euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Etorkinak euskaraz ere bai. Nafarroako Sakanan, 'Eskubide guztiak sakandar guztiendako' lelopean zenbait ikastaro eta ekimen eskainiko dira immigranteek euskara ere ikas dezaten (Diario de Noticias-en)

01/09/2004

PUBLICIDAD

Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuak aurrera darrai ekaina aldean abiatu 'Eskubide guztiak sakandar guztiendako!' kanpainarekin. Haren baitan, hain zuzen, eskainiko ditu ikasturte berrian 'Etorkinentzako harrera ikastaroak'.

Euskara, gaztelaniarekin batera, Sakanako hizkuntza da. Sakanako biztanleen heren bat baino gehiago euskalduna da. Hortaz, euskara da eskualde horren ezaugarri nagusietako bat. Gauzak horrela, euskara ikastera animatu nahi dituzte bertan diren etorkinak, harrera ikastaroen bidez, Mankomunitatetik esan bezala, "euskararen bidez hobeki ezagutuko gaituzuelako, eta guk ere hobeki ezagutuko zaituztegulako".

IKASTAROAK: 60 ORDU EUSKARAZ. Etorkinei zuzenduta dauden ikastaroak dira, betiere Sakanan bizi eta euskararekin zein euskal kulturarekin harremanik izan ez dutenei zuzenduak. Izan ere, harrera ikastaroen helburua baita etorkinek euskal gizartea hobeto ezagutzea eta bidenabar euskara pixka bat ikastea.

Guztira 60 ordu iraungo du ikastaro bakoitzak: astean 6 ordu, hiru egunetan banatuak. Matrikularen prezioa 10 eurokoa izango da, materiala barne. Eta ikastaroak urrian hasi eta abenduan bukatuko dira. Jendeak interesik edukiz gero, 2005. urtean ikastaro gehiago izango dira. Ordutegia ikasleek beraiek zehaztuko dute euskaltegiko arduradunekin batera. Ikastaroak emateko tokiak ere ikasleen bizitokiaren araberakoak izanen dira.

Izena emateko eta informazioa eskatzeko honako toki hauetara jo behar da: Itsai Euskaltegia (AEK), Altsasun (948 46 82 58); Constantino Salinas Euskaltegia (UGT), Altsasun ere (948 46 71 20); eta, Sakanako Mankomunitatea, Euskara Zebitzua, Lakuntzan (948 46 48 40).

KANPAINA: NORMALIZAZIOAREN BIDEAN. Aipatu bezala, harrera ikastaroen hau ekainan jendaurrean aurkeztu Eskubide guztiak sakandar guztiendako! kanpainaren atal bat da. Aurkezpen horretan liburuxka bat izan zen ardatz. Sei hizkuntzatan dago eta eskualdea ezagutarazteko tresna gisa dago planteatua. Batera, Sakanan eskaintzen diren oinarrizko zerbitzuak biltzen dira bertan. Zortzi atalatan banatua honako informazioa ematen du: kokapen geografikoa, euskara, mediko eta gizarte zerbitzuak, lan mundua, instituzioak, kultura, kirolak eta herri garraioa. Liburuxkak ere euskararako oinarrizko hiztegi labur bat dakar, bost hizkuntzatan.

Etorkinei zuzenduta dagoen kanpaina dugu, jakina, baina bertakoek ere ekimen honen zati garrantzitsua dira, izan ere, kanpotik etorri direnen kultura eta hizkuntzen berri edukitzea komenigarria baita oso, gizartea ahalik eta uztartuenen agertzeko. Kanpaina hau martxan jarri dutenen aburuz, "etorkinak gure kulturara eta hizkuntzara hurbiltzeak, elkarbizitzarako onuragarria izatekin batera, lagunduko du euskararen normalizazioan".

Egun Sakanan 853 etorkin inguru dago; hau da, biztanleriaren % 4,4, gutxi gora behera. Gehienak Maroko eta Ekuadorretik heldu dira, baina badira ere Portugal, Rumania, Kolonbia, Senegal, Kuba edota Brasildik etorri diren ugari.

Bestetik, orain arte etorkin gehien hartu dituen herria Irurtzun da, Etxarri-Aranatz, Uharte-Arakin eta Altsasu dituelarik jarraian.

Edonola ere, ekimen hau martxan jarri dutunek argi dute guztiak sakandarrak ere badirela, eta gauzak horrela sektore honen eskubideak aldarrikatuko dituzte Mankomunitatik.

EUSKAL HERRIAN ILDO BERETIK ABIATU EKIMENAK. Bistan da Sakanan bezala Euskal Herrian oro har gero eta etorkin gehiago baduadela. Hori dela eta, hainbat ekimen abiatu dira Sakanako honen ildo beretik, proiektu integratzaile gisa planteatuak.

Besteak beste, Azpeitiako Baite Euskara Elkarteak zazpi hizkuntzara itzulitako eta 200 hitzez osatutako oinarrizko hiztegia atera du eta sustatzaileek diotenez oso harrera ona edukitzen ari da Azpeitian eta kanpoan. Poltsikoan eramateko moduko liburuxka edota hiztegi horretan, egunero erabiltzen diren oinarrizko hitzak euskara batutik zazpi hizkuntzara itzuli ditu Baitek, batzuen laguntzari esker, eta Azpeitiko euskaran ere badaude emanda; euskaratik honako hizkuntzetara dago itzulpena: ingelera, frantsesa, arabiera, gaztelera, portugesa, gailegoa eta katalana hizkuntzetara. Marrazki batzuk ere badaude. Herrian ehunka ale banatu dira etorkinen artean, eta Baite kanpoko udalei produktua aurkezten ari da. Azpeitian udaletxean, epaitegian, anbulatorioan, liburutegian, euskaltegietan, denda inprimategietan eta Uztarriaren egoitzan utzi zituzten, doan.

Liburuxkaren zabalpenean laguntzeko eta liburuxka ezagutzera emateko bideoa ere grabatu du Baitek. Bideo horretan, herrian eta inguruan bizi diren hainbat etorkinek hartu dute parte, eta hiztegiaren erabilgarritasunaz eta integraziorako egin dezakeen laguntza aipatzen dute.

Bestetik, aipatzekoa da ere HABEk, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean proposatu Aisa harrera-ikastaroak : Euskal Autonomi Erkidegoan bizi eta euskararekin harremanik izan ez duten etorkinak, euskal gizartea hobeto ezagutzea eta euskara ikastera bultzatzea dute helburu.

Horrelako adibide gero eta gehiago badago, errealitateari erantzun nahian, alegia.

(2004-09-01ean Diario de Noticias-en argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia