euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskal e-kultura bide berriak

02/04/2003

PUBLICIDAD

(Luistxo Fernandez eta Kepa Sarasola UEUko kideek 2003-04-02an Garan argitara emandako artikulua)

Teknologia berriek kultura, hizkuntza eta heziketa lantzeko bide berriak sortu dituzte. Hizkuntza eta kultura txikietan mugitzen garenok jakin behar dugu bide berri horiek aztertzen, interesatzen zaizkigun neurrian gero landu eta erabili ahal izateko. Donostian UEUk apirilaren 4rako antolatu duen Informatikarien Bilkuran aurkezpen bat egingo dugu munduan interesgarri diren eta oraindik gurean landu gabe dauden zenbait esperientzia berrirekin. Esperientzia horiek epe erdirako proiektuak diseinatzeko erreferentzia izan daitezkeela uste dugu. Horra hor bildu ditugun ideiak:

1) e-edukiak biltzen dituzten biblioteka nazionalak. Biblioteka nazional zenbait, eta beste erakunde batzuk ere, ari dira neurriak hartzen teknologia berriekin argitaratzen den guztia biltzeko, internetekoa barne. 2002ko urtarrilean nazioarteko bilkura bat egin zen horren gainean, tartean hauek izan zirela: The Library of Congress, The Royal Library of Denmark eta The National Library of Australia. Besteak beste, nahiko aurreratuta dago Danimarkako esperientzia. Euskal Herrian, ordea, gutxi eduki eta gainera nabarmen egin dugu atzera azken aldi honetan: Egunkariak online zeukan bere hemeroteka guztia, 1999tik honainoko artikulu guztiak, galdu ditugu. Makina fisikoki ostu, eta akabo.

2) Hizkuntza txiki batean erabil daitezkeen konputagailu-programen bilguneak. Katalanezko soft- warearen katalogoa biltzen ditu www.softcatala.-org webguneak. Bertan ikus daiteke zer software erabil daitekeen katalanez, baita nola eskuratu ere. Produktu horien sailkapena ere ikus daiteke webgune horretan, aplikazioaren arabera edo webgune horretatik zenbat bisitarik jaitsi dutenaren arabera. SoftKat, UEUk berrantolatu berri duen Euskarazko Softwarearen Katalogoa (www.ueu.org/softkat), bide horretatik doa.

3) Software librea. Katalunian, Extremaduran eta hainbat herrialdetan administrazio publikoan software librea erabiltzearen alde kanpainak antolatu dira (www.softcatala.org/admpub). Hemen ere ahalegina egin beharko genuke software librearen erabileraren alde, bai instituzioetan, bai hedabide publikoetan, baita erabiltzaile arrunten aldetik ere. Gainera, orain Linuxek euskaraz badakiela esan dezakegu: euskarazko Linux sistema eragilea kalean dago (Mandrakeren banaketa); karpeta, fitxategiak eta programak grafikoki erabiltzeko leiho sistemak ere euskaldunak dira (Gnome eta KDE); bulegoetako aplikazioak biltzen dituen OpenOffice ere laster izango da (horrek Word eta Excel ulertzen ditu); interneteko tresnek ere euskaraz badakite (posta kudeatzaileak eta nabigatzai- leak). Erakundeek, irakasleok, eta batez ere informatikari euskaldun guztiok apustu horren aldeko jarrera eta ekintzak bultzatu behar ditugu une ezin egokiago honetan.

4) Hizkuntzaren tratamendu automatikorako softwarea. Hizkuntzaren tratamendu automatikorako ea 200 produkturen berri ematen du Natural Language Software Registry (registry.dfki.de) katalogo publioak; hala nola, ortografia-zuzentzaileak eta estilo-zuzentzaileak, hiztegi-kontsultak on-line, itzul- pen-laguntzak, interneterako bilatzaileak, hizketa testua bihurtzen duten sistemak, testuak irakurtzen dutenak, bigarren hizkuntza ikasteko sistemak...

Zenbait produktu kaleratu dira orain arte euskararako, baina ingelesarekin lortu denarekin konparatuta oso maila apalean gaude oraindik. Kaleratu diren zenbait produktu Eusko Jaurlaritzaren eskutik www.euskadi.net/euskara webgunean erabil daitezke. Lehen aipatutako SoftKat katalogoko Hizkuntza atalean 30 produkturen berri ematen da.

5) Corpus bilketa. Testu edo hizketa-grabaketa andana dituen bildumari corpus esaten diogu Linguistika Konputazionalean. Corpusak ezinbesteko lanabesak dira hizkuntzaren tratamendu automatikorako. Informazioaren gizartean, hizkuntza batek duen garrantzia neurtu nahi denean, aplikazioak garatzeko dituen baliabide linguistikoak aztertzen dira gaur egun. Errekurtso hauen artean, corpus handien garapena lehenetariko helburua izan ohi da. Hitzen erabilera kontsultatzeko tresna ezin hobeak dira hauek, hiztegien osagarriak. Adibide gisa aipa daiteke British National Corpus-a. Honek 4.000 testu zati ditu, eta denera 100 milioi hitz. Gurean, UZEIk egin eta Euskaltzaindiak eskaintzen duen XX. Mendeko Corpusean 5 milioi hitz bildu dira (www.euskaracorpusa.net); beraz, zer edo zer badaukagu baina eginkizun handia dugu oraindik.

6) Ondare digital publikoa gordetzeko eta hedatzeko modu egokiak ziurtatu behar dira. Horretarako, GNU Free Documentation License (GNU FDL, www.- gnu.org/copyleft/fdl.html) aztertu beharreko erreferentzia da. Herri-ondarea, jabetza publikoa, erabiltzeko eskubidea dugu herritarrok, eta hortaz, kultur edukien (eta baita corpus lin- guistikoen eta beste tresna batzuen) biltegi digital publikoak egiten badira, kontsultarako moduak eskaini zaizkigu herritarroi. Kopia librea, hala ere, babes batzuekin egin beharko litzateke. Batez ere, ondare digital horri eman nahi zaion erabilerari dagokionez. Babes horixe da, hain zuzen, GNU FDL lizentziak (edo antzeko mekanismo batek) eman lezakeena: laburbilduz, ondare digital publikoaren kopia egiten duenak, nahi bezala erabil dezake materiala, bere gisa eraldatu eta hornitu ere bai, betiere, sortzen dituen kopia eraldatuak ere lizentzia libre berberarekin banatzen baditu: ondare publikoa, era horretan, mu- rriztu barik, biderkatu egiten da, agente pribatuek (edo beste era batekoek) ondare digital publikoaren bertsio berriak sortuz gero, haiek ere, definizioz, ondare publiko izango direlako.

7) Euskaraz urrundik eta interneten bidez ikasteko aukera. Eusko Ikaskuntzak, UPV-EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak internet bidez eskaintzen dituzte egun zenbait ikastaro euskaraz eta erdaraz. Hala ere, egun dagoen eskaintza oso murritza da, ez dago loturarik haien artean, falta da etorkizunerako lana antolatzeko plana. Kataluniako UOC Unibertsitateak egindakoa aintzat har genezake horretan. UOC Unibertsitatea (Universitat Oberta de Catalunya, www.uoc.edu) urruneko irakaskuntza eskaintzen du katalanez, bai unibertsitate mailan bai etengabeko prestakuntza arloan ere. Katalanez ikasten duten 16.000 ikasle ditu munduko hainbat txokotan banatuta, eta 16 titulu homologatu ematen ditu. UOCen eskarmentuak frogatu du teknologia berriei esker urruneko irakaskuntzan ikasle gehiago biltzen direla, ikasgaiak modu pertsonalizatuan eta interaktiboan aurkez daitekeela eta ikasleak harreman naturalagoa lor dezakeela irakaslearekin eta ikaskideekin. Azpiegitura erraldoirik gabe ere irakaskuntza bide berriak zabaldu dituzte.

Ideia horiez guztiez gain beste batzuk ere badirela jakin badakigunez, espero dugu bilkura honetako partaideen iritzia eta ideia berriak azalduko direla; denen artean proiektu eta ekinbide berriak martxan jarri ahal izateko.


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia