euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Legez kanpoko ezer ez

04/03/2003

PUBLICIDAD

Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren izena ETArekin nahastu dute, berriro ere, Espainiako hainbat komunikabidek, Libertad Digital izeneko webgunean agertu den grafiko baten ondorioz. Joxe Mari Sors fundazioko gerenteak kritikatu ditu informazio horiek, eta, bereziki, euskal kultura kriminalizatzeko saioa. Sors prest dago enpresaren gaineko informazio eta dokumentazio guztia justiziaren esku jartzeko.

Egoera ez da berria zuentzat. 2001. urtean jada ETArekin lotzen zintuzten informazio batzuk kaleratu ziren.

2001. urtean, Baltasar Garzon epailea Egin egunkariaren inguruan egiten ari zen ikerketak zirela eta, Zabaltzen gure banaketa enpresa miatu zuten. Guk harreman komertzialak genituen enpresa horrekin, enpresa askorekin ditugun bezala, baina hainbat komunikabideetan -La Vanguardia, El Mundo eta beste-informazioak atera ziren, iturri judizialakaipatuz, gu ETArekin lotzeko asmoarekin. Horregatik, 2001eko urriaren 23an idazki bana bidali genuen Donostiako Probintzia Auzitegira, Espainiako Auzitegi Nazionalera eta Botere Judizialeko Kontseilu Orokorrera (CGPJ), gure datu guztiekin, esanez justiziarekin ez genuela inolako zorrik, eta ezer garbitu beharrik ere ez. Azpimarratu nahi izan genuen hainbat informazio agertzen ari zirela prentsan, eta dudarik ez bazegoen informazio horiek kontuan ez hartzeko, baina susmo txikiena baldin bazen, gu prest geundela edozein unetan duda horiek argitzeko. Hori guztia esan genuen idazki horretan. Orain, ikusiaz horrelakoak berriro zabaltzen ari direla, berriro diogu ez dugula ezer argitu beharrik, baina prest gaudela gure datu guztiak justiziaren esku jartzeko.

Zuen ustez, zer asmorekin zabaltzen ari dira informazio hauek une honetan?

Azken hogei urteotan beti azaldu dira horrelako gauzak, beti izan dira erasoak. Gu kultur industria aurrera ateratzeko lanean ari gara, eta harremanak ditugu Euskal Herriko agente guztiekin. Gure lehentasuna noski euskal kultura da, eta horri ematen diogu garrantzia, baina kanpoko beste ekoizpenak ere zabaltzen ditugu, esaterako Espainia, Frantzia edota Ingalaterrako produktuak. Banatzaileak gara, oro har. Baina orain euskal kultura kriminalizatzeko saio garbia dago, eta gure izena atera dute berriro. Oso gogorra da beti susmopean lan egin behar izatea.

Susmopean egote horrek zer nola eragiten du zuen eguneroko lanaren gainean?

Gu lasai gaude. Ez dugu ezer ezkutatzeko, baina, nolanahi ere, oztopoak jartzen dizkigute, etengabe, gure ekinbide komertziala normaltasunez egiteko. Harreman handiak ditugu beste argitaletxeekin, beste banatzaileekin, eta, noski, hasten badira esaten, egunero, zurekin lanean dabilen hori lapurra dela, azkenean susmoak sortzen dizkizu. Nahiz eta gezur handia izan, desohore kanpaina handia eramaten ari dira, nahita gainera, euskal kultura jipoitu eta zikintzeko. Inongo erreparorik gabe.

Hainbestetan aipatzen den eraso orokor horren aurrean, uste duzu euskal kulturgintzak, orokorrean, nahikoa indarra duela aurre egiteko?

Indarra? Beharko dugu eduki. Euskal kultur industria beti izan da jipoitua. Esaterako, Egunkaria. Langileen profesionaltasunari esker atera da aurrera, hasieran inork ez baitzien ezer eman. Urtea ere iraungo ez zuela esan zuten askok eta askok. Beraz, hor garbi da badagoela kemena eta indarra nahikoa. Orain berriro zerotik hasi beharko da, baina bada adorea hori altxatzeko. Garbi esan behar dugu inor ez dela ezer legez kanpokoa egiten ari. Laguntzarik gabe, bakarrik, baina azpiegitura industriala sortzen ari gara, eta oso beharrezkoak dira gainera horrelako ahaleginak euskal kulturarentzat. Neketsua da berriro hasi behar izatea, noski, baina ezagutu ditugu beste garai batzuk, eta indartuta gaudela uste dut.

Baikor zara, beraz?

Oso. Ni itxaropentsua naiz, eta lasai. Ondo egiten ari gara gauzak, askatasun osoz, inongo alderdi politikoren menpekotasunik gabe. Bada garaia askatasun hori erreibindikatzeko. Ez ezker, ez eskuin, bakoitzak nahi duen aukera politikotik, askatasun horrekin ari gara lanean, eta hori oso garrantzitsua da.

(Eguneron argitaratua)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia