euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Diasporatik bertsotan. Sei bat bertsolari badira AEBetan bat-batean eta jende aurrean bertsotan egiten dutenak. Horien inguruan liburu bat egin du Joxe Mallea-Olaetxek, 'Shooting from the lip' izenburupean (Berria-n)

11/01/2004

PUBLICIDAD

Ainara Gorostitzu. Behin hola, Estitxu Arozena Renora (Nevada, AEB) joan zen batean, hango batek berarekin ezkontzeko eta AEBetan gelditzeko eskatu omen zion, bertsotan, Arozenari. Elkar goxatu eta gero bien artean haurride bertsolariak sor zitzaten. Izan ere, AEBetan badira bertsolariak, izan. Bertsolariak edo Inprovised Basque-verse singers deiturikoak. Doinuari hitza eta hitzari doinua jartzen dieten artistak. Ez dira asko, baina eusten diote hemendik eramandako tradizioari. Artzantza dela, Euskal Herria dela, Bill Clinton eta Monica Lewinskyren kontua, euskara, iragandako denborak, etortzeko daudenak... mihia fin dute honetaz eta hartaz, doinu, neurri eta errimak josteko.

Jesus 'Jess' Arriada, Johnny Kurutxet, Martin Goikoetxea, Jesus 'Jess' Goñi eta Patxi Txurruka dira AEBetan, bazter batetik bestera, euskaldunen belarriak bertsoekin goxatzen dituztenetako batzuk. Haiei buruz, haien bizimoduaz, AEBetan den eta izan den bertsolaritzaz luze eta zabal jardun da Joxe Mallea-Olaetxe, Nevadan Basque Studies zentroko lanek tarte utzi diotenean, Shooting from the Lip liburuan. Diasporatik. 'AEBetan dozenerdi bat bertsolari ditugu egun, eta bertso paper idazle batzuk ere bai', aurkeztu du egoera Malleak.

Izan zirelako dira. AEBetako bertso tradizioa ez da atzo goizekoa. XIX. mendean Kalifornian publikatzen zen Euskal Herriko California astekarian hainbat bertso azaldu ziren. Antonio Zabalak ere argitaratu ditu, Auspoan, AEBetan jasotako hainbat bertso. Izan zirelako dira, bada. Baina izango direla esatea, 'sagarrari mahatsa eskatzea da', Mallea-Olaetxek dioenez. 'Egun ditugun bertsolariak 60ko hamarkadan, gutxi gora-behera, etorri ziren Euskal Herritik, artzain etorri ere, eta gaur egun adinean aurrera doaz', kontatu du egileak, AEBetako bertsolarien profila eginez. 'Bada, ordea, bat Kalifornian sortu zena', nabarmendu du: Johnny Kurutxeti buruz ari da. Beraiek ere sarri kantatzen dute euren eskasiaz, 'itxaropen gutxirekin':

Jess Goñi:

Ameriketan gaude bertsulari zaharrak
eta laister akabo gauden bakarrak
Kurutxeten semiak dauzke in beharrak
ez baitu umerik ez Goñi mutilzaharrak.

Hala ere, itsaropentsuagorik kantatu dute gaiaz:

Jess Arriada:

Hunera jitean bistan den gauza
piska bat hain zen hotza
inor ez ginduen ezautzen eta
puska bat triste bihotza
agien beti segituko du
hola gure artien bertsolaritza
lehendabiziko ez dezagun ba
sekula galdu esperantza.

Emanaldi gutxitxo

Urtean dozenerdi bat emanaldi egiten dituzte Ipar Amerikako bertsolariek. Euskal jaietara bertsotan egitera joan eta bidaiako gastuak egiteko lain ere ez dute atera zenbaitetan bertsolariek, Mallea-Olaetxek kontatu dionez Berriari: 'Goñi, bota zak bertsua' esaten omen zioten Jess Goñiri han eta hemen, AEBetako euskaldunek. Esker eta txaloak jasotzen zituen, orduan, Goñi bertsolariak ordainetan. 'Europako euskaldunek jakin behar dute AEBetan distantzia handiak daudela eta gastuak ere hainakoak dira. Goñik, gutxienez, eskatzen zuen bidaiako gastuak ordain zitzatela'. Hortik etorri zitzaion, Mallea-Olaetxeri Shotting from the Lip liburua egiteko ideia: 'Goñiri agindu nion zerbait egingo nuela jendearen aurrean beraien berria piska bat zabaltzeko'. Hurrengo pausua (NABO) North American Basque Organizationi proposamena aurkeztea eta argitalpena baldintza batekin eskaintzea izan zen: 'Liburuak zekarkien dirua bertsolariei laguntzeko izatea. Eta baldintza onartu egin zuten, eta hauxe izan da NABOren lehen liburua'.

Euskal Herritik joan izan dira bertsolariak Renora, 'eta beti izaten dira ongi hartuak. Batez ere bertsolariendako izaten da onuragarri: bateriak kargatzen dituzte Euskal Herriko maisuekin kantatuz'. Hala ere, Mallea-Olaetxererentzat euskara menperatzea da AEBetako bertsolaritzak irauteko 'giltza': 'Hizkuntza menperatu gabe inor ez daiteke bertsotan has, eta hemen ez dugu gazterik euskara aberats baten jabe'. Hala ere, interes piska bat daukaten gazteei Euskal Herrira joateko aukera ematea proposatzen du. 'Ikasleak aurkitzea izango litzateke zaila, ordea', dio penaturik liburuaren egileak.

Herriminez

Euskara eta Euskal Herria, gizartea eta politika, bertsotarako gai izaten dute maiz bertsolariek, hemengoek nola diasporakoek. Old Country deitzen diote sorterriari: 'Euskal Herriaz duten ikuspegia, oro har, pintoreskoa da: mendi berdeen lurra, baserri txuri-gorriak eta ardiak inguruetan, horrelako irudia izaten dute buruan'. Old Country nostalgia deitzen diote. Burua hemen eta oinak han kantatzen dute askotan:

Patxi Txurruka:

Zazpi probintzi hasi ziraden
Burrukatzen aspaldian
Makinatxu bat sufridu degu
Guk ere Euskal Herrian
Francon denporan hura zan nausi
Beste danak azpian
Makilarekin agintzen zuen
Bakiaren ondorian

Horrelakoez gain, musika, ardoa, emakumeak, harremanak, abereak... eta AEBetako kontuak izaten dituzte kanturako aitzakia:

Jess Arriada: (Bill Clintonen rolean):

Erresuma guztiak jakin baitu aski
Laguntza bezela sarri Monica Lewinsky
Neska hunek afera du bai nigaz hasiki
Nola jokatu nerekin segurki badaki.

Bertso horiek eta beste hamaika bildu ditu Joxe Mallea-Olaetxek Shooting from the Lip liburu mamitsuan. Euskaraz eta ingelesezko bertsioarekin: 'AEBetan 67.000 inguru bizi dira euskaldun sentitzen direnak, nahiz eta euskararik jakin ez, eta horiengatik ingeleratu ditut bertsoak. Badira amerikano mordoa euskaldun kulturari bitxia deritzotenak eta haiek ere estimatuko dutela uste dut', azaldu du. Bertsoez gain, Euskal Herriaz, kulturaz, euskaraz hitz ugari idatzi ditu Mallea-Olaetxek.

AEB-ETAKO LAU BERTSOLARI

Jesus 'Jess' Arriada (Arizkun, 1935)

'Etxean gutariko gehiegi zeudelako' emigratu omen zuen Arriadak, lehenik Frantziara eta AEBetara gero. 1963an joan zen Bakersfieldera (Kalifornia) eta artzain egin zuen lan Philbert eta Michel Etcheverryren etxean. San Frantziskora mugitu eta ikastetxe bateko gau-zaindari, eta jardinero aritu zen. Euskaldun batekin ezkondu zen, geroago, Maria Elizalde arizkundarrarekin, 1979an. AEBetako euskaldunekin elkartu eta pilota, euskal dantzak ikustea eta abestea du gustuko. AEBetan hasi zen bertsotan egiten.

Johnny Kurutxet (San Francisco, Kalifornia, 1946)

AEBetan jaiotako bertsolari bakarra da, Joxe Mallea-Olaetxeren arabera. Gurasoen jaioterrira itzuli eta Ezterenzubin (Behe Nafarroa) egin zuen haurtzaroa, eta estraperloan jardun zen Orbaitzetan eta Garraldan, gaztaroan. 1966an itzuli zen Kaliforniara, eta segituan hasi zen hango bi euskal club-etako ekintzetan parte hartzen. Bertsotan, berriz, Ezpondarekin aritzen zen Euskal Herrian, eta Xalbadorrekin San Franciscon. Sarri begiratzen du Euskal Herrira, eta 'baikorra' da Euskal Herriaren etorkizun eta batasunaren inguruan.

Martin Goikoetxea (Gorriti, 1948)

22 urte zituela joan zen Nafarroatik Rock Springs-era (Wyoming). Artzantzan hasi zen lanean eta autoak saltzen amaitu du. Umetan hasi zen bertsoak inprobisatzen eta bertsolariekin kantatzen. Hala nola, Ameriketara joan baino 13 egun lehenago Nafarroako Txapelketan parte hartu zuen, Lakuntzan. Geroztik ere aritu da Euskal Herriko bertsolariekin kantuan, 1998an, esaterako, Kilometroak jaialdian bideo konferentziaz abestu zuen. Rock Springs-eko Alkartasuna Southwest Basque Clubeko lehendakari moduan lan handia egin du.

Jesus 'Jess' Goñi (Oronoz, 1947)

Euskal Herrian estraperloan aritu ondoren, 1965ean hartu zuen Arizonarako bidea, artzantzan jarduteko. Ez zen, ordea, luzerako gelditu han, Euskal Herriratu beharra izan baitzuen, zerbitzu militarra egiteko. Orduan hasi zen bertsolaritzan, soldaduzkan. Eta berarekin eraman zuen, 1970ean, Arizonara, bertsotarako grina. Jesus Urkidi eta Dionisio Arriola bizkaitarrekin asetzen zuen nahi hori AEBetan. Baina, tarteka itzultzen da Euskal Herrira, eta horietako batean, Lopategi, Amuriza, Azpillaga eta Lazkao Txikirekin aritu zen kantuan.


AEB-ETAN BERTSO BIDEA IBILIZ

(Antonio Zabalaren iritzia)

Euskaldunik bizi dan tokian, bertsorik ez da paltako. Iñora joan danean, bertsoa berekin eraman du bere alderdi guztiekin: bertsolaria, entzulea, ahotik ahorako bertsoak, paperean idatziak, baita jaioterrian ikasitako doinuak ere. Bertso landare hori batzuetan, giroaren edo lurraren faltaz, txikia eta kaskarra gelditu da, beste batzuetan berriz, frutu ederrik eman du.

Ameriketan orain artean bertso-kontuan txapeldun izan dan Arjentina degu. Bertsozale guziak gaur ere gogoan duten izen bat aipa dezakegu: Pedro Mari Otaño. Ipar Amerikako bertsolaritza berriagoa degu, baina gaur egunean sasoirik eta indarrik gehien erakusten duana. Arjentinan bizi ziran euskaldunak behin batez bertsolari bat, Pello Errota, hara eraman zuten bertsotan egin zezan. Ipar-Amerikakoak maizago egin dute hori, hala, Xalbador, Mattin, Azpillaga, Lopategi, Peñagarikano, Egaña, Euzkitze eta abar.Euskaldunok, ordea, zabar samarrak izan gera beti geren gauzekin. Berandu hasi giñan bertsoak biltzen. Hori Euskal Herrian bertan; are gehiago atzerrian. Baiña eskutan daukazun bilduma bikain honekin, gauzak aldatzen hasiak dirala ematen du. Bidea ibiliz egiten dala esan zuan olerkari batek; eta dudarik ez Joxe Mallea-Olaetxe adiskidea, hartutako lantegian aurrera jarraitzeko asmotan dela. Ipar-Amerikako bertsolaritzan arbola arretaz zain dezala, Iparragirrek Gernikako Arbola gatik esan zuana gerta dedin: 'Eman da zabal zazu munduan frutua'.

[Antonio Zabala idazleak liburuari egiten dion hitzaurrea da hau. Bera izan da Joxe Mallea-Olaetxeren liburuaren argitaratzaile, Auspoa Bertso Liburuak-en eskutik]

LIBURUAREN FITXA

Izenburua: 'Shooting from lip' AEBetako bertsoen lekukotasuna
Liburuaren egilea: Joxe Mallea-Olaetxe
Argitaletxea: Auspoa Bertso Liburuak
Azalpena: AEBetan dauden bertsolariei buruzko lana da liburua. Bertsoak, horiek kantatzeko ohiturak eta AEBetako bertsolari edo improvised basque-verse singers horien bertsoak: Jesus 'Jess' Arriada, Johnny Kurutxet, Martin Goikoetxea, Jesus 'Jess' Goñi eta Patxi Txurruka. Bertsoak euskaraz eta ingelesez daude idatziak, eta azalpenak ingelesez ematen ditu egileak.

(hau guztia 2004-01-11ean eman du argitara Berria egunkariak)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia