euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

VISITAS VIRTUALES AL CASERÍO IGARTUBEITI

01/05/2003

PUBLICIDAD

Igartubeiti baserrira ikustaldi birtualak
·Multimedia produktu baten bidez XVI. mendeko baserriko bizimodua jaso dute

Gipuzkoako Aldundiak Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrira ikustaldi birtuala egiteko aukera eskainiko du Donostian, eta Gipuzkoan zehar ondoren, horretarako prestatutako multimedia produktu bati esker. Teknologia berriez baliatuz, XVI. mendeko baserria eta garaiko bizimodua jaso dituzte.


DONOSTIA

Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserria XVI. eta XVII. mendeetako baserriaren adibide ikusgarri eta bakanetakoa da, eta egun guztiz eraberrituta eta publikoari irekita dago. Baina bertara joan ezin direnei ondare zati interesgarri hau hurbiltzeko asmoz, proiektu berria bultzatu du Gipuzkoako Aldundiak. Atzodanik Aldundiaren Foru Jauregian ikusgai dago Igartubeitiren gaineko multimedia produktua, eta baserrira ikustaldi birtual elkarreragilea egiteko aukera ematen du.
Betaurreko bereziak jantzita, ikusleak Igartubeitiko txoko guztiak mia ditzake, teknologia berriez baliatuz baserria eta gelak jaso baitituzte. Zizerone lanak egiteko Kattalin Kortabarria izeneko etxekoandrea sortu dute ordenagailuz, eta horrek geletako altzariak eta bertan egiten diren lanak azaltzen ditu, betiere ikuslearen esanetara. Dolarea, sukaldea, ukuilua, lixiba, lanabesak gordetzeko txokoa`Horien guztien bitartez garai hartako baserri batean egiten zen bizimoduaren berri ikas daiteke.

Multimedia produktua VICOMtech elkarteak egin du, teknologia berriak hezkuntzaren eta kulturaren zerbitzura jarriz, eta ondareko teknikariak eta historialariak arduratu dira edukiez; horien artean, Pedro Layant, Manu Izagirre eta Carlos Santana.

Izan ere, Igartubeitik eskaintzen duen guztia ulertzeko «azalpenak behar dira», adierazi zuen atzo Juan Maria Bandres Kultura ahaldunak, eta horretarako baserriaren kanpoan interpretazio zentro bat eratzeko proiektua dago. Informazioa zentro horretan baserriaren eta garaiko bizimoduaren azalpenak emango dira, eta horretarako bideetako bat ikustaldi birtual elkarreragilea izango da.

Ikustaldi birtualak maiatzaren 18a arte eskainiko dira Foru Jauregian, Gipuzkoa plazatik sartuta, 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara. Ondoren Gipuzkoan zehar eskaini nahi dute.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia