euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Bertsolariak AEBetan

01/06/2003

PUBLICIDAD

Joan den igandean itzuli ziren Renotik Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Joxerra Gartzia Euskal Ikasketen Departamenduak bertsolaritzari buruz antolatu zuen bi eguneko sinposioan parte hartu ondoren. Aurkeztu ziren txostenez, bizitako esperientziaz, eta azaroaren 3tik 8ra Donostian egingo diren bost eguneko jardunaldiei buruz mintzatu ginen Joxerra Gartziarekin.

Ekarri dute kontu ugari Renotik. Amerikar adituei gure bertsolarien bat-batekotasun mailak eragin dien liluraz, azaroko jardunaldietarako egin dituzten «hiru fitxajeez» eta beste hainbat gairi buruzko kontuak ditu ahotan Joxerra Gartziak, baina baita pasadizo xelebre eta gertakari barregarririk ere. Horien artean bat baino gehiago Jon Sarasuaren despisteei buruzkoak dira. Bi baizik ez ditugu aipatuko, bidaia aurrekoa eta bidaia ondorengoa. Lehen arazoa pasaportearekin izan zuen Sarasuak, Madrilera abiatu baino lehenxeago ohartu baitzen dokumentuari aspaldi bete zitzaiola epea. Mirariz, Madrilen konpondu zuen auzia. Eta bidaiaren buruan Hondarribira hegazkinez iritsi zelarik ohartu omen zen autoa argiak piztuta utzia zuela.

­Zer helbururekin joan zineten Renora? Herrialde hartan dauden bat-batekotasunari buruzko adituei bertsolaritzari buruz ingelesez argitaratu genuen liburua bidali, eta haien iritziak kontrastatu nahi genituen. Bi eguneko harreman hori izugarri aberasgarria izan da. Gure aldetik, liburu horretan dauden txostenen laburpenak irakurri genituen, eta bi bertsolariek ariketak egin zituzten bai ekitaldi akademikoen barruan, eta bai afalondoetan. Aditu horiek harriturik utzi zituzten. Esan behar da, Xabier Paia izan zela ingeleserako bat-bateko bertsoen itzulpenak egin zituena eta izugarrizko gaitasuna erakutsi zuela lan horretan. Ingelesez entzunda ere pieza oso ederrak ziren Andoniren bertso zenbaitek. Bertsolari aldizkarirako erreportaia egitera joan zen Xabier Paia, eta itzultzaile gisa izugarria dela erakutsi zigun.

­Zein izan ziren zuekin bildu ziren amerikar aditu horiek? Joseba Zulaika, Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Departamenduko zuzendaria, izan zen harremanak egin zituena. Baina egiteko horretan asko lagundu zion Samuel Armistead-ek. Ez du arlo horretan ekarri handirik egin, baina jendea bereganatzen oso ona da, eta esan daiteke berari esker antolatu dela sinposioa. Gaztelaniaren esparruan bat-batekotasunaz dagoen bibliografiaz mintzatu zen, eta alde horretatik dokumentu bezala balio handikoa da bere txostena. Ondoren John Foleyk irakurri zuen Comparative oral tradition izeneko txostena. Guk hemen martxan jarria dugun ikerketen bidetik edo oso gertutik dabil bera ere, eta ahozkotasunaren ikuspegi zabala eskaini zuen. Oso garbi ikusi genuen berak izan behar zuela azaroko jardunaldietara ekarri behar genuen hizlarietako bat, eta baietza eman zigun.

­Renon izan ziren adituetatik hiru etorriko direla esan nahi al duzu?. John Foley, James Fernandez eta Linda White gonbidatu ditugu, interesgarrienak iruditu zitzaizkigulako. John Foley etortzea oso garrantzitsua da, arlo horretan itzal eta izen izugarriko ikertzailea delako. Dena den, bat-batekotasunari buruzko ikuspegi teoriko oso aberatsa duen arren, ez zuen gureak duen mailako bat-batekotasunik ezagutzen. Willian Christianek, esate baterako, Kantabriako bertsoen berri eman zuen Occasions for Improvised Verse in the Moutains of Cantabria izeneko txostenean, eta hor bat-batean aritzen direnak ezteietan eta ospakizun handietan paper punta batean idatzi eta kantatzen dutenak dira, nire parekoak gehienez ere edo hemengo Santa Ageda eskean aldez aurretik prestatuta kantatzen direnen parekoak. Horiek ziren aditu gehienek ezagutzen zituztenak, eta bidali genien liburuaren bidez eta gero han bertan Andonik eta Jonek kantatuak entzutean harriturik geratu ziren. John Foleyk bere webgunean euskal bertsolaritzari buruzko erreferentzia bat jarrri nahi zuela esan zigun. Kontuan izan behar da ahozko bat-batekotasunaren inguruan generoen sailkapen oso eginak dituztela amerikar unibertsitatean, eta sailkapen horien baitan gurea ezartzeak mesede ederra egingo liguke.

­Konta iezaiguzu gainetik bada ere bi egun horietan irakurri ziren txostenen berri. Maximiano Trapero kanariarra gaztelaniako bat-batekotasunaz eta James T. Monroe arabiarrekoaz ez oso txosten deskriptiboak egin zituzten. James Fernandez, jatorri asturiarra duen ikertzaile amerikarrak, gizarte modernoan bat-batekotasunak zer egiteko duen erakutsi zuen antopologia ikuspegitik eta hori ere Euskal Herrira ekarri behar genuela erabaki genuen. John Zemkek Foleyren bidetik ibili zen ahozkotasunean testuak eta testuinguruak duten garrantzia arakatzen. Hitzaldiaren ondoren ordubete egin nuen berarekin berriketan. Izugarri interesgarria izan zen. Ahozkotasuna konplejizatu egin behar dela ikusten genuen, betidanik egin den idatzia-ahozkoaren arteko bereizketa gaindituz. Nik Israel J. Katzen hitzal-dia ere nabarmenduko nuke, doinuen transkribapenaz guztiz gauza interesgarriak eta berriak esan baitzituen. Bertso doinuak transkribatzeko formula berriak eskaintzean, guk geuk lehendik genituen intuizio zenbait berretsi zituen. Bigarren egunean Gorka Aulestia (Antonio Zavala ez zen joan), Kepa Fernandez de Larrinoa eta Linda White mintzatu ziren, Joseba Zulaika ondoren eta gu hirurok. Josebak letratu eta letragabeen arteko mundu ikuspegi bereziak deskribatu zituen bere eta bere aitaren arteko harremanean oinarrituz. Bi mundu horien arteko zubitzat jo zituen bertsoak. Oso hitzaldi bitxia eta interesgarria izan zen. Sarasuak bere txostenean oso ondo laburbildu zuen auzitan zegoen kontu bat, Andoniren bertsoek lotura gehiago zutela esan baitzuen Eminemekin edo Woddy Allenekin bertso tradizionalarekin baino.

­Hiru amerikar etorriko direla esan duzu Ahozko Inprobisazioa Munduan jardunaldietara. Zer egitarau izango dute jardunaldi horiek? Bost eguneko jardunaldiak izango dira. Goizetan Miramarren txostenak, komunikazioak eta mahainguruak izango dira, eta arratsaldetan Lugaritzen bertsolariak eta bat-batean aritzen diren kanpotarrak elkarrekin arituko dira. Donostian aritzen ez direnak Euskal Herrian ibiliko dira kantuan bertsolariekin. Txostengileen artean AEBetatik etorriko diren hiru horiez gain Joseba Zulaika, Alexis Diaz Pimenta kubatarra, Andoni Egaña eta ni izango gara, eta mahainguruetan jende gehiago. Amaierako makrojaialdia Euskaldunan egingo da.

(artikulu hau Garan agertua da 2003-06-01ean)


Lotura osagarriak

(Renoko ihardunaldietako argazkiak Nevadako Unibertsitateko web gunean)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia