euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

E. Rousseau-Plotto, idazle, musikari eta historia irakaslea: «Ravelen kolore eta erritmoan euskal kultura ageri da»

11/04/2005

Maurice Ravel musikagile ziburutarra
Maurice Ravel musikagile ziburutarra

PUBLICIDAD

Ravel 1875ean sortu zen Ziburun. Ama Ziburukoa eta aita Savoiakoa zituen. Baina, sortu bezain laster, Parisera bizitzera joan zen. Halere, beti Euskal Herriari lotua izan da. Euskaraz zekien, eta opor luzeak Donibane Lohizunen pasatzen zituen. Euskal kulturak eta nortasunak bere obran eta bizitzan izan eraginaren berri gutxik dakite oraindik. Horixe aztertzen du Etienne Rousseau-Plotto-ren “Ravel, portrait basque” liburuak. Musikari eta idazlearen esanetan, euskaltasuna agerizko ezaugarri dute Maurice Ravelen obrak eta pertsonaiak berak.
Etienne Rousseau-Plotto historialaria eta organo-jotzailea da. Duela urte batzuk, Stravinsky musikagilea Biarritzen bizi izandako garaiaz liburu bat idatzi zuen. Oraingo honetan, Ravel musikagilea landu du, bereziki euskal nortasunak bere obran eta izaeran izandako eragina aztertuz. Bere esanetan, ez daiteke Ravelen obra landu bere jatorria kontuan hartu gabe. “Ravel, portrait basque” liburua lau zatitan banatu du: lehen zati batean, Ziburuko jatorriak; ondotik, 1900 urtetik goiti Ziburun egindako egonaldi guztiak eta garai horretanizandako harremanak; hirugarren zatian, euskal lurrarekin eta nazionalismoarekin izandako loturak; eta azkenik, konposizioak. «Ravel aipatzen zutelarik, lagunek ez zuten Savoiakoa izendatzen, baizik eta euskalduna. Gutun guztietan etengabe nabarmentzen da euskal nortasun hori», adierazi zuen Rousseau-Plottok. Frantsesez kaleratu dute “Ravel, portrait basque” liburua, eta euskarara itzultzekotan direla aipatu zuen.

-- ­Lehen liburuan, Stravinsky aztertu zenuen; bigarren honetan, berriz, Ravel. Zerk bultzatu zaitu lan hori egitera?

Euskal Herrira iritsi nintzenetik, Baigorrin bizi izan naiz. Garai horretan jadanik, Ravelen bizitza zoragarria iruditzen zitzaidan, eta Baigorrin, musikagilearen gutunak aurkitu nituen. Roland Manuel musikariaren amari bidali zizkion, eta bertan, asko aipatzen zuen Euskal Herria. Egin dudan lana benetako historia liburu bat da. Ikerketa luzeak egin ditut. Liburu batean edo bestean argitaratu dituzten gutunak, baita argitaragabekoak ere aipatzen ditut. Oso lan sakona egiten saiatu naiz. Raveli buruz idatzi dituzten guztiak bildu ditut. Eta oraindik asko egiteko dago. Liburua argitaratu denetik beste musikari eta musikagileekin mintzatu naiz. Horien artean, Ramon Lazkanok idatzi eta gutunak bazituela esan dit. Badago, beraz, ikerketan sakontzeko materiala.

-- ­Ziburun sortu zen Ravel, baina ez zen luzaz egon Euskal Herrian.

Sortu eta hiru hilabetez egon zen Ziburun, besterik ez. Ravelen etxea deitu duten hura ez zen bere familiaren etxea. Ustekabean sortu zen etxe horretan. Amatxi gaixorik zen, eta aita eta ama Ziburura itzuli ziren harekin egoteko. Ravelen ama haurra ukatekotan zegoela-eta, denbora handiagoa geratu ziren. Ravelen izebak etxe horretan lan egiten zuen, eta horregatik sortu zen hor. Halere, Ziburun egon ondotik ez dakigu gauza handirik bere haurtzaroaz. 1900 urteko informazioa da lehenengoa. Horregatik hasi dut liburua garai horretan.

­-- Ravelentzat euskal nortasunak eta Euskal Herriak ba al zuten benetako garrantzirik?

Bai, eta ez naiz hori esaten duen bakarra. Bere amari oso lotua zen. Ziburuko Pocalet karrikan sortu zen hura. Euskalduna zen. Ez zekien ongi mintzatzen frantsesez; beraz, amak erakutsi zion hizkuntza. Ravelen gutunak irakurtzen direlarik, bere herriaz eta amaz liluraturik zegoela ikusten da. Aitaren aldetik familian artista anitz zegoen. Horrek eragina izan du ziurrenik musika egiterakoan. Baina, nire irudiko, amaren aldeak ere zer ikusia izan zuen. Amak asko transmititu zion. Hizkuntza, batetik; eta euskal kultura, bestetik. Halere, ez dakigu gauza handirik garai horri buruz.

­-- Bere konposizioetan zertan ageri da euskal kulturarekiko lotura hori?

Kolorean, erritmoan baita obra batzuen izenburuan ere. “Bolero” konposizioaren jatorrizko izena, adibidez, “fandango” zen. Azkuek egindako melodia bilduma zuen etxean. Eta ziur gaude erabili zuela obrak egiterakoan, guztietan euskal gaiak baitaude. Gaur egun ere eragin hori aipatzen dugularik, musikariak egia dela ohartzen dira. Eragin hori oso ezkutatua dago konposizioan estilo berezia baitzuen. Eta folklorismoaren aurka zegoen. Bere eraginak aipatu nahi ez dituen margolari handi baten gisakoa da Ravel.

-- ­Ez du sekula onartu eragin hori?

Oso gutxitan. Autobiografia labur batean aipatzen du. 1913an egindako biolinerako, biolontxelorako eta pianorako obrak euskal eragin bat zuela erran zuen, besterik ez. Zernahi gisaz, ez diote sekula gai horri buruzko galderarik egin.

-- ­Lehen Munduko Gerlatik itzuli eta zendu zitzaion ama.

Obra batean aipatzen du amaren heriotza. Gerla hasi aurretik, Colette idazlearen testu batean oinarrituriko opera bat eskatu zioten. Gerla bukatu eta opera berriz hartu zuen, eta haur eta helduei zuzenduriko konposizioa egitea erabaki zuen: “Enfants et sortilèges”. Obra hori amari lotua dago. Opera oso ukigarria da, eta “ama” hitzarekin bukatzen da. Berez, usu depresioan zegoen norbait zen Ravel. Ahula zen. Amaren heriotzarekin haustura bat izan zuen. Emakume horrek Ravelen baitan eragin handia zuen. Gutxi dakigu bere bizitza sentimentalaz, baina ez zen sekula ezkondu. Eta ama asko miresten zuen.

-- ­Lau aldiz omendua dute Euskal Herrian bizirik zelarik.

Gerlaren ondotik, Stravinskyrekin garaiko konpositore handienetariko bat zela erraten zuten. Lehen omenaldi bat egin zioten, Bilbon, 1928an. 1929an, berriz, Biarritzen eta Donibane Lohizunen, eta beste bat 1930ean. Bi urte geroago, Donostian azken omenaldi bat egin zioten bere obra bat euskaraz abestuz. Batzuek diote Ravelek itzuli zuela. Ikusiz Euskal Herriari zion atxikimendua, bitxia da sekula ez konposiziorik egin izana euskaraz.

-- ­Zein xede duzu liburuaren bidez?

Liburuak zabaltzen dituen informazioei esker, Ravelen konposizioak beste era batean interpretatuko dituztela espero dut. Askotan, bere obrak oso era “jakintsuan” eman dituzte. Beste alde batetik, ez zait oso normala iruditzen ziburutarrek erratea Ravel ez zela euskal herritarra.

(2005-04-02an Gara Egunkarian argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia