan arrakasta handiena dutenak. Joseba Etxarrik kudeatzen dituen www.euskalkultura.com eta www.basqueheritage.com, North American Basque Organizationen (NABO) www.basqueclubs.com, New Yorkeko euskal etxearen www.eeny.org berria, ohiko www.buber.net, Juan de Garay fundazioaren www.juandegaray.org.ar, Mexikoko www.vascomexico.com eta yahoo taldeetan sortutako hainbat eta hainbat eztabaidagune.

2004-05-16ean Berria egunkariko Igandea gehigarrian.


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia