euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Edurne Azpitarte, dantza txapelduna: «Dantzan aurrean ibili nahi baduzu, zeure buruari asko eskatu behar diozu»

20/06/2007

Azpitarte neba-arrebak saria eskuetan joan den asteburuan Seguran (argazkia Noticias Gipuzkoa)
Azpitarte neba-arrebak saria eskuetan joan den asteburuan Seguran (argazkia Noticias Gipuzkoa)

PUBLICIDAD

Hirugarren aldiz jarraian eskuratu dute Gipuzkoako Seguran jokaturiko Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketa Jon Ander eta Edurne Azpitarte anai-arreba azkoitiarrek. Bikoteak hogei urte daramatza elkarrekin dantzan eta elkarren tasun eta puntu ahulen berri zehatza dauka. Entrenamendu edo errepika gogorrak egin behar izan dituzte, eta bideoek ere laguntzen dute hobetu edo findu beharreko gauzak detektatzen. Berriak atzoko alean eman zuen argitara Itsaso Ibarrak Edurne Azpitarteri eginiko elkarrizketa hau.
Igandean Segurako Baratze pilotakuan jokaturiko Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketan Azkoitiko Jon Ander eta Edurne Azpitarte anai-arrebek eskuratu zuten lehen postua, hirugarrenez jarraian. Hala, Azkoitian geratuko da Nestor Basterretxeak eginiko oroigarria.

-Zer moduz joan da aurtengo txapelketa?

Gure aldetik behintzat, oso gustura gelditu gara. Bi irabazita geneuzkan, eta hiru jarraian irabazita garaikurra Azkoitiko udaletxean geratzen zenez, gogo handiagoarekin joan gara txapelketara, irabazteko asmoz. Azkenean, lortu dugu, eta horrek poztu egiten zaitu. Horrenbeste lan egin eta gero hori lortzeak poza ematen du.

-Nola sentitu zinen txapelketan?

Agian, ni anaia baino urduriago nengoen, baina hori taula gainera irten baino lehenago. Gero, oholtza gainera irten ginenean eta dantzan hasi ginenean, urduritasun denek alde egin ziguten, kontzentratuta, eta ahalik eta ondoena egitea zen gure asmoa.

-Dantzan, orduan, gustura aritu zineten.

Musika piezak oso politak ziren, erritmo aldetik nahiko tamaina politean zeuden, eta, betiere, hor aldea egoten da musika batetik bestera; izan ere, batzuek dantzan jarduteko gogo handiagoa ematen dizute beste batzuek baino, eta oso gustura egin genuen dantza tokatutako piezekin.

-Aurten zer-nolako maila izan da txapetan?

Bigarren geratu zirenek, Eneko Gil eta Nerea Vesga errenteriarrek, oso bikote ona osatzen dute. Horiekin geneukan duda aurrea batak besteari nork hartuko ote zion. Besteen artean ere bikote politak badaude, baina gazteagoak dira, eta oraindik agian ez daukate hainbeste indar. Baina, oso dantzari onak datoz. Teknika aldetik ere, bikote denak onak dira, eta nahiko maila ona egon zen.

-Dantzarako egokituriko piezak ere onak izan ziren?

Denentzako pieza berberak izaten dira. Urtero pieza horiek aldatu egiten dira, eta orduan, bertara joan arte ez dakizu zein pieza joko dizuten. Badakizu zortzi pausokoa izango dela, baina txapelketara joan arte ez dakizu zein doinu joko duten.

-Iazko txapelketan aurrenak izan zineten oholtza gainera irteten. Aurten, berriz, azkenak izan zarete. Lagungarria da?

Betiere abantaila izaten da. Lehenengoa izan edo azkena izan alde handia dago. Azkena izanda, dantzatu aurretik musika entzuten duzu, eta doinua ere belarrira egiten zaizu, hobeto berotuta irteteko aukera daukazu... Abantaila gehiago ditu desabantailak baino.

-Anai-arreba izateak dantzatzeko orduan laguntzen al du?

Hogei urte daramatzagu dantzan. Beti bikote moduan aritu gara elkarrekin, eta nahi ez duzula ere bikotea hobeto ezagutzen duzu, antzeman egiten da. Anai-arreba garen aldetik, agian gehiago.

-Nola prestatu duzue txapelketa?

Aurten oso entrenamendu gogorrak egin ditugu, hirugarrenaren bila joan gara, eta geure buruarekin seguru sentitu nahi genuen. Astelehenetik ostiralera entrenamenduak egin ditugu akats denak zuzentze aldera. Ispiluaren aurrean dantzatzen gara prestaturiko lokal batean, eta batzuetan norbait etortzen zaigu entseguak ikustera. Askotan, norberak akats batzuk ez ditu ikusten; bideoan ere grabatzen ditugu zenbait entsegu.

-Eta nola ikusten duzue zeuen burua.

Beti aurkitzen ditugu akatsak. Guztiz perfektu egitea ia ezinezkoa da. Beti ikusiko dugu akats txikiren bat egiten dugula; hobetzen saiatzen gara.

-Dantzari begira orduan, asko eskatzen diozue zeuen buruari.

Pixka bat bai. Horrenbeste urte daramatzagu dantzan eta zorrotza izan beharra dago; bestela, atzean geratzen zara. Aurrean ibili nahi baduzu, zeure buruari asko eskatu behar diozu.

(2007-06-19an Berria-n argitara emana)


Lotura interesgarriak

Txapelketako oinarriak eta orain arteko txapeldunen zerrenda
Dantza Soltearen Euskal Herriko Txapelketa

Irabaztearen albistea Noticias de Gipuzkoan
Azpitartetarrak nagusi dantzaren 'katedralean'

Dantzari eskainitako euskal webgunea
www.dantzan.com


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia