euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskal liburuak atzerrian

01/10/2003

PUBLICIDAD

Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokan nahiz Madrilgo Liber azokan euskal liburuak erakusteko stand bana izango dute aurten ere euskal editoreek, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskadiko Editoreen Gremioak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak elkarren arteko lankidetzan kudeatua.

Stand horretan, besteak beste, Eskubide Eskuragarrien Gida-ren edizio emendatua ikusi ahal izango da; gida horrek 58 euskal idazleren eta 75 euskal libururen berri ematen du, haien argitalpen eta itzulpen eskubideei buruzko zehaztasunak barne.

Miren Azkarate euskal idazleekin, Frankfurten

Frankfurteko Liburu Azokako erakusmahaia Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuak inauguratuko du, urriaren 8an. Egun horretan, 19:30ean, jendaurreko ekitaldia egingo da, Frankfurteko Künstlerkeller jatetxean, nazioarteko eragileei euskal liburugintzaren berri emateko asmoz.

Juan Kruz Igerabide, Arantxa Iturbe, Anjel Lertxundi, Ixiar Rozas eta Kirmen Uribe idazleek parte hartuko dute ekitaldian; azken bi horiek hainbat poema errezitatuko dituzte, eta han izango dira Miren Azkarate eta Frankfurteko Goethe unibertsitateko agintari batzuk. Ekitaldia aurkezteko ardura Ludger Mees idazle eta EHUko irakasleak hartuko du.

Madrilgo Liber azoka etzi hasiko da, urriaren 1ean, eta larunbatean itxiko da, hilaren 5ean. Frankfurtekoa, berriz, urriaren 8an hasi eta urriaren 13an amaituko da.

Aurreko urteetan ere Liberren nahiz Frankfurteko Nazioarteko Azokan izan dira euskal liburuak, eta aurten egingo denaren gisako ekitaldien bidez eman zaie euskal literaturaren berri azoketan bildutako eragileei. Harrera ona izan dute ekitaldi horiek.


(albiste hau 2003-09-30ean argitaratu du Berriak)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia