euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Maite Zabala, Athletic futbol taldeko atezaina; 'Athletic-en jokatzea nire betiko ametsa izan da; betidanik egon da etxean taldearenganako zaletasuna'

17/05/2004

Egunero joaten da Maite Zabala Lezamako futbol zelaira entrenatzera.
Egunero joaten da Maite Zabala Lezamako futbol zelaira entrenatzera.

PUBLICIDAD

Maite Zabala, Athletic-eko nesken taldeko atezainari egin dio elkarrizketa Bizkaie, bizkaiera hutsezko aldizkariak maiatzaren 15eko alean. Futbolean jokatzera etorri da Euskal Herrira 25 urteko idahoarra. Han jaio zen, baina sustraiak euskaldunak dituela begi bistakoa da; izan ere, gurasoek euskal jatorria izanik, euskaraz oso ongi hitz egiten du, hori bai, entonazio amerikarrarekin. Hilabete da Euskal Herrira iritsi zela Athletic futbol taldean atezain moduan aritzeko; partidu ofizialik ezin izan du jokatu baina, paperak oraindik ere arautu gabe dituelako, baina egunero entrenatzen du gogor Lezamako futbol zelaian (Bizkaian). Euskal Herrian gustora bizi dela dio Zabalak; bizitza lasaiagoa dela Estatu Batuetan baino. Horri guztiari buruz hitz egin du Saioa Torre Gereketak egindako elkarrizketa honetan.
(Elkarrizketa hitzez-hitz ekarri dugu hona eta jatorriz argitaratu bezala; bizkaieraz)

Saioa Torre Gereketa. Miren Maitene Zabala Rementeria dauka izena baina Maite Zabala legez aurkezten dau bere burua. Berbetan hasten danerako jaubetzen gara begi berde horreen atzean historia berezia daukan personea dagoala. Izan be, entonazino amerikarragaz euskeraz berbetan entzutea erabat kuriosoa da, benetan. Orain hilebete eskas ailegau zan Loiuko aireportura, maleta handia eskuan eta ilusinoz beteta. Eukan eginbeharra ez zan makala: Athletic-eko nesken taldeko atea jagotea. Halan da be, burokraziak bete-betean atrapau eta papelen kontua oraindino konpondu barik daukalako ezin izan dau partidu ofizialik jokatu.

Athletic-en jokatzeko euskalduna izatea ezinbesteko betebeharra da. Zuk, baina, izen-abizenak euskaldunak izan arren, Ameriketan emon dozu bizitza osoa. Nondik jatortzu Euskal Herrirako loturea?

Orain 25 urte jaio nintzan Boise-n, Idahon. Nire ama Boisen jaio zan, baina amuma eta aitite euskaldunak dira, amuma Gernikakoa eta aitite Nabarnizkoa. Aita, barriz, Mendatan jaio zan, baina 22 urtera arte Gernikan bizi izan zan. Gero, Ameriketara joan eta bertan ezagutu eben alkar amak eta berak. Izeko-osaba eta lehengusinak daukadaz hemen, Gernikan hain zuzen be. Hori dala eta, nahiz eta ni beti Ameriketan bizi izan, Euskal Herrirako loturea erabatekoa izan da etxean. Bertoko ohitura asko mantentzen doguz ganera. Ni urte bete eta erdigaz etorri nintzan lehenengoz hona. Handik aurrera, urte birik behin etorri naz, gitxienez lau asterako, udan.

Berezia da Euskal Herritik kanpo jaio eta inoiz berton bizi ez dan persona batek euskaraz jakitea, bizitza osoa berton emon daben askok be ez dakie eta. Nork erakutsi deutsu euskeraz berbetan?

Nik euskeraz berbetan etxean ikasi dot, amumagaz batez be. Aitagaz be euskeraz egiten dot berba, baina gero eta gitxiago. Izan be, orain urte batzuk berak ez ekien inglesa oso ondo, eta gurago eban euskeraz berba egin. Baina orain gero eta hobeto menperatzen dau jatorriz berea ez dan hizkuntzea, eta askotan inglesez egiten dogu gure artean. Amagaz eta ahizta Amaiagaz be inglesez egiten dot. Holan ba, euskeraz eta inglesez baino ez dakit berbetan. Erderaz ez dot tutik be aitzen, eta euskara batua gitxiago. Gogoratzen dot ‘Sorginen Laratza’ telebista-saiora joan nintzanean, Xabier Euskitzeri ezer be ez neutsola aitu. Eskerrak saioa hasi aurretik zeren ganean berba egingo genduan esan euskuela. Euskeraz berbetan nabilen artean euskeraz pentsetan dot batzutan, baina gehienetan inglesez pentsetan dodala aitortu beharra daukat.

Oraingoan Bizkaia aldera lanera etorri zara, bide batez familia bisitau dozun arren. Izan be, zu futbolaria zara. Zenbat denpora daroazu futbolean olgetan?

Oraintxe 20 urte bete dodaz, izan be, 5 urtegaz hasi nintzen futbolean olgetan. Baina ez nintzan atezain moduan hasi, jokalari moduan baino. Hamaika urte neukazala ipini nintzan lehenengoz atea jagoten, proba legez bakarrik. Gero, 13 urtegaz edo, atezain moduan jokatzen hasi nintzan eta ordutik aurrera beti jokatu dot postu horretan. Egia esateko, gustau egiten jat atezain moduan jokatzea, baina aurrean jokatzea be gustoko dot, eta batzutan ibili izan naz aurrean be. Atezain askok esaten dabe kanpoan, aurrean jokatzea gurago dabela, golak sartzeko aukerea eukiteko. Halan da be, niri atea zaintzea be gustetan jat.

Hemengo kulturan futbolak garrantzi handia dauka. Askotan esaten da, ganera, futbola gizonen kontua dala. Zer uste dozu zuk horretaz?

Ez dot uste holan danik. Ameriketan orain 5 urte neskak munduko kopea irabazi eben eta orduantxe hasi zan bertako jentea neskak animetan. Bertan publikoak asko segiduten dauz neskak eta partiduetara be asko joaten dira. Profesionaletan euki dodan azkenengo partiduan 5.000 persona bueltan egongo ziran gu ikusten. Halan da be, uriaren arabera jente gehiago edo gitxiago egon leiteke. Ia 20.000 persona be ikusi izan dodaz nik nesken partidu bat ikusten. Kontuan hartu behar da ameriketan gizonezkoen futbolak be ez daukala hemengo moduko arrakastea. Hemen futbola dan legez, han beisbola da. Leku danatan dagoz beisbolera jokatzeko zelaiak. Halan da be, nik futbolera jokatzea erabagi neban, batez be aitak bultzatuta. Izan be, Estadu Batuetan futbolera olgetan dogun gehienon aita edo ama europarrak dira.

Futbolean arrakastea eukitea gatxa izaten da, eta askotan bizimodua aurrera atarateko beste be ez dau emoten. Posible al da Ameriketan futbolagaz hileko soldatea ataratea?

Bai, Ameriketan bai, baina hemen oraindino ez. Halan da be, momentu honetan Ameriketako WUSA (Womens’s United Soccer Association) bertan behera geratuta dago, dirurik ez dagoalako. Baina aurreko hiru urteetan futbolaz bizitzen egon naz ni, eta oso ondo ganera. Hemen, baina, ez dago dirurik neskentzako. Ikusteko dago datorren urtean zer pasauko dan, baina aurten behintzat neskek ezin dabe futbolaz bakarrik bizi. Horregaitik, Athletic-eko jokalari gehienak beharrean edo ikasten dagoz.

Bertoko parajeak ondo baino hobeto ezagutzen zenduzan arren, ez zenkian taldeko neskak zelakoak izango ziran. Zelan hartu deutsue taldean?

Oso ondo. Neska oso jatorrak dira eta ez dot ezelako arazorik euki. Familiakoa izango banintz moduan tratetan deustie, beti ia ondo banago, zer behar dodan itauntzen. Halan da be, eurakaz oraindino partidu ofizialik ez dodala jokatu gogoratu behar da. Izan be, papelak eguneratu barik daukadaz. Danok dakigu papelen kontu hori ze astiro doan, eta gitxi falta dala esan deustien arren, oraindino itxaroten gagoz.

Bizkaitarrok, eta bertokoak ez diran askok be, kolore zuri-gorriak bihotzean daroaguz. Zer sentiduten dozu zuk Athletic-eko kamisetea jazten dozun bakotxean?

Niretzat ames baten modukoa da orain bizitzen nagoana. Txikitan amumak Athletic-en kantea abesten erakutsi eustan, eta betidanik egon da etxean taldearenganako zaletasuna. Boiseko Euskal Etxeko tabernan jokalarien argazkiak dagoz eta betidanik izan gara danok Athletic-zaleak.Horregaitik ba, harro sentiduten naz kamisetea jazteko aukerea daukadalako. Bestalde, nire aita be pozez zoratzen dago.

Zer uste dozu Athletic-en jokalari euskaldunak bakarrik jokatzearen filosofiaz?

Ondo ikusten dot, eta ganera, ondo jokatzen dabe. Erreza izaten da ekipo ona eukiteko munduko jokalaririk onenak erostea, baina etxekoakaz be ekipo ona euki leiteke, eta hori da Athletic-en kasua. Ganera, zaletuek pozik hartzen dabe taldean bertoko jentea jokatzen ikustea, izan be, euren seme-alabak izan leitekez ekipoan hain ondo jokatzen dabenak. Ni neu, berbarako, euskalduna naz, eta ekipoan jolasteak ilusino handia egiten deust. Halan da be, lehenago esan dodan legez, oraindino papelak ez daukadaz eguneratuta eta ezin dot partidu ofizialik jokatu. Espero dot laster arazo hau konpontzea eta partiduren bat behintzat jokatzea.

Askori arraroa egingo jake jaiotzez amerikarra dan neska bat Athletic-en jokatzen ikustea. Zelan sortu zan zu bertora etorteko aukerea?

Deitu eustien egunean beharrean nengoan, Berkeley Unibersidadeko nesken futbol-taldeko atezainak entrenetan. Patrikako telefonoak jo eban eta zenbakia oso arraroa egin jatan. Egia esan, oraindino ez dakit zelan topau eben nire telefono zenbakia. Antza, amari deitu eutsen beharrera nire zenbakiaz galdezka. Proba bat egiteko aukerea emon eustien, 10 egunerako bakarrik. Denpora asko egon nintzan aukerea onartu ala ez pentsetan, eta bildurra neukan beharrekoek ia zer esango eben. Baina eurak izan ziran erabagia hartzen lagundu eustienetariko batzuk. Izan be, ameriketako ligea geldituta dagoan legez, bertan ezin dot jokatu, eta interesgarria egin jatan talde euskaldun baten jokatzeko aukerea. Aste bitan hartu neban hona etorteko erabagia eta neu bakarrik ailegau nintzan hona orain hile bat pasatxo. Halan da be, trankil nengoan, berton familia daukat eta. Ganera, inoiz be ez deutsat euki bildurrik bakardadeari, izan be, aita eta ama Boisen dagozan arren, ni Californian bizi naz orain 7 urte, unibersidadera hasi nintzanetik.

Zelakoa da Maite Zabalaren bertoko egun bat?

Goizean apur bat berandu altzetan nazala aitortu beharra daukat, hamaiketara arte askotan lo egoten naz eta. Arratsaldetan inoiz Bilbora joaten naz, bertan Ameriketako lagunak daukadaz eta. Ganera, dendatara joatea be gustetan jat, hemen erropak karuagoak diran arren. Arratsaldetan, seirak bueltan ekipoko bateren bat etorten da nire bila Lezamara entrenamentuetara joateko. Zazpietatik bederatzietara arte egoten gara entrenetan. Afaria jan ostean, egunean ordu bete edo emoten dot Ameriketako lagunakaz eta etxekoakaz berbetan. Asteburuetan pardituak eukiten doguz normalean. Domekan partidua daukagunean, zapatuetan entrenetan egoten gara. Partidua zapatuen bada, jokatu eta gero danak batera joaten gara bazkaltzen eta askotan gauez San Mamesera joaten gara mutilen partidua ikustera.

Zer da Euskal Herriko bizimodutik gehien eta gitxien gustetan jatzuna? Zer da Ameriketatik gehien faltan botaten dozuna?

Gehien, dudarik barik, jatekoa. Danetarik gustaten jat, larregi beharbada. Gitxien gustetan jatana entrenamentuetatik kanpo zer eginik ez eukitea da. Ez daukat lanik, eta entrenetan ez nagoanean, askotan abrosidu egiten naz. Halan da be, gustora nago, eta denporada baten lasai egotea be ondo etorten da askotan. Izan be, hemengo bizimodua hangoa baino trankilagoa da. Oraintsu lagun bat etorri da Californiatik aste bat pasetan eta ezin eban sinestu eguerdietan dendak zarratzen ebezala. Ganera, gatx egiten jakon hemengo bazkaltzeko ordutegietara ohitzea, izan be, guretzat oso berandu jaten da hemen. Bertan eguerdiko hamabietan bazkaltzen dogu eta iluntzeko zazpirak bueltan jaten dogu afaria. Ameriketatik familia eta lagunak botaten dodaz gehien faltan, normala dan legez. Baina bagilaren 1ean barriro noa bueltan, beraz, hilabete eskas barru danak ikusiko dodaz barriro.

Ze berezitasun euki behar dauz atezain batek ona izateko?

Ez dot uste berezitasun zehatz batzuk euki behar diranik atezain izateko. Euki behar dan gauza bakarra presinopean egoteko kapazidadea da. Burua hotz izaten jakin behar da eta momentu danetan egoerea kontrolpean eukiten saiatu. Baina gatxa dala autortu beharra daukat. Penaltietako egoerea berezia izaten da. Jokalaria eta atezaina aurrez-aurre dagozanean, jenteak badaki normalena gola sartzea dala. Atezainak be hori pentsau behar dau, hau da, gola egiten badeutse, normala dala. Izan be, urduri egon ezkero, aurrean dagoan jokalariak be igarri egingo dau. Hori dala eta, trankil egotea da garrantzitsuena.

Bertora bueltan etorteko amesik badaukazu?

Esan dodan legez, bagilaren 1ean noa, eta egia esan, ez dakit zer egingo dodan gero. WUSA, profesionalen ligea barriro hasten bada, seguruenik bertan egingo dodaz saiakeraren batzuk, izan be, bizitzeko dirua behar da eta hemen ez dot dirurik irabazten. Halan da be, barriro hona etorteko ilusinoagaz joango naz, gustora nago eta. Egia da familia eta lagunak asko botaten dodazala faltan, baina 8 aste baino ez dodaz egingo hemen eta ondo pentsetan hasi ezkero, ez dala denpora asko esan geinke.

Futbolean bete-betean sartuta zagoz baina zeure ikasketak be badaukazuz, zientzia politikoetan lizentziatua zara eta. Politika arlotik jota, zer uste dozu zuon presidenteari buruz?

Dudarik ez dago George Bush-en politikea ez dala bape ona. Ameriketako gizartea hasarratuta dabil azken aldian, eta gerrearen kontrako jarrerea be nabarmena da. Bertoko komunikabideetan ezer agertzen ez dan arren, amerikar asko presidentearen kontra dago. Eta gehiago esatearren, aurtengo hauteskundeak ez dauazala irabaziko esaten ausartuko nintzake.

2004ko maiatzaren 15eko Bizkaie-k argiratua


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia