euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Burdinbide Frantsesak (SNCF) ateak itxi dizkie demoei eta euskalgintzako ordezkariei; Demoek mutxiko txapelketa eratu dute Baionako geltokian SNCFren jarrera salatzeko (Berrian)

19/06/2005

PUBLICIDAD

Aitor Renteria/Baiona. Behin eta berriz ikusitako film txar baten itxura hartu du SNCF tren konpainiaren eta euskaltzaleen arteko borrokak. Euskalgintzako eta herri mugimenduetako kideek euskal hiztunentzako gutxieneko eskubideak bermatzea eskatzen dute batetik; SNCFk ezezkoa berresten die bestetik. Atzo arratsaldean 200 euskaltzale bildu ziren Baionako geltokian eta arratsalde osoa mutxikoan dantzatzen pasatu zuten, euskararen aldeko borrokan segituko dutela adierazteko.

Alta, hasi aitzin dantzaldiari bukaera emateko parada ukan zuen SNCFk. Izan ere, euskalgintzako zenbait eragilek ordezkaritza bat osatu zuten, demoei babesa eman eta SNCFko zuzendariarekin solastatzeko. Azken horrek, ordea, geltokiko ateak itxi zizkien. Gexan Alfaro euskaltzale ezaguna ordezkaritza horretan zen. «Frantziako Administrazioak ohiko jarrera erakutsi digu, mespretxua, euskararen aldeko aldarrikapenei ateak itxiz berriz ere». SNCFko zuzendariak ez zuen onartu solastatzea. «Demoen bidez euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzea eskatzen dugu soilik».

Demoek Kontseiluaren babesa eskatu zuten atzoko elkarretaratzerako eta horren karietara Joxe Jabier Iñigo Kontseiluko Plangintzaburua han izan zen. «Euskal Herri osoan babestu behar dira euskaldunen hizkuntza eskubideak», esan zuen. Bai Euskarari ziurtagiriaren bidez Kontseiluak gutxieneko eskubide horiek herriz herri betetzeko parada garatzen duela nabarmendu zuen. «Horregatik laguntza ematen diegu demoei eta hizkuntza eskubideak aldarrikatzeagatik isunak eta zapalkuntza pairatzen duten euskaltzaleei».

Ateak itxita eta polizia lerroa sarrera guztietan. Hori izan zen demoen bilkura eskariak SNCFrengandik jaso duen erantzuna. Jarrera hori dela eta, kezkati agertu zen Jakes Bortairu Euskal Konfederazioko idazkaria. «Estatuak erabaki beharko du zer egin nahi duen Euskal Herrian euskararekin». SNCFren jokabideari errespetu gutxikoa deritzo eta joan den astean Euskal Konfederazioak egin galdera berretsi zuen Bortairuk.

«Frantziak deliberatu beharko du politika aldatu eta euskarari baliabide eta lege babesa ematen dion edo mespretxuaren eta zapalkuntzaren bidetik segitu nahi duen». Polizia ugari zegoen geltokiko sarrerak ixteko. Geltokiko hainbat sarrera hesiz inguratuta daude berrikuntza lanak egiteko, baina segurtasuna bermatzeko, horien gibelean ere Polizia zegoen. Tren geltokitik hurbil, baina jendearen bistan ez dauden kaleetan ere polizia ugari zeuden.

Mutxikoen txanda. Eskubide berak guztiontzat zioen banderola zintzilikatu zuten demoek arratsalde hastapenean geltokiko harreragunetik. Polizia lerroen artean pasatuz, SNCFko Baionako zuzendaria harreragunera atera eta banderola kendu zuen, euskaltzaleen gaitzespen orroak eraginez.

«Bertzeek dituzten eskubide berak ukan arte euskaltzaleek borrokan segituko dugula erakusteko, mutxiko maratoia egingo diogu SNCFko zuzendariari», adierazi zuen Gorka Torre demoak. Patxi Perez dantzaria prest zegoen urratsak kantatzeko, txirula eskuan. Hala ere, Ipar Euskal Herriko dantza zaletasuna ezagututa, mutxiko txapelketa SNCFko zuzendarien egoskorkeria baino luzeagoa dela sinetsita, demoek sagarno upel bat eta ur botilak eraman zituzten geltokira. Dena prest zelarik, errepidea urtzeko indarra zeukan eguzkipean dantzari ekin zioten, arratsaldea burutu arte.

SNCFk ez du onartu Herve Thepault demoari ezarri dion abantzu 11.000 euroko isuna kentzea. Demoen protesta bakoitzari auzitegietara joaz ihardesten dio eta, gainera, ez du erakusten elkarrizketarako jarrerarik. «Frantses eledun batek frantsesezko zerbitzua erabil dezake, baina ez da euskaldunei zuzendutako euskarazko zerbitzurik, eta hori eskatzeagatik zigortzen gaituzte», erran zien Torrek geltokian bildutakoei.

SNCFk seinaleak aldatzeak eragingo lukeen kostua aipatu du euskara ez onartzeko arrazoien artean. Alta, orain egiten ari diren zaharberritze lanetarako abantzu bi milioi euro baliatu beharko dituzte. «Sosik ez dutela diotelarik gezurretan ari dira», azpimarratu zuen Torrek. «Berriz ere argi gelditu da SNCFko zuzendarien jarrera, mespretxua».

(2005-06-19an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia