euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Egunkaria, euskaldun bizitzeko erabakimena

20/02/2006

PUBLICIDAD

Euskaldunon Egunkaria Espainiako epaile baten aginduz itxi zutela hiru urte bete direnean, oraindik ere bukatzeke eta argitzeke dagoen auzi honi buruzko gogoeta egiten du artikulu honetan, afera honengatik Espainiako Auzitegi Nazionaletik eta Guardia Zibilaren eskuetatik pasatua den eta Egunkaria kasuko auzipetuetakoa den Iñaki Uria Egunkariko kontseilari ordezkariak.
Iñaki Uria
Euskaldunon Egunkariko Kontseilari Ordezkaria

Espainiako estatu terrorismoaren biktima izan ginen Egunkaria bera eta honen itxieraren ondorioz atxilotutako lagunak. Munduan zegoen euskarazko egunkari bakarra ixteko erreparorik ez zuten izan. Europako hizkuntzarik zaharrenaren gordari den komunitatearen aurka atentatzeko kezkarik ez zuten izan. Adierazpen askatasuna, informazio eskubidea, giza eskubide guztiak urratzeko lotsarik ere ez.

Urtez urte, egunez egun, euskal prentsak egindako aurrerapenik handiena, Euskaldunon Egunkaria, bere txikitasunean garrantzitsu bihurtu zen Espainiako estatuarentzat. Euskaldunon Egunkaria Nazioa zen bere txikian. Independentea bere handian. Euskaltzalea, baterakoia eta zabala. Ezinezko zirudiena lortu zuen: irakurleak eta iragarleak erakartzea euskal prentsara. Berezkoa zuen beste egunkari handi askok faltan dutena: sinisgarritasuna.

Gaurko egunez beteko dira hiru urte, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile baten aginduz Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuela. Gaurko egunez, hiru urte pasa ondoren, epaile instruktoreak ez du oraindik instrukzioa amaitu... baina Egunkaria itxita eta enpresa likidatuta daude aspaldian. Zazpi auzipetu auzipetze autoaren aurkako helegitea erabaki zain... baina ez geldirik. Egunkariaren Alde Elkartea, Babes Taldea, Madrileko Kongresuko talde parlamentari guztiak (PP eta PSOE salbu), Europarlamentarien atxekimendua, Kataluniako Parlamentukoa, Eusko Legebiltzar eta Jaurlaritzaren sobreseimendu eskaerak... garrantzia handiko erreferentziak dira Egunkaria kasuaren konponbidean.

Azken urte t’erdi honetan EAJ, EA, Aralar nahiz Batasunako ordezkariak aho batez eta aho betez entzun ditut Espainiako Auzitegi Nazionalaren kontra hitz egiten. Baita PSE alderdiko ordezkariren bat ere: "Auzitegi Nazionalak ez luke existitu beharko... baina terrorismoa dagoenez...". Dena zilegi.

Deklarazioetatik kanpo zer egin da ordea Justiziaren izenean Euskal Herriko politikan eragile zuzena bihurtu den epaitegi hori aldatzeko? Herritar gehienek "garai berriak" ikusi nahi dituzte... baina, asko dira interesatuak garai zaharrek iraun dezaten; besteak beste, aipatu dugun Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile asko eta asko.

Euskaldunok nekez ikusiko dugu aldaketa politikorik Egunkaria kasua edota orain bertan epaitzen ari diren 18/98 sumarioa bertan behera uzten ez badira. Bultzada politiko batek abiarazi zituen... baina bultzada politikorik ez dugu nabarmendu hauek deusezte aldera. Eta bultzada politikoak behar ditugu, besteak beste, Egunkaria itxi zutenean euskal herritarrok pairatu genuen babes faltari aurre egiteko. Epaitegi sumarisimo bateko epaile batek euskaldunok hautatutako herri erakundeen gainean aginpiderik izan ez dezan. Euskal herritarrok geure artean erabaki dezagun nola bizi estatu izu-eragile baten biktima izan gabe.

Prentsa eta hedabideak garrantzia handiko tresnak dira gaur egungo gizarteak egituratzeko orduan. Euskal prentsari begiratuz gero aurrerakada handia egin duela nabarmendu daiteke. Egunkaria itxi zutenetik Euskal Herri mailako egunkari bat eta eskualde mailako beste zazpi sortu dira... Aldizkari, blog, eta internet bidezko irakurleak ere gero eta gehiago dira. Ikus-entzunezkoetan ere mugimendu interesgarri eta proiektu berriak antzematen dira.

Aurrera begira asko falta da egiteko. Bistan da. Auzipetuok bide luzea egin beharko dugu oraindik Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Epaitegietan barrena. Jakina. Begiratu dezagun ordea egindako bidea: hiru urte hauetan emandako jauzia, euskal prentsak sekula egin duen aurrerapenik handiena izan da. "Egunkaria Aurrera!" ez zen manifestazio garrantzitsu batean amaitu. Euskaldunok elkarlanean dihardugu orduz geroztik euskarazko hedabide berriak errealitate bihurtzen eta Egunkariaren itxiera ekarri zuten legedi, Auzitegi eta egoera politikoa aldarazten.

Ez da nahikoa izango komunikabide berriak irekitzea. Horrezaz gain, egunkari eta hedabide hauek arbitrarioki ez ixteko bermea ere irabazi behar dugu. Hitz bitan esateko, euskaldun bizitzeko aukera.

Horixe da, itxi arren, Egunkariak biziarazi duen erabakimena.


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia