euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Bibolinerako egokituta, 'Gernikako arbola kantuak Sarasateri esker egin du munduaren itzulia', esan zuen atzo Baionan musikari nafarraren biografiagileak

19/03/2004

Pablo Sarasate bibolinjole iruindarra
Pablo Sarasate bibolinjole iruindarra

PUBLICIDAD

160 urte bete berri dira Pablo Sarasate bibolinjole iruindarra sortu zela eta karia hortarat hitzaldia eman zuen atzo Baionako Bonnat museoan musikari handiaren biografiagile den Alexander de la Cerda ikerlariak. Niccolo Paganiniren ondotik izan den bibolin jotzaile handiena legez aurkezten du lehenengo eta behin Sarasate (Iruñea, 1844-Miarritze, 1908) bere biografiagileak. Tokio, Paris edo New Yorken Euskal Herrian baino ezagunagoa izatea domaia dela esan ondoren, Gernikako Arbola kantuak Sarasateri eta bere lagun Gaiarreri esker egina duela munduko itzulia aipatu zuen, besteak beste, Berria egunkariak Nora Arbelbideren testuan biltzen duenez.
Nora Arbelbide/Berria. Alexandre de la Cerda musika klasiko zale amorratua da. Bere nahietako bat musika klasikoa eta bereziki Euskal Herrikoa ezagutaraztea eta maitaraztea da. Helburu horrekin eman zuen atzo arratsean Pablo de Sarasate artistaz mintzaldia (Baionako) Bonnat museoan.

Zergatik eman nahi izan duzu Pablo Sarasatez mintzaldia?

1844ko martxoaren 10ean Nafarroan sortu zen, orain dela justu 160 urte. Biolin jotzaile hau aro modernoko, hau da XIX. mendeko bigarren parteko lehen birtuosoa zela erran daiteke. Bada urteak mintzaldiak eskaintzen ditudala euskal konpositoreez. Gure kulturaren alor ezezagun bat da. Alta, euskal musika klasikoa tradizio luzekoa da. XV. mendetik aitzina, Arriaga, Peñaflorida, Arantzazuko organo eskola, eta Maurice Ravel arte. Gainera, euskal musikak konpositore andana batengan eragina ukan du. Euskal aztarna batzuk frangotan atzeman daitezke. Azkenetariko bat Nicolas Bacri konpositore garaikidea da. JosAnton Artzek idatzi olerki pare batean oinarriturik Isiltasunaren Ortzadarra kantata idatzi du.

Euskal musikaren aztarnak aipatzen dituzularik, zer erran nahi duzu?

Zortzikoak betidanik eztabaida frango piztu badu ere, euskal musikaren berezitasun ezagunetako bat da. Euskal Herria bere bihotzean eramaten ez duten horiek XIX. mendeko idealismoaren garaiaren asmakizun bat izan dela diote. Baina hori ez da egia. Sarasateren Euskal kapritxoa, adibidez, Donostiako hiru damatxo-n dago inspiraturik. Dena dela, euskal musikaren ezaugarriak ez dira zortziko horretara mugatzen.

Eta Pablo Sarasate horien artean?

Niccolo Paganiniren ondotik izan zen biolin jotzaile handiena da Sarasate. Horrez gain, anitz konposatu du. Artean, zortziko andana bat. Gernikako arbola biolinerako egokitu du, besteak beste. Nafarroako jotak ere landu ditu, baita opera ezagun zein Beethovenen obrak ere. Lehiaketa guzien programan sartua dute Sarasate. Damugarria da artista hau Tokio, Paris edo New Yorken hemen baino anitzez gehiago entzuna dela ikustea, euskal herritarra den arren. Karlistaldiek eragin handia ukan zuten bere gain. Euskal kapritxoa zatirako bere ahizpak idatzi zizkion hitzak arrunt Chaoren estilokoak dira. Bere ingurugiro guzia garai hartako Sabino Arana gisako euskaldun estilokoa zuen. Julian Gaiarre tenor kantariarekin aritzen zen. Garaiko bi musikari onenak lotuak ziren Gernikako Arbola kantuari. Kantuak munduko itzulia egina du Sarasateri eta Gaiarreri esker. Mundu guziko izen handiko operen taulagain orotan ematen zuten aire hori, elite, buru guzien aitzinean.


RAMON LAZKANO ETA XABIER LETEREN OBRA APIRILEAN ESTREINATUKO

Bestalde, eta honakoan ere gaurko Berriak dakarrenez, Ramon Lazkano musikariak eta Xabier Lete poetak Pagoarte elkartearen enkarguz sortutako Otoitz baten gisan organo eta baritonorako obra apirilaren 2an estreinatuko dute, Oiartzungo eliza nagusian, Fernando Latorre baritonoak eta Oscar Candendo organistak. Eliza horretarako Cavaille-Coll organorako beren-beregi enkargatu zien Pagoartek obra berria Lazkanori eta Leteri.

Hasierako asmoa obra berriaren estreinaldia iazko abenduaren 26an egitea zen, baina 'obrak eskatzen duen interpretazio maila altua' dela eta, atzeratzea erabaki zen.

Otoitz baten gisan obraren emanaldiaz gain, beste hiru atal izango ditu apirilaren 2ko kontzertuak: Arantzazuko Eskola-ri eskainitakoa; Oiartzungo organoaren obra bereziak izenekoa; eta Organo erromantikoa Frantzian.Pagoarterekin elkarlanean, Oarsoaldeko Hitza egunkariak gehigarri berezia kaleratuko du kontzertuaren egunean. Gehigarria egunkari horren 5.700 harpidedunen etxeetara banatuko dute.


(ikus jatorrizko artikuluak 2004-03-19ko Berrian, hemen eta hemen)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia