euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskal amerikarrak eta euskal musika tristerik

02/11/2002

PUBLICIDAD

Pedro Juan Etchamendy hil da Kalifornian. Berak idatzi eta jo piezek alaitu eta euskaldundu izan dituzte urtetan bertako bazterrak. Orain joana da, ala menturaz hori ez da xuxen esaten ahal bera bezalako musikari baten kasuan...

Erialdi luzearen ondoren, joan den larunbatean hil da Kalifornian Pedro-Juan Etchamendy Ondarrolako arnegitarra. Gaztetan ameriketaratua, bizia eta familia Kalifornian finkatu eta hazi zituen, laurogeita zortzi urte zituela hil den euskaldun fier eta musikari fina zenak.

Berak jo eta idatzi aire eta musikek Euskal Herriko eta Kaliforniako bazterrak alaitu eta euskaldundu zituzten. Garazi aldean nork ez ditu oroituko harek akordeonan --eta gaztetan tronpetaz ere-- jotzen zituen fandangoak-eta, besteak beste Piarresteguy-ren orkestrarekin? Eta Kalifornian, zenbat eta zenbat euskal bestek ez ote diote berari zor musika euskaldunaren bozkario eta alaitasuna? Musika idazle eta jole izan zen Pedro Juan, eta bertsuak idaztea ere gogoko zeukan.

“Euskaldun sistema guztiak ene gustukoak izan dira, zenbait bertsu eta aire nihaurek konposatu ditut, nahiz eta jendeak ez dakien eneak direnik; badut eginik holako anitz, enetzat balio haundirik ez dutenak, baina bizkitartean jendeak kantatu eta dantzatzen ditu”, esan zigun duela urte batzuk. Eta hala zen: lan isila baina kontribuzio ederra izan zen berea. Horregatik behar bada, NABOk eta Ipar Ameriketako euskaldunek omenaldi berezia egin zioten San Franciscon 1994an, “Akordeolarien Biltzarra”ren baitan.

Pedro Juan, Mathilda Curutchet-ekin 1944an Euskal Herrian ezkondu eta 1950ean etorri zen Estatu Batuetara bizia ateratzera, Montanako Miles City-ra lehenik, eta ondoren Kaliforniako Chino aldera. Bere letxerian egin zuen lan osagarriak utzi zion arte, Pomonan eta Barstow-en, eta bertan hasi zuen familia. Musikazale handia, erretiratu zelarik ere musika lanetan segitu zuen. 1970eko hamarkadan txistua jotzen ikasi eta akordeon eta txistu irakasle ere izan zen, besteak beste NABOko udalekuko haurrekin. Nevada-Renoko Unibertsitateko euskal musika liburu baten proiektuan lan egin zuen eta anitz urtez izkiriatu ditu Chinoko piknikeko mezan irakurri eta kantatu diren bertsuak.

Joana da orain Pedro Juan. Ala ez. Partikularzki hura bezalako musikari baten kasuan ez da menturaz hori esaten ahal. Izan ere, gure memorian ezezik, Pedro Juan bizirik da bere aireak jotzen diren mementu guzietan. Eta anitz mementu dira horiek, Ameriketan eta Euskal Herrian urte guziz, hilabete guziz eta aste guziz gertatzen direnak. Goian bego Pedro Juan Etchamendy, eta gure doluminak bere ahaideei, bereziki seme-alaba Mathieu, Anna eta Mike-ri.

« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia