euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Erromak ere Euskararen Eguna ospatu zuen, euskaldunak eta italiarrak Festa dell'Euskera izenekora erakarriz

14/12/2005

Euskal Herritik Erromarako bidaia egin zuten Haritz Alustiza eta Naiara Bernal trikitilariek, bertako Euskararen Eguneko ekitaldietan parte hartzeko (ACE argazkia)
Euskal Herritik Erromarako bidaia egin zuten Haritz Alustiza eta Naiara Bernal trikitilariek, bertako Euskararen Eguneko ekitaldietan parte hartzeko (ACE argazkia)

PUBLICIDAD

Euskararen Nazioarteko Egunak bere ospakizuna izan zuen Erroman, Associazione Culturale Euskara-k antolatutako Festa dell'Euskara jaiarekin. Ekitaldi berezia izan zen, bertaratukoak jarritako giro alaiaz gain, 'benetako senidetasuna' bizi izan zelako Erromako Cantiere zentroan. Jaian, musikan eta bertsotan nor baino nor ibili ziren euskal trikitilariak eta Italiako organetto joleak, bertsolariak eta Erromako 'inprobisatzaileak'. Giro aparta, Erroma bertatik idatzitako kronikak dioskunez.
Erromako Associazione Culturale Euskarak aste osoko jai eta ekitaldi egitaraua zuen antolatua Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, eta abenduaren 3an bertan Festa del'Euskara-Jaia! egin zuten. Alex Mendizabalek, ACEko kideak, ekitaldia benetan berezia izan zela eta Euskararen Eguna giro ederrean ospatu zutela onartu dio euskalkultura.com-i, kontent dela alegia, lortutako emaitzekin. Euskal Herritik iritsitako artistekin batera, musikari italiarrak ere bildu ziren jaira, eta beraien arteko konplizitate eta kimika ona begibistakoak suertatu ziren.

Euskal Herriko Haritz Alustiza eta Naiara Bernal trikitilariak, Xabier Egidazu eta Ainitze Oruesagasti dantzariak eta Miren Artetxe bertsolaria izan ziren jaian. Aurrez aurre, Italiako Lazio eskualdetik, Andrea Delle Monache eta Giuseppe Runci soinu eta pandero joleak. 'Italiako musikariek bertsoak bapatean botatzen dituzte, organetto izeneko soinua jotzen duten bitartean. Jakina da euskal trikitilariek erabiltzen dituzten ia akordeoi guztiak Italian eginak direla eta beraz gauza berezia oso izan zen bi herriotan erabiltzen den instrumentu beretsuari zer musika mota diferenteak ateratzen zaizkion entzutea eta haiekin jendea dantzan jartzea', azaldu du Mendizabalek.

Euskal eta italiar musika, dantza, pintxoak, bertsoak...

Partaidetza horretaz gain, kontzertu berezi bat eskaini zuen Ponentino Trio izeneko talde italiarrak euskal festan, Erromako kantu herrikoi tradizionalak kantatuz. Talde honek eskaintzen dituen ikuskizunak 'oso dibertigarriak, pikanteak eta trebeak' izaten dira, Mendizabalek azaltzen duenez, 'eta jendeak ederki gozatu zuen'. [Ezkerreko argazkian, Ponentino Trio italiar taldeko kideak, euskal festaren karietara giro ezinhobean eskaini zuten emanaldiko une batean (ACE argazkia)]

Aldi berean, jaia ospatu zen aretora 'panderoa jotzen duten beste laupabost pertsona eta dantzari gehiago etorri ziren, jaia zeharo animatuz eta dantza sueltoaren indarra agerian utziz. Giroa alaia, paregabea izan zen'. Horrekin batera, pintxo sorta ederra eta Euskal Herriko jakiak dastagai eskaini ziren. Eta hauek ere arrakasta nabaria lortu zuten bertaratutako erromatar eta euskaldunen artean.


Lotura interesgarriak

Día del Euskera organizado por Haize Hegoa, en Montevideo
Publicado en euskalkultura.com, el 12 de diciemrbe de 2005

El Centro Vasco de Villa Mercedes celebró el Día del Euskera
Publicado en euskalkultura.com, el 12 de diciemrbe de 2005

Día Internacional del Euskara en la Euskal Etxea de Sydney
Publicado en euskalkultura.com, el 9 de diciembre de 2005

Un día a todo euskera en Mar del Plata, Argentina
Publicado en euskalkultura.com, el 5 de diciembre de 2005

El Día del Euskera arranca hoy en Bilbao con un maratón cultural
Publicado en euskalkultura.com, el 3 de diciembre de 2005


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia