euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Cordobako Euskal Argentinar Asteak oihartzunak darrai, oraingoan, Euskarazko Txiste Lehiaketa dela medio

06/12/2006

Euskaltzaleak entitateko kideak 2006 Euskal Argentinar Astean Euskararen alde antolaturiko standean
Euskaltzaleak entitateko kideak 2006 Euskal Argentinar Astean Euskararen alde antolaturiko standean

PUBLICIDAD

Cordoban ospaturiko 2006ko Euskal Argentinar Asteak Euskal Herriaren, euskal kulturaren eta euskararen hedapenaren aldeko hainbat ekitaldi antolatu zituen. Ekintza horien artean euskarak leku garrantzitsu bat bete zuen bertako euskal etxeetako ikasleen artean, euren abilezia erakusteko aukera izan zutelarik Euskarazko Txiste Lehiaketan. Txapelketa FEVAko Euskara sailak antolatu zuen eta bertan bi kategoria desberdindu zituen entitateak: bakarkakoa eta taldekoa. Bakarkako saria La Platako Euzko Etxeko Francisco Javier Zubillagak irabazi zuen 'Arrats Polita' txistearekin, eta taldekoa aldiz, euskal etxe bereko Anabel Ojeda eta Rubén Habiaguerenek eraman zuten, 'Eroak' txisteari esker. Euskara maila altua izan zela esan zuten orduan epaimahaikoek.
Cordoban iragan urrian egindako Euskal Argentinarren Asteak arrastoak uzten ditu oraindik ere. Urtero bezala euskaldunen ondorengoek Euskal Herria, euskal kultura eta euskara bera omendu zuten orduan hainbat ekitaldiren bidez. Aurtengoan euskara joko eta txapelketatan ere izan zen protagonista, adibidez Euskarazko Txiste Lehiaketarekin. Ekitaldi honek helburu argia izan du: ikasleen artean euskararen sustapena bultzatzea. Argentinako euskal etxeetako ikasle askok partehartzea erabaki zuten eta gainera, maila altua daukatela frogatu.

Txiste Lehiaketako epaimahaia HABEko irakasleek osatu zuten eta bi kategoria desberdindu zituzten: bakarkakoa eta taldekoa. Bakarkakoan La Platako Euzko Etxeko Javier Zubillagak lortu zuen lehenengo postua 'Arrats Polita' txistearekin. Bigarren saria La Platako beste ikasle baten txisteak bereganatu zuen: Hugo Ochotorenaren 'Burusoil Adarduna'k hain zuzen. Kategoria honetako azkeneko saria ez zen La Platako Euzko Etxetik mugitu eta Lorena Loinazek eskuratu zuen bere 'Hildako hizlaria'rengatik. Lehenengo kategoriako lehenengo hiru postuak La Platako Euzko Etxeak eskuratu zituen euskara maila altua erakutsiz. Hala ere aipamen berezia jaso zuen Mar del Plata-ko Euskal Etxeko Luis A. Cuestak, 'Lehoia' txisteari esker.

Taldeko kategoriari dagokionez, lehenengo saria Anabel Ojeda eta Ruben Habiaguek eskuratu zuten 'Eroak' txistearekin. Bigarren postua Hugo Ochotorenak eta Angela Diaz Ezquiagak lortu zuten 'Gorila'rengatik; eta azken saria Jose Boccardo, Maria Emilia Cairo, Maria Laura Galarraga eta Eugenia Hourcouripek osaturiko taldeak jaso zuen 'Biolinistarik onena' txistearengatik. Hiru irabazleek, aurreko kategorian bezalaxe, La Platako Euzko Etxeko euskara ikasleak dira eta jada maila altua lortu dutela ederki demostratu zuten txapelketan.

Umore ona eta Euskara batuta

Ondoren irabazleek kontaturiko txisteak luzatzen ditugu:

ARRATS POLITA

Euskal herriko Antxon Izubarritarretigoitiaren amaginarreba hiltzen ari da. Familia osoa ohearen inguruan bilduta dago. Atso zahartxoa, leihora begiratzen ari da, bat-batean, ohean esertzen da eta esaten du:
-Zer arrats polita!!! Zer eguzki-sartze ederra!!!
Suhiak, amaginarreba maiteari esaten dio:
-¡Amaginarrebatxo, oraintxe ez distraitu, ez distraitu!!! Bada abiatzeko ordua!!!

BURUSOIL ADARDUNA

Burusoil batek ustekabe bat eman nahi zion emazteari. Ileorde bat erosi zuen eta ez zen lanera joan, aitzitik, bere etxera joan zen. Kaleko atea jo bezain laster, emazteak galdetu zuen:
- Nor da?
Burusoilak ez zuen ezer erantzun. Orduan bere emazteak begiratu egin zuen eta hainbeste ile ikustean:
- Aurrera! –esan zuen- Burusoila lanera joan da.

HILDAKO HIZLARIA

Aurpegi gogorrak emazteari esaten dio:
- Heriotza-itxura bat egingo dugu zorrak ez ordaintzeko.
Beilatokian hartzekodunak agertzen dira. Batek, hilkutxa begiratu bitartean, esaten du.
- Ederra egin didazu!
Beste batek esaten du:
- Azkenean hil zara! Eta hirugarrenak, oihuka:
- Madarikatu hori! Hilko zaitut!
Eta pistola ateratzen du. Orduan, hildakoa erantzuten dio:
- Lasai! Lasai! Zure zatia gorde dizut.

LEHOIA

Euskaldun bat oihanean dabil. Bapatean lehoi bat agertzen da, eta euskalduna harrituta gelditzen da. Lehoia hurbiltzen zaio, orduan euskaldunak musikak piztiak lasaitzen dituela gogoratzen du, eta bere txistua jotzen hasten da. Lehoia lurrean etzanda entzuten du. Baina beste lehoi bat agertzen da, eta gero beste bat, ondoren beste bat, eta guztiak musika entzuten gelditzen dira. Bapatean lehoi zaharra agertzen da eta euskalduna jaten du. Lehoi batek esaten du, berriro gor horrek kontzertua hondatzen duela.

EROAK

Bi erok eroetxeko jolastokian topo egiten dute. Batek ukabil itxia erakusten du eta besteari esaten dio:
- Aizu, gauza bat daukat nire eskuan. Asmatu zer den!
- Umm… Elefante bat?
Ukabil itxikoak, amorraziozko aurpegia jartzen du eta erantzuten dio:
- Bai, baina … Zer koloretakoa da?

GORILA

Gizon batek zera kontatzen zion lagunari:
-Afrikara joan nintzenean, gorila handi batek harrapatu ninduen eta bere emaztetzat hartu ninduen. Dena garbitu nuen, janaria prestatu nuen, ohea egin nuen,….eta abar.
Bere lagunek esaten zion:
-Ez dago arazorik, gorilak ez dute hitz egiten.
Eta gizonak erantzuten zion:
- Horixe da arazoa, ez dit hitz egiten, ez dit idazten, ez dit deitzen…

BIOLINISTARIK ONENA

Hegazkin batean, bilbotarra eta argentinarra hizketan hasten dira:
-- Zertara zoaz Argentinara? – galdetzen du argentinarrak.
-- Biolina jotzera.
-- Benetan? Ni ere biolinista naiz. Argentinako biolinistarik onena!
-- Bai? Baina ni Europako onena naiz!!
-- Ez dut uste!! Behin batean Erroman jo nuen eta Birginaren estatua negar egiten hasi zen....
-- Eta nik jo nuenean, Kristo agertu zitzaidan eta esan zidan: zuk jotzen badakizu, ez argentinarrak, Amari negar eragin zionak!!!!


Lotura interesgarriak

Concurso de chistes Semana Vasca de Córdoba
Euskalkultura.comen argitaratua 2006ko uztailaren 31an

Cordobako Euskal Etxeko web ofiziala
www.centrovascocordoba.com.ar

Argentinako Euskal Elkarteen Federakuntza
www.fevaonline.org.ar


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia