euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

EHUk antolaturik, gaur hasiko da Gasteizen 'Euskaldunak eta euskal erakundeak atzerrian' gaiari bi egunez, eta gehienbat euskaraz, eutsiko dion Mintegia

06/05/2004

PUBLICIDAD

Euskal Herriko Unibertsitateko Ameriketako Historia Sailak antolaturik, gaur eta bihar gauzatuko da Gasteizen 'Euskal Herria Mugaz gaindi, euskaldunak eta euskal erakundeak atzerrian' izeneko Mintegia. Bi eguneko ekitaldiek Europa eta Ameriketatik etorritako hamalau gonbidatu eta beste hainbeste hitzaldi bilduko dituzte, irakasle eta ikerleak Gasteiz bertatik, Montevideo, Iruñea, Baiona, Napoles, Tucuman eta Tandil-etik heldu direlarik. Goizetako emanaldiak euskaraz izango dira --Euskal Herriko hizlarien kasuan, guztiak jardungo dira euskaraz-- eta arratsaldekoak erdaraz, Oscar Álvarez Gila antolakuntzako kideak adierazi digunez.
EUSKAL KULTURA. Mintegia gaur goizeko hamarretan zabalduko da eta ordu erdi beranduago ekingo zaio lehenengo hitzaldiari, berau Nafarroako Unibertsitateko Mikel Aranburu Zudairek eskainia 'Nafarrak Indietan ala Indietako nafarrak?' izenburupean. Segidan, Euskal Herriko Unibertsitateko Urko Apaolaza Avila mintzatuko da, 'Amerikarako emigranteen irudia Euskal Herriko prentsan' gaitzat harturik. Montevideoko Haize Hegoa elkarteko Juan Carlos Luzuriagak hartuko du ondotik berba, 'Uruguayko euskal erakundeak Gerla Zibilaren gurutzean' gaia jorratzeko. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Xabier Irujok, berriz, 'Agirreren gobernuaren ekintza kulturala atzerrian' izango du aztergai bere solasean, goizeko azkeneko hitzaldia Baionako Fakultateko Claude Mehats-ek burutuko duelarik, 'Frantsesak, eskualdunak edo Eskualdun-Frantsesak?' galderari erantzunez.

Arratsaldeko saioa lauetan hasiko da. Lehenengo hizlariak, Napoliko Istituto Orientaleko Matteo Manfredik, 'Argazkilaritza eta emigrazioaren irudia: egiaren isla ala propagandaren eraikuntza'ri buruz egingo du bere aurkezpena. Tandileko Unibertsitate argentinarretik etorritako Marcelino Iriani Zalakainek, ostera, 'Euskal etxeak Ameriketako euskaldunen erakunde bakarrak al dira? Euskal emigranteen sozializazio-guneak Argentinan (1880-1940)' hautatu du gaitzat eta erresuma bereko Tucuman-eko Unibertsitateko Alicia Ugartek 'Argentinarako euskal inmigrazioa gutuneria pribatuaren arabera. Adibide baren analisia'. Gaurko azkeneko elealdia Alberto Irigoyen Artetxe uruguayarraren eskutik heldu da, 'Aldizkako euskal argitarapenak Uruguayen' izenburu.

Bihar ostirala, berriz, Euskal Herriko Unibertsitateko Alberto Angulo Moralesek zabalduko du goiza, hamar t'erdietan hain zuzen, 'Erreinuaren bihotzean. Madrilgo euskal erakundeak XVIII-XIX mendeetan' gaiari eutsiz. Paueko Unibertsitatetik jina izanik egun EHun ari den Argitxu Camus Etchecopar, aldiz, 'Pariseko Eskual Etxea eta euskal nortasuna'z mintzatuko zaigu. EHUko Oscar Alvarez Gilak, 'Euskal hezkuntza ikastolak baino lehen: Ameriketako euskal ikastetxeak, egitasmoa eta errealitatearen artean' hartuko du aztergai. EHUko Eneko Sanz Goikoetxeak 'Ideologia eta gatazka Montevideoko euskal erakundeen eraketan (1911-1912)'. Eta Mintegiko amaitzeko solasaldia Josu Legarreta, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendariaren eskutik etorriko da, 'Euskadi bakarrik ezagutzen duenak ez du Euskadi ezagutzen' izenpean. Ondoren, 13:45 aldera, bukaera ekitaldiari ekingo zaio.

Mintegiaren batzorde antolatzailea Oscar Alvarez Gila eta Alberto Angulo Morales irakasleek osatzen dute, koordinazioari dagokionez, eta Matteo Manfredi eta Argitxu Camus Etchecopar ere batzordekide dira. Ekitaldiak EHUko Gasteizko Elurretako eraikinean egingo dira (liburutegia), Nieves Cano kalean.

Hitzaldien edukien laburpena

Antolatzaileek, Mintegiko hitzaldietako batzuen laburpenak pasatu dizkiote EUSKAL KULTURAri eta, interesgarriak direlakoan, segidan eskaintzen ditugu.

Juan Carlos LUZURIAGA (Haize Hegoa. Montevideo). Uruguayko euskal erakundeak Gerla Zibilaren bidegurutzean. XX. mendearen hasierako hamarkadetan, euskal etorkinak eta beren ondorengoak Uruguayen finkaturik zeuden. Espainiako Gerla Zibila pizten denean, euskaldunak batzen zituzten erakundean bilakaera ezin hobean zeuden. Hurbiltasuna dela eta, Uruguayko gizartean gerlak izugarrizko oihartzuna izan zuen. Euskal etxeetan ere, oso gertutik bizi ziren gerlako gorabeherak, alde batetik Euskal Herrian bertan gertatzen ari zenagatik, eta bestetik euskal etorkinak onartu zituen gizartean sortutako erreakzioengatik.

Xabier IRUJO (Nafarroako Unibertsitate Publikoa). Agirreren gobernuaren ekintza kulturala atzerrian (1938-1955). Lau izan ziren kultura arloan Jaurlaritzako helburu nagusiak, alegia, euskararen sustapenerako programaren garapena, nagusiki itzulpena suspertuz euskara osatuaren proiektua burutu; Euskal Herrian mende hasieratik euskal kultura zabaltzeko antolatu ziren Eusko Ikaskuntzen Biltzar Nagusiak erbestean ere ahalbidetu; euskal kultura arloko aldizkariak eta liburuak argitara ematea eta zabaltzea, bai eta amerikar prentsan euskal kulturaren inguruko artikuluak plazaratzea eta, azkenik, aurreko xedeak gauzatzeko eta kultura arloan Ameriketako herrialde ezberdinetan egiten zena koordinatzeko eta zentralizatzeko, Jaurlaritzako Kultur Etxea martxan jartzea. Xede politikoekin gertatutakoaren ildoan, erbestea luzatuz joan zen heinean 1938an Parisko Marçeau kaleko ordezkaritzan finkaturiko kultur ekintzako ildo nagusiak eraldatu behar izan zituen Jaurlaritzak.

Claude MEHATS (Baionako Fakultatea): Frantsesak, Eskualdunak edo Eskualdun-frantsesak. Hitzaldi huntan aipatu nahi dugu nola eta zergatik sortu ziren Amerikako euskal zentro batzuk (lagunarte gehienak heldu zirela Xiberuatik, Baxe-Nafarroatik eta Lapurditik) bi etsenpluekin, Buenos-Aireseko “Centro Vasco Frances”a eta San Franciscoko “Basque Club”a. Gero, aipatuko dugu nola bere ekintzekin eta bere lagunartearen, zentro horiek hautatu dituzte molde desberdinak bere nortasuna presentatzeko. Lan hori egiteko, bi zentro horiek artxiboak erabiliko ditugu, Buenos-Aires-eko Eskualduna egunkari zahar bat, bertsulariaren kantuak eta ahozko lekukotasunak.

Matteo MANFREDI (Istituto Universitario Orientale, Napoli): Argazkilaritza eta emigrazioaren irudia: egiaren islada ala propagandaren eraikuntza. Azken urteotan, historiografia europarrak migrazio mugimendu garaikideak ahalik eta modurik egituratuenean ikertzeko beharra azpimarratu du. Ildo honetan irudi fotografikoa nabarmendu daiteke, migrazio handien berrikustapen kritiko baten abiapuntu bezala. Izan ere, XIX. mendean fotografia Europan garatu zen fenomeno bat dugu, Ameriketarako emigrazioarekiko garaikidetasunean. Kronologiako “kointzidentzia” honek ez digu bakarrik argitzen euskal emigrazio garaikideen historian argazkilaritzak izan duen garrantzia; aldi berean, gure ponentzian izango dugun abiapuntuaren gainean kokatzen gaitu, zeren eta bertan erantzunak ematen ahaleginduko baitgara galdera honi: “argazkilaritza eta emigrazioaren irudia: egiaren islada ala propagandaren eraikuntza?”.

Marcelino IRIANI ZALAKAIN (Tandileko Unibertsitatea, Argentina): "Euskal etxeak Ameriketako euskaldunen erakunde bakarrak al dira? Euskal emigranteen sozializazio-guneak Argentinan (1880-1940)". Euskal inmigrante eta erakundeekin loturik dauden hainbat atali gainbegirada bat ematen badiogu, argiro ondorioztatzen da beraien jarrera ez zela estatikoa izan, eta esparru geografiko eta denboralaren arabera desberdintasunak erakusten dituela. Bigarren ondorio bezala ere esan dezakegu, zenbait euskaldunek –osatzen ari ziren herri berrietara zihoaztenak alegia– mota askotako erakundeetan parte hartu zutela, batzutan beste nazio batzuetako inmigranteek sortuetan, beste batzuetan bertoko biztanleek sortuetan, eta baita soziabilitate-gune etnikoetan ere. Onartuko dugu, une batez, Elkar Laguntzarako Elkarteak, Bankuak, Eskolak eta Biltokiak (euskal etxeak) Ameriketako euskal instituzio etniko bakarrak direla. Hau horrela bada, euskaldunak biltzen diren baina instituzionalizatu gabe gauden gainontzeko tokiei “sozializazio-guneak” deituko diegu. Baina, nola aplika ote diezaiokegu kontzeptu hau –zabal-zabala bada ere–, funtzio hauek guztiak betetzen zituen esparru bati: euskaldunek bertan dirua gorde, negozioen babesa jarri, ospitale eta tanatorio bezala erabili, eta helbide postal bezala erabili? Ez da berez instituzio bat, behintzat ikuspegi juridikoan ikusita, baina soziabilitate-gune baten kontzeptutik haruntzago doala argi dago. Espazio hauek, euskaldunen eskuetan zeuden dendak, tabernak eta hotelak ziren; eta toki askotan euskal etxeen agerpena atzeratu zuten.

Alberto IRIGOYEN ARTETXE (Eusko Ikaskuntza, Montevideo): Aldizkako euskal argitarapenak Uruguayen. 1877ko apirilean Montevideoko Laurac Bat aldizkaria argitaratzen hasi zenetik, “prentsa euskal amerikarra”ren historiaren hasieraz hitz egin dezakegu. Fenomeno hau La Habanan eta Buenos Airesen ere eman zen, eta 1876ko uztaileko 21ko Foruak deuseztatzeko legeak Ameriketako euskal diasporan sortu zituen eraginen testuinguruan ulertu behar dugu. Une honetatik, Montevideoko “Sociedad Protectora de la Inmigración Vascongada”ren bozeramailea zen Laurac Batez aparte, Uruguayko euskal kolektibitateak euskal etxe berriak sortaraziko zituen, eta hauen eskutik, aldizkari berriak ere jaioko ziren, esaterako El Centro Vascongado, izen bereko elkarteak sortua; Euskal Erria, izen bereko euskal etxearena; Euskaro Español, urte gutxitan Centro Euskaroren berriemalea; hauekin batera, San José de Mayo-ko “Euskaldunak Bat” euskal etxearen orria erantsi behar da, euskara hutsez argitaratzen omen zena, zeinaren alerik ez baitzaigu tamalez heldu. XX. mendearen hirugarren hamarkadan, euskal etxeetako zereginetatik kanpoko aldizkariak agertuko ziren, izaera politikokoak gainera: Euskal Ordua eta Solidaridad Eusko Americana. 1960an Euskal Erria aldizkariaren azken alea agertu zenetik, Uruguayko euskal prentsak beherakada isilera sartuko zen.

Alberto ANGULO MORALES (EHU): "Erreinuaren bihotzean. Madrileko euskal erakundeak XVIII-XIX mendeetan". Ohiko azalpen historikoek Euskal Herriko erakunde eta politikariek Aro Berriko garaian izandako arrakasta beraiek Madrilen bertan (Erreinuaren bihotzean) izan zuten eraginaren bitartez azaltzeko modukoa zela errepikatu dute. Kasu eginez, hitzaldi honetan nolakoak izan ziren Madrilgo euskaldunek erabilitako tresnak aztertu nahi dugu. Gehienbat, XVII. mendearen amaieratik antolatu egin zuten elkarte bati esker, Ignacio Deunaren Erret Anaidiari esker.

Argitxu CAMUS-ETCHECOPAR (Pabeko Unibertsitatea - EHU): "Pariseko Eskual Etxea eta euskal nortasuna". Pariseko Eskual Etxea eta euskal nortasuna; edo hobe erranik euskal nortasunak? Egia da, Pariseko Eskual Etxearen inguruan biltzean, kide bakoitzak bere euskal nortasuna errebindikatzen du. Baina nortasuna zer da? Seguruenik, kontzeptu egonkor eta uniforme baten aurkakoa; bere erreferentziak pluralak izaten ahal baitira (indibiduo bakoitzak “hautatuak” eta bere erreferentzi kontestuak ere etengabe bilakatzen baitira (bai Euskal Herrian bai Euskal Herritik kanpo). Ikusiko dugu beraz, gure garapenean, euskal nortasun horien bizitzeko manera Parisen, bai eta ere horien arteko harremanak Pariseko Euskaldunen bilgune inportantea den Pariseko Eskual Etxean.

Oscar ALVAREZ GILA (EHU): "Euskal hezkuntza ikastolak baino lehen: Ameriketako euskal ikastetxeak, egitasmoa eta errealitatearen artean". Euskal etxeen sailkapen bat egitean, erakunde hauek bete dituzten funtzioak kontutan hartzekoak dira. Besteak beste, hezkuntza ere Ameriketako euskal inmigranteen gogoan egon da aspalditik; honen ostean, dagoeneko XIX. mendean Ameriketan euskal ikastetxeak sortzeko lehen asmoak sortu ziren: hala ere, XX. mendera arte ez dira errealitate bihurtuko egitasmo hauek, oso aldaketa garrantzitsu batekin: hauen helburua ez da izango euskaldunen seme-alabei hezkuntza bat ematea, euskal hezkuntza bat baizik.

Eneko SANZ GOIKOETXEA (EHU): "Ideologia eta gatazka Montevideoko euskal erakundeen eraketan (1911-1912)". Lan honetan Uruguayko XX. mendeko lehendabiziko bi euskal etxeen sorrera deskribatzen da: Centro Euskaro eta Euskal Erria, biak Montevideon jaioak. Bi euskal etxe hauek elkarren kontra jaiotzen dira, arazo ideologiko larri bat dela eta: nortzuk sar zitezkeen euskal etxe hauetaka, euskaldun guztiak ala euskal-espainiarrak. Kontrako iritziak sostengatzen dituzten oinarri ideologikoak aztertzen dira, zera argitzeko asmoz: ea –baieztatu den bezala– gatazka honen atzean ikuspegi abertzalea ote zegoen.

Josu LEGARRETA (Eusko Jaurlaritza): "Euskadi bakarrik ezagutzen duenak ez du Euskadi ezagutzen". Herri bat lurralde fisikoak baino pertsonek osatzen badute, argi dago historian zehar Euskal Herriko biztanle ugari atzerrian kokatu eta bizi izan dena. Beraz garaia da Euskal Herriaren historia bere osotasunean aztertzeko eta idazteko.


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia