euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Diaspora sarean zintzilik. Internetek euskal Diasporaren bizimodua aldatu du. Jaione Arrieta vascosmexico.com webgune eta posta zerrendako sortzailea interneteko bere lanaz mintzo da (Deian)

09/10/2004

PUBLICIDAD

Humberto Unzueta/Bilbo

Munduan barreiatuta euskal jatorrizko milaka eta milaka lagun dago. Bi, hiru edo zenbait kasutan belaunaldi gehiago egin behar da atzera haien euskal arbasoak topatzeko. Amerikar kontinenteko luze-zabalean, Australian edo beste edonon dagoen 'lehengusu' multzo zabal hori Euskal Herritik urrun eta euren artean sakabanatuta bizi izan da. Teknologia berriek hautsi dute distan-tzia hori ­bestela beti egon da gutunaren aukera, teknologiak teknologi oraindik bere xarmari eusten diona­. Halere, Internetek ia muga guztiak hautsi ditu eta diasporaren bizitzan eragin handia izan du, euren arteko komunikazioa eta haien eta Euskal Herriaren arteko harremanak izugarri bizkortu eta aberasteraino.

Joseba Etxarri kazetariak dioenez, «lehen sakabanaturik zeudenak, topagune bat aurkitu dute Interneten». Etxarrik euskal diasporarekin harreman handia du aspalditik eta ondo ezagutzen du Zortzigarren herrialdetzat jotzen den kolektiboaren nondik norakoak, batik bat Amerikako Estatu Batuetakoa. Bi webgune ditu euskal diasporari zuzenduta (www.basqueheritage.com eta www. euskalkultura.com).

1994. urtean Blas Pedro Uberoaga 'eusko-estatubatuarrak' Buber ataria sortu zuenetik, diasporak geroz eta presentzia nabariagoa du sarean. Interneten diasporari propio zuzendutako gunea sortzen aitzindari izan zen, webean euskal gaiak eta izaera nagusi zirelarik. Astean bisita gehien duen diasporako web bisitatuena da Buber. Internet oso zabalduta dago AEBetan eta hortik ulertu behar da Buberrek diasporako beste atariekin alderatuta duen bisitari kopuruaren aldea. 90eko hamarkadaren bukaeran Eusko Jaurlaritzak ahalegin berezia egin zuen eta elkarte guztietan ordenagailu bat eta posta elektroniko zerbitzua jarri zuen. Ordutik erabilpena asko hedatu da eta edukiak franko garatu. «Orain euskal etxeetan eta elkarteetan galdera asko egiten da euskaldungoari buruz», nabarmentzen du Etxarrik, erantzun hoietako asko sarean aurkitzen dituztela gaineratuz. Bere irudiko, «Jaurlaritza eta euskal etxeen arteko komunikazioa ezezik, euskal etxeen arteko harremanak ere suspertu dira. Lehen paperean egiten zirenak, orain sarean egiten dira. Komunikazioak gehien bat Internetez egiten dira, bai euskal etxeen arteko barne boletinak, bai kanpora begira egiten dituzten edukiak».

Diasporari zuzendutako atarietan Euskal Herriarekin eta tokian tokiko euskal komunitatearekin zerikusia duten gaiak, zerbitzuak eta informazioa jorratzen dira. Uberuagak eta Etxarrik sorturikoez landa, Eusko Ikaskuntzaren Euskonews, Jaurlaritzaren euskadi.net NABOren webguneak ekarpen handia egin diote diasporari. Buenos Airesko Juan de Garay fundazioaren atariak ere eragin handia du, izan ere Argentinako euskal diaspora, ipar amerikarrarekin batera, oso aktiboa da. Zerbaitegatik da munduan euskal etxerik gehien duen herrialdea. Hauei beste atari bat erantsi zaie azken orduan, vascosmexico.com, Jaione Arrieta jatorri euskalduneko mexikarrak duela gutxi sorturikoa. Ekimenak arrakasta handia lortu du eta dagoeneko herrialde hartako 300 bat 'euskaldun' dira ekimenaren bitartez elkar-lotuta daudenak, «hoien inguruan bizi diren familiak eta lagunak kontuan hartu gabe», argitzen du Arrietak. Mexiko DFko euskal etxeko lehendakariordea ere bada arbasoak Araban errotuta dituen emakume bipil honek.

Internetek eragin handi bat izan badu, hori diasporan bizi direnek Euskal Herriaz duten ikuskeran somatzen da nagusiki. Webtokietan aurkitzen duten informazio jario horrek haien guraso eta aitonek utzitako Euskal Herriaren irudi eta ikuskera zaharra eguneratzen» lagundu diela dio Etxarrik. Sarea lagungarria oso gertatu zaio atzerriko euskal komunitateari. Gainera, euskal izaera sendotzeko tresna bihurtu da, baina oraindik diasporako kideen arteko komunikazioa bultzatzeko hainbat ahalegin eta aukera eskaintzen ditu Internetek.


«MEXIKOKO EUSKALDUNGOAREN ERREFERENTE IZAN NAHI DU WEBGUNEAK»

[Halaxe dio Jaione Arrieta vascosmexico.com atariko sortzaile eta bertako euskal etxeko kidea]

H. U./Bilbo. Elkarrizketa posta-elektronikoz egin bagenuen ere, goiko argazkia egiteko Jaione Arrietak Orion eman zigun hitzordua. Urtero legez, uda amaieran Euskal Herrira bisita egiten du bere familia eta adiskideak ikusteko. Mexiko DFko euskal etxeko lehendakariordeak, posta-zerrenda sortu zuen duela urte batzuk eta aurten www.vascosmexico.com ataria sortu du, bertako euskal komunitatearen bilgune izateko itxaropenarekin.

Zertan aldatu du zuen bizitza zuen Internetek?

Eragin handia izan du, ze Internetek distantziak desagerrarazi ditu, han (Euskal Herrian) bizi garela dirudi, albiste guztiak ditugu eskura, etxekoekin harreman estua eta egunerokoa... eta hori guztia mugitu gabe. Internet eta webcam-aren bidez berehalako harremana dut nire familiaren baserriarekin.

Mexiko hain handia izanik, nola moldatzen zarete euskal jatorria duzuenok erlazionatzeko?

Ni beti ibiltzen nintzen euskal etxearen inguruan baina joaten ez nintzenean, ez nekien han zer gertatzen zen, zer ekitaldi antolatzen ziren... Eta niri bezala, besteei ere hori gertatzen zitzaien.

Eta webgunea sortu zenuen...

Aurretik posta zerrenda bat sortu nuen eta bertara 300 bat lagun atxikitu dira. Lehendik ezagutzen ez ginen hainbat lagun lotu gintuen posta zerrendak, elkarren berri ematen genuen eta hainbat ekitaldi antolatzen hasi ginen. Webgunea gerora etorri da, posta-zerrendaren ondorio gisa. Uztailean abiatu genuen Mexikon euskal kutsua duen oro biltzeko gune izateko asmoz. Euskaldungoaren erreferente izan nahi dugu Mexikon, komunikabide azkar bat euskal komunitatearentzat, negozioak edo bestelako ekimenen bat egin nahi duenarentzat ezagutarazteko tresna bat izan dadin.

Eta Euskal Herriarekin zer harreman mota sustatu nahi dituzue?

Bertako euskaldunek gure berri eta gurekin harremanetan jarri nahi badute, hauxe da topalekua, bai informazioa edo kontaktuak trukatzeko, zein bestelako harremanetarako.

Zer-nolako edukiak eskatzen ditu horko jendeak?

Lotunea dugu Euskal Delegazioarekin nahi duen informazioa guri helarazteko. Hortaz gain, jendeak orotariko informazioa eskatzen du, Euskal Herriaz, euskaldungoaz, bere erroez eta, bereziki, genealogia kontuekin lotutako galderak, bere senideak edo abizenen jatorria bilatzeko.


(2004-10-09an Deia egunkarian hemen eta hemen argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia