euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Alberto Barandiaran kazetariak Argentinako diktadura garaiko desagerketei buruz idatzitako 'Ez dugu ahaztuko' liburua, internetez argitaratua

05/02/2004

Liburuaren azala (Susa, 1998)
Liburuaren azala (Susa, 1998)

PUBLICIDAD

Maiatza Plazako amak, Jon Pirmin Arozarena, Garin anaiak, Andres Armendariz, Celia Lopez Ugalde, Tello Biskaiart anaiak, Salvador Arestin, Hogei urte beranduago, eta Errepresore zenbait dira Alberto Barandiaran kazetari nafarrak 1998an Susa argitaletxearekin argitara emandako liburuak biltzen dituen atalburuetako batzuk. Aste honetatik aurrera, liburu osoa internetez irakur daiteke eta horrekin irakurle euskaldunak militarrenpeko Argentinan gertatutako pasadizo izugarrietako batzuk lehen pertsonan eta izen-deiturez --izen-deitura euskaldunez-- ezagutu ahal izango ditu.
EUSKAL KULTURA. Alberto Barandiaran-en 'Ez ditugu ahaztuko' liburua eman du argitara interneten Susa argitaletxeak. Militarrenpeko Argentinak pairatu zuen errepresio, bahiketa eta torturen mundua aurkezten digu liburuak, egoera hura nozitu zuten protagonistetako batzuen lehenengo pertsonako lekukotasunak eskainiz. Izan ere, desagertutakoen artean argentinar euskaldunak ere bazeuden, eta horiei --euren familien lekukotasunei-- eskaintzen die Barandiaranek hitza liburuko orrialdeetan. Istorio gogorrak dira, tartean Jon Pirmin Arozarena, Garin anaiak, Andres Armendariz, Celia Lopez Ugalde, Claudio Acha, Tello Biskaiart anaiak eta Salvador Arestin-enak.

Europatik sarritan nekez uler daitekeen egoera lazgarriaren koordenadak aurkezten saiatzen da Barandiaran, paperezko edizioan Susaren 'Kronika' sailean argitaratu zuen lan honetan. Errepresioa jasandako argentinar euskaldunen hitza medio --testigantza ez euskaldunen bat ere eskaintzen du, baina guztiak dira pareko-- egoera orokorra eta nazioak bizi izan zuen garai bortitz haren/honen argazkia osatzen digu, bere gordinean gaurdaino iristen dena, oraindik ere euren senideak atetik ager daitezkeen itxaropena erabat galdu ez duten ama, haurride eta hurkoak baitaude.

Azkeneko atal batean, eta argazki osoa agertzearren, torturatzaileen artean ere euskal jatorri eta deituradunak bazeudela nabarmentzen digu egileak, militar horietako batzuen izen-deiturak ere libururatuz, horien artean Alfredo Ignacio Astiz fragata-tenientea, Miguel Osvaldo Etchecolatz komisario nagusia, Albano Jorge Harguindeguy jenerala, Arturo Jauregui jenerala, Luis Maria Mendia almirantea, Juan Bautista Sasiain jenerala, Horacio Zaratiegui, Guillermo Arguedas eta Hugo Eguillor kapitainak...


Esteka osagarriak

Liburuaren bertsio elektronikoa
'Ez zaigu ahaztuko'

Susaren web gune orokorra
www.susa-literatura.com

Alberto Barandiaranen beste liburu batzuk
'Gaizkileen faktoria', 'Ez zaigu ahaztu', 'Pasionaria'


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia