euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Eguzkia joan da

12/05/2005

PUBLICIDAD

Zazpiak Bat delakoaren egiari edo gure gazteak --partikularzki Iparraldekoak, baina euskal gazteak oro har-- sartuta dauden hizkuntz eta kultur dinamika eta egoerari erreparatzen dio Baionatik Eneko Bidegainek artikulu honetan. Eta iluna egozten dio idazle eta kazetari lapurtarrak bere ingurura begiratu eta ikusten duen paisaiari.
Eneko Bidegain

Nora joan ote da eguzkia? Bere amagana? Negu luzea ukan dugu, elurra ez bazen euria, eta euria ez bazen zeru estalia eta fresko. Zeru estalia Herri Urrats egunean ere, arratsalde bukaerako eguzki izpiak salbu. Anitzek eguzki izpiak hartuko dituzte gogoan. Nik Senpereko zeru hitsa, Nafarroaren Eguneko arratsaldean egin zuen euri erauntsia bezala.

Mende laurden batez besta horiek bilakaera ederra ezagutu dute. Ipar Euskal Herriko gazteria erakarri dute, giro abertzaletik eta euskalzaletik kanpoko gazteria. Marka ona. Euskararen aldeko jarrera zabaldu dela dirudi. Euskara ez da gehiago marginala, eta aberzaleen giroa ere ez.

Baina baikorrak utziko ditut irakurketa horren egiten. Eni iruditzen zait frantses giroa ari dela gero eta gehiago nagusitzen euskal bestetan. Badut beldurra jende horiek ez ote diren garagarnoa prezio merkean edateaz euskararen egoeraz baino gehiago axolatzen.

Euskararen aldeko jarrera ireki dutela? Segurki! ...eta? Non ikusten dira azken urteetako emaitzak? Milaka guraso gehiago dago ikastoletan? Milaka boz gehiago ukaiten dute abertzaleek? Milaka garagarno litro saltzen dituzte, bai. Baina ez zait iruditzen araberako emaitzak lortzen ditugunik.

Berriki dantza ikusgarri bat ikusi nuen kostaldeko herri batean. Euskal dantza zen ardatz. Koregrafia batean "Eusko gudariak" ere entzun zen. Eta gainerateko guztia frantsesez. Abertzaleak giderretan diren Herriko Etxeetan ere euskararen lekua herabe dela erran nezake. Abertzaleak tira ahala frantsesez entzuten ditut leku anitzetan. Zer Euskal Herri eraikiko dugu horrela?

Tabakoak, sagardotegiek eta horrelakoek muga hautsi dute. Baina hizkuntzaren muga gero eta handiagoa da. Eta nahiz eta Herri Urratsen zazpi herrialdeetako euskal herritarrak bildu, ez badugu kultura eta hizkuntza bera ahoan, ez da elkar gurutzatzerik, muga ukaezina da, eta Zazpiak Bat birtuala.

(2005-05-12an Le Journal-en argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia