euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Elkar megadendak 30 urte bete ditu: Bilintx mitikoarekin hasi eta 16 dendako sarea eraiki dute azken urteotan

23/10/2007

Euskal Herriko liburudenda sare handiena
Euskal Herriko liburudenda sare handiena

PUBLICIDAD

Franco hil berri itzuli zen Joseba Jaka Hego Euskal Herrira, egitasmo sendo batekin: Donostiako Parte Zaharrean liburu denda bat zabaltzea. Euskaraz edo Euskal Herriaz zegoen guztia bildu zuten metro koadro gutxiko denda horretan. Gaur bost megadenda eta beste hainbat denda daude Elkar sarean. Joxean Agirre kazetariak sinatzen du honako artikulua Gaur8ko orrialdeetan.
Donostiako Elkar megadendan ostegunean egingo den ekitaldi batekin ospatuko da liburu dendaren 30. urteurrena. Franco hil berri zela itzuli zen Joseba Jaka Hego Euskal Herrira buruan egitasmo sendo bat zekarrela: hiru urte lehenago Baionan zabaldu zuen Zabal liburu dendaren antzekoa zabaltzea Donostian. Ordurako bere lau anaiak (Jon, Gregorio, Xanti eta Bixente) ikastoletako materiala banatzen edo atez ate liburuak saltzen zenbiltzan. Fermin Kalbeton kaleko 30. zenbakian zabaldu zuten gerora mitiko bihurtu zen Bilintx liburu denda 1976ko abuztuan. «Liburu denda kaskarra zen, publikoarentzat ez zituen hogeita hamar metro koadro baizik, baina euskaraz edo Euskal Herriaz une horretan argitaratuta zegoen guztia bildu genuen bertan», esan zuen Jon Jakak, gaur Elkar megadenda sarearen zuzendari nagusi denak.

Euskal produkzioa oso urria zen garai hartan eta zegoen apurra sakabanatu zegoen. «Auspoak, esaterako, harpidetza bidez banatzen zuen bere saila eta beste hainbat liburu zegoen atera bai, baina dendetara iristen ez zena. Bilintxek hori dena biltzea lortu zuen», jarraitu zuen Jonek. Jaka anaiak ordurako esperientzia dezentea zuten atez ateko salmentan ere. «Nik neronek hiru urte neramatzan Walt Disneyren 'Gauza harrigarriak' saila saltzen. Hego Euskal Herriko ikastola gehienak ezagutzen genituen banan-banan. Bilintxek, ondorioz, sakabanatuta zegoen material hori guztia bildu zuen. Aldi berean, ekonomia, politika eta garaiko mugimendu politikoak eskatzen zituen gaztelerazko beste hainbat liburu biltzeko lekua ere bilakatu zen. Baina gauza horietaz gainera, Bilintx idazle eta euskaltzaleen topaleku, enkarguak hartu edo uzteko toki eta hitzorduak egiteko gune izan zen urte batzutan», nabarmendu zuen Jonek.

Hiru bat urtean sekulako jauzia egin zuen euskal produkzioak eta, denda hori euskal gaietarako bakarrik utziz, beste eskaintza guztia Esterlines kalera pasatu zuten. Denda hori ere txiki geratu zitzaien eta 1994. urtean pasatu ziren gaur egun Elkar megadenda kokatuta dagoen lekura. Hala, 250 metro koadro izatetik 800 metro koadro izatera pasatu ziren.

Sarea sortzen

Euskal Herri osoan liburu eskaintza zabalena duen denda Donostiako Elkar megadenda da. Bigarrena, berriz, sare berdineko Gasteizko Elkar megadenda da. Donostiakoan 100.000 izenburu inguru daude salgai, gehienak liburuak, musika atal bat eta jokoen beste bat baldin badituzte ere. Hala ere, sarean dauden beste hiru megadendak kontuan izanik, kopuru hori asko handitzen da.

«Bilintxek sekulako harrera izan zuen eta beste hiriburuetatik jendea etortzen hasi zitzaigun. Jende horri zerbitzu hurbilagoa ematearren hasi ginen megadendak zabaltzen. Iruñean Xalbador zabaldu genuen 1985ean eta, jarraian, Bilbon Urretxindorra ireki genuen. Gasteizen egoera ezberdina zen, gurearen antzeko pare bat liburu denda baitzeuden zerbitzu ona ematen zutenak; oso harreman onak genituen elkarrekin. Bi denda horietako bat, Axular, oso karismatikoa zen eta gurearen oso antzeko filosofia zuen. Lankidetza oso estua izan genuen bi denda horiekin, baina 1999an Axular ixtera zihoazela jakin genuen eta haren lekuan Arriaga zabaldu genuen», jarraitu zuen Jon Jakak.

Bidenabar liburu denda txikiagoak irekitzen hasi ziren Gipuzkoan barrena 1980ko hamarkadan. Etxepare ireki zuten Bergaran, Ramos bereganatu zuten Donostian, Bilintx zabaldu zuten Tolosan eta Bertso Hop Bilintx Irunen. Hurrengo hamarkadan, 1990ekoan, Xalem zabaldu zuten Iruñean, Herriak Bilbon, San Anton kaleko bigarren Arriaga eta Arriaga Campus Gasteizen eta Mattin megadenda Baionan. Hirugarren denda bat ere zabaldu zuten Bilbon Zazpi Kaleetan zeuden Verdes eta Borda elkartuz. Eta oraindik orain beste denda bat zabaldu dute Arrasaten. Horrenbestez, guztira 16 dendako sarea du egun Elkarrek. «Dendetako batzuk lehendik zeuden eta jarraipenik gabe geratu zirelako hartu genituen guk. Ramos, esate baterako, itxi egin behar zutelako hartu genuen. Jarraian, unibertsitateko testuliburuetan espezializatu dugu. Gauza bera gertatu da beste zenbait dendarekin ere. Guk denda bat zabaltzeak ez du esan nahi lokalak erosten ditugunik; kasu banan batzuetan alokatu egin ditugu», jarraitu zuen Jon Jakak.

Merkataritza gunea, self servicea

Bien bitartean, Bilintx mitikoak ere aldaketak jasan ditu. Hasieran Fermin Kalbeton kaleko 30. zenbakiko lokalean paper denda jarri zuten, baina egun bidai eta mendi liburuak eta jatorrizko hizkuntzan idatzitako narratiba liburuak daude bertan --ingelesezkoak bereziki--. «Demagun Ken Folleten edota Harri Potterren azken liburua irteten dela. Denda horretan liburua jatorrizko hizkuntzan aurkituko du edonork, kasu honetan ingelesez. Hilero 100 liburu berri hartzen ditugu ingelesez», esan zuen Jonek.

Katalunian, esate baterako, badaude bertako produkzioa mimatzen duten liburu dendak, baina ez da Elkar bezalako sarerik sortu. «Sarean lan egiteak sekulako abantailak ematen ditu. Gure denda bakoitzean badakigu erosleak nahi duen liburua non aurkituko dugun eta horrek liburua oso ordu gutxitan eskuratzeko aukera ematen digu. Megadendetan izenburu kopuru handiak gorde daitezke, baina ez Bergaran, Irunen edo Tolosan. Denda horietan izenburuen erdiak bakarrik gorde daitezke, baina sareak liburuak biharamunerako bertan izateko aukera ematen digu», jarraitu zuen Elkar megadenden zuzendariak.

«Urtean 70.000 liburu argitaratzen dira Estatu espainolean eta ezin dira denak liburu denda guztietan eduki. Estatuko argitaletxeen katalogo bizia 400.000 liburu ingurukoa izango da. Bezeroari katalogoko edozein liburu azkar eskuratzeko aukera eman behar zaio», jarraitu zuen Jon Jakak.

Merkataritza guneek liburu dendei egiten dieten lehiaz galdetu genion Jon Jakari. «Merkatal guneak self serviceak dira eta gureak jatetxeak. Guk jende profesionalaren aldeko apustua egin dugu. Luzaroan lan egin eta ikasi duen jendea dugu, bezeroari behar bezalako harrera egin eta gomendioak emateko gai dena. Kontzeptua ere ezberdina da. Merkatal guneek bestsellerak bakarrik dituzte salgai; asko saltzen dena bakarrik erakusten dute. Guk katalogo batekin egiten dugu lan eta orain hamar urteko liburu interesgarriak eta klasikoak ere baditugu», erantzun zuen. Elkar megadendak Interneten du bere katalogoa, www.elkar.com web orrian. Eskaera guztiak postaz edo beste zernahi garraioz entregatzen dira.

Elkar denda sarea bitxia bada, bakarragoa da oraindik enpresa bera. «Gure sarearen indarra esplikatzeko atzetik dagoen filosofia ezagutu behar da. Guk soldata bat dugu eta puntu. Irabazten den diru guztia sektorean inbertitzen da, jabetza fundazioarena delako», esan zuen Jonek. «Liburuak ematen al du dirurik?» galdetu genion. «Orain 15 urte diru asko ematen zuen, baina askok ez duten sektorean inbertitu. Azken urteotan sareari esker defendatu egiten gara», esan zuen.

(2007-10-19an Gaur8-n argitara emana)


Lotura interesgarriak

Elkar megadenak
www.elkar.com

Elkar megadendak
www.elkarfundazioa.org


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia