euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Estatu Batuetan bigarren aldiz egiten den Akordeonaren Bestak emango dio gaur hasiera Kaliforniako Bakersfield-en asteburu osoa iraungo duen euskal ospakizunari

28/05/2004

Bakersfield-eko euskal etxea (JE-Euskal Kultura argazkia)
Bakersfield-eko euskal etxea (JE-Euskal Kultura argazkia)

PUBLICIDAD

Salt Lake City-tik (Utah); Elkotik (Nevada); eta San Francisco, Chino, Fresno eta Bakersfield beretik (Kalifornia) heldu dira gaur arratsaldean soinujoleak Bakersfield-eko Euskal Etxearen egoitzara. Hamar bat akordeoilari eta trikitijole arituko dira Estatu Batuetan 'Akordeonaren Besta' izenpean antolatu den bigarren jaialdira; duela hamar urte San Franciscon eratu zen lehenengoa eta orain, Bakersfield-eko euskal etxea 60 urte betetzen ari dela, bertako euskaldunek plaza berezia eskaini nahi izan diete AEBetako geografiako hainbat herri eta tokietako euskal bilkurei doinua eta alegrantzia ipintzen dieten musikariei. Soinujole gehienak 30-40 urte artekoak dira eta guztiak Estatu Batuetan jaioak, erdia baino gehiago euskaradunak.
Joseba Etxarri/Bakersfield. Guztia prest dago Kaliforniako Bakersfield-en asteburu luzea iraungo duen euskal festa eta ospakizunari ekiteko. Estatu Batuetan jai da datorren astelehena, eta Bakersfield-etik urrun bizi diren hainbat euskaldunek ere honako planak egin dituzte. Izan ere, AEBetako euskal egutegiaren arabera, Los Angelesetik pare bat ordutara dagoen Kalifornia barnealdeko berrehunda berrogeita hamar bat mila biztanleko herri hau bilakatuko da gaur arratsaldetik aurrera eta asteburu osoan, aurtengo euskal ospakizun eta bilgune garrantzitsuena. Datozen hiru egunetan hemen egingo dira 'Akordeonaren Besta', NABOren (AEBetako euskal erakundeen federazioa) biltzar nagusia eta Bakersfield-en egoitza duen Kern County Basque Club-en (bertako euskal etxea) 60. urteurrenaren ospatzea.

Bakersfield-eko euskal etxeko Larry Errea lehendakariak eta Frank Iturriria lehendakariordeak EUSKAL KULTURAri adierazi diotenez, beha daude, ilusioz, urte betez lan egin ondoren, datozen ordu eta egunetan ikusiko baita euren lanaren emaitza. 'Azkarki aritu gara hau guztia prestatzen, eta milaka jende batzuk biltzea espero dugu, izan ere, ospakizun berezirik izan gabe ere, Bakersfield-ekoa baita hain segur Estatu Batuetan urtero egiten den euskal jaialdirik handiena', izan dira Kern County Basque Clubeko ardura daramaten jatorri nafarreko bi kaliforniarron hitzak.

Euskal Herriko larunbateko goizaldeko hiruak direnean --eta Kalifornian arratsaldeko seiak-- hasiko da ekitaldia, harrera-koktel batekin Bakersfieldeko euskal etxearen eraikinean. Ondoren afaria zerbitzatuko da, zazpiak aldean, eta segidan musika emanaldiari pasatuko zaio lekukoa.

Honako musikari euskal amerikarrak arituko dira soinujoile: Jean Flesher (Utah-ko Salt Lake City-tik etorria); Mercedes Mendive (Nevadako Elkotik); Kaliforniatik Idoya Salaburu Urruty, Jean-Louis Curutchet eta Christian Iribarren (San Franciscotik), Denise Duhart, Jenny Ysursa eta Johnny Ochandorena (Chinotik), Manuela Etchechury (Fresnotik) eta Elizabeth Salla, Jeanette Arriet eta Michelle Iturriria Bakersfield bertatik.

Biharko egunari dagokionez, goizeko zortzietan, NABO biltzarrari ekingo diote hortara etorritako ia berrogei euskal etxeetako bina ordezkariek. Biltzarraren egitekoen artean, NABOko presidente berria hautatzea izango dute eginbehar bildutakoek. San Franciscoko Pierro Etcharren-en ordea nork hartuko duen erabakiko da, beraz.

Biltzarrean, besteak beste, gonbidatu gisa egongo dira Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Josu Legarreta Jaurlaritzako Euskal Etxeekiko harremanetarako zuzendaria, Benan Oregi teknikaria eta Kinku Zinkunegi HABEko partaideak lagun. Izan ere, euskara ikasteko Boga programaren aurkezpena egingo dute NABO biltzarraren aurrean.

Larunbatean bertan, NABO biltzarraren tenore berean --goizeko zortzietan alegia-- Estatu Batuetako euskal etxeean arteko mus finala izango da, hau ere egun osoan zehar, eta bertatik aterako da Estatu Batuen bikote ordezkaria datorren urrian Mexikoko Acapulcon jokatu den txapelketarako. Arratsaldean, berriz, hiruetan, pilota partiden txanda heldu da, euskal etxeko kantxan. Euskal Herriko eta bertako pilotariak arituko dira. Bertakoak, Chino eta San Franciscoko taldeak izango dira, Bakersfield-eko Dalia gaztea ere tartean, eta Euskal Herritik propio ekarritako bi bikoteak Inazio eta Javier Errandonea, Karlos Armendariz eta Karmelo Ariznabarreta dira. Ondoren, zazpi t'erdietan, 'Gure Amentsa, 60etan Azkar Dago' (sic) izeneko festibala egingo da herriko Harvey Auditorium-ean, gau aldean, euskal etxean, berbena, Euskal Herritik iritsitako Migel Angel Agerralde donamariarraren esku egondo delarik.


Lotura osagarriak

Akordeonaren Besta
Bakersfield-eko Euskal Etxearen webgunean

Bakersfield-eko Kern County Basque Club
www.kcbasqueclub.com

NABO, Estatu Batuetako euskal elkarteen federazioa
www.basqueclubs.com


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia